Zarauzko EH Bilduk oharra argitaratu du eraikin publikoen garbiketa zerbitzuaren inguruan.
"Zarauzko Udalaren jabetzako lokalak, eraikinak eta bide publikoko elementuak garbitzeko zerbitzua kontratatzeko pleguak gelditzea lortu du horretan ari diren langileen presioak eta EH Bilduren salaketak. Espero dugu Udal Gobernuak murrizketen bidean atzera egin eta aurretik sinatutako akordioak eta langile guztien eskubideak errespetatzea.
EH Bilduk batzordean ohartarazi zion EAJri pleguetan murrizketa handiak ezarri zituela eta ez zitzaigun kasurik egin. Udalbatzarrean ere adierazi genion EAJri, kalkulu guztiak zehatz-mehatz azaldu genizkion, zenbakitan, eta Jesus Arana bozeramaileak gure kudeaketaren aurka egiteko baliatu zuten bere hitzartea.
Orain, langileek pleguak ezagutzeko aukera izan dutenean eta, ezarritako murrizketak ikusita, beste greba baten aurrean egon zitezkeela konturatu direnean, kontratazio prozesuan bertan behera uztea erabaki du EAJk. Pleguetako eranskinetan udal gobernuak erabakitako irizpideak ez zirela islatzen argudiatu dute. Baina hori EAJk bazekien bai batzordera joan aurretik eta baita udalbatzarrera joan aurretik ere. Zertara dator orain bertan behera uzte hori? Zergatik ez zituzten pleguak berrikusi, batzordean horixe eskatu zitzaienean? Noiztik egiaztatzen dira pleguak, onartu ondoren?
Kexu azaldu da EAJ hedabideetan, EH Bilduk "horrelako gai sentsible baten erabilera politikoa" egin duela esanez. Gogorarazi nahi dugu plegu horiei ezezko bozka eman ondoren eta aurretik batzordean murrizketez ohartarazi ondoren egin dugula salaketa publikoa. Badirudi, ordea, udaletxe barruan oposizioari kasurik ez egiten ohitu den Udal Gobernuari hedabideetan ageri denak baino ez diola axola.
Gogorarazi behar dugu EAJk garbitzeko azalera gehiago eta horretarako ordu gutxiago jasotzen dituela orain atzera bota dituen plegu horietan. 2014ko kontratazioarekin alderatuz, garbitzeko azalera gehiago izango da (1.000 metro koadro inguru gehiago) eta pleguetan 2.8000 orduko murrizketa ezartzen da (ia bi langilek urte osoan lan egiten duten ordu kopurua). Zarauzko haurrek eta adineko jendeak egunero erabiltzen dituzten eraikinetan eragin zuzena dute murriztutako orduek:
- Orokieta: %16,75eko murrizketa
- Orokieta berria: %16ko murrizketa
- Helduentzako Hezkuntza HHE: %33ko murrizketa
- Udaberri: %7,5eko murrizketa
- Udal euskaltegia: %28ko murrizketa
- Haurreskola: %11ko murrizketa
- Haurreskola berria: %14ko murrizketa
- Gaztelekua: %19ko murrizketa
Bestelako udal eraikin garrantzitsuenetan ere badira murrizketak, adibidez:
- Gizarte Zerbitzuak: %25eko murrizketak
- Etxezabala: %20,75eko murrizketa
- Udaletxea: %33,7ko murrizketa"