Telmo Irureta Puntuka: 'Desio biluztuak'

Urola Kostako Hitza 2017ko api. 6a, 10:12

Martxoaren 25ean jakin nuen zeri buruzkoa izango zen nire hurrengo artikulua. Hau, apirilekoa. Momentu hartan sentitzen nuenari buruz idatzi nahi nuen. Mireia muxu batekin emeki agurtu berri eta Bilbotik Zumaiara nindoala txofer eta guzti. Momentu hartan, Madonna nintzen, baina berriro halako kontzerturik emango duen zalantzan jartzen duen Madonna. Hurrengo egunean limusina bila joango ez zaiola dakien Madonna. Banekien zer kontatu; ez, ordea, nola. Nola kontatzen da hitzez bihotzak bere mututasunetik esan dizuna? Pozak bere besoetan goxo kulunkatzen ninduen bitartean heldu zidan eskua penak hotz. Nola kontatzen da? Hona hemen saiakera: Sortze-ariketa polita eskaini zien Loraldia festibalak Garbi Losada, Jokin Oregi, Fernando Bernues eta Mireia Gabilondori: Strip-Tease izeneko ikuskizun baten barruan, gaiarekin lotutako antzerki-pieza labur bana. Lau zuzendariek askatasun osoz eta nahi bezala landu dute striptease-a. Gabilondok ni izan nau bidelagun. Biok idatzi dugu Zutaz blai, eta ondotxo daki nire teklatuan sakatu dudan letra bakoitza blaitu dudala emakume txiki handi hau ezagutu izanaren plazeraz. "Earra haiz, Mireyi!". Esan niola uste dut, baina orain isilean errepikatuko dut. Testu honetan. Irakur dezan. Gorde eta sinetsi dezan. Mari Errauskinen istorioko maitagarria bezala delako bera niretzat. Kalabazak karroza eta saguak zaldi bihurtzeko gai. Filmeko emakume ilezuri hura datorkit gogora. Makilatxo magikoa doinu bizi baten erritmoan zuen astintzen, eta «bibidi babidi bu» ahoskatzen. Horrela ziren arazoak konpontzen. Eta horrela zion oparitu soineko berri bat. Oso dotorea. Ametsa Mari Errauskinentzat. "Earra haiz, Mireyi!". Zurekin ere amets hitza ondo doakio errealitateari. Baina esnatzeko ordua zen. Martxoak 25. Eta ez nituen begiak ireki nahi. Arriagan geratu nahi nuen. Bai, antzokian. Edo etxera bueltatu, baina itzultzekotan. Martxoak 25. Larunbata. Eta bukatu zen, baina bi egunetan desio biluztuak eta biluztearen desioak taularatu genituen. Emaitza ona, hori diote behintzat kritikek. Zoragarria izan da Loraldian parte hartzea. Zoragarria oholtza gainean nire heteronimoekin aritzea. Heteronimoak, nire beste niak. Pertsonaia bakarra eta lau aktore gara. «Four become one», eta hirurak nituen nire esanetara. Haritz Morras, Oskitz Gorrotxategi eta Eneko Balerdi. Asko gustatzen zait biluzten laguntzeko nola altxatzen nauen lehenak gurpil-aulkitik. Eta nola biluzten den hirugarrena begiradarekin laztantzen nauela. Bigarrenak tronpeta jotzen du. Eta xirri egiten dit. Asko gustatzen zait. Atsegin ditut nire beste niak. Baina eszenatokitik jaistean ere eszenatokian bezain nireak nahi nituzkeela gogorarazten dit antzerkiaren magiak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide