Has gaitezen asuntoaren bertsio ofizialarekin. Zenbakiak daude oinarrian, eta kenketa izeneko eragiketa matematiko bat; nere kasuan, hauxe: 2017 – 1962 = 55. Orduan, 55 "urte dauzkat" edo 55 "urtekoa naiz" martxoaren 8az geroztik, inork jakin nahi balu.
Adinaren ipuin honetan, zenbakiek esanahi bat daukate: "X urtekoa" izanik, jakintzat emana dago bizian X horri dagokiona egin behar duzula edo dezakezula, eta besterik ez. (Honen kritika egiten hasiak daude bazterretan: sexismoaren edo arrazakeriaren kontra bezala, ingelesez ageism edo euskaraz adinkeria deitzen zaionaren salaketa abiatua dago.) X zenbaki hori daramagu itsatsia den-denok; horrekin markatzen gaitu Artzain Haundiak, eta esan beharra dago hau oso gauza berria dela gizakiaren historian: boterearen eta administrazioaren garapen haundi xamarra behar da giza-artalde osoaren jaiotzako egun zehatzak kontrolatuak edukitzeko. Ez botereak eta ez norberak jakin izan du oraintsu arte zenbaki zehatz hori; gauza berria, beraz, eta mundu osora zabaldu gabea, zorionez.
Ni neu, ofizialki, 55 urteko gizon bat izango nintzateke giza-ganaduaren sailkapen ofizialean, eta hain dira gauza tristeak eta itsusiak izate horrek iradokitzen dituenak, non ez baitut jakiten erdi-ezagunen aurrean egia esan behar dudan edo ez. Arazoak bi dira: batetik, esandako tristura eta itsuskeria hori, zeren "55 urteko gizona" (bere adin ofizialarekin sinistuta dagoenagatik ari naiz; hau da: ia denengatik) ez da fidatzekoa ia sekula; ez da ez ona, ez natula, ez argia eta ez garbia; tontoharrotua edo ziniko bihurtua egon ohi da aspalditik, eta bizipoza eta jolasgura galduak izan ohi ditu, bai pertsonalki eta bai politikoki.
Baina beste arazoa da potoloena: adin kontuan, ustez egia diogularik ere, gezurra diogu ia beti. Hona zergatik: pertsonaren adina edo urte-zenbakia, urtebeterekin, egia-antzekoa izan daiteke, baina hortik aurrera beti gezurra da. Pertsonak, urtebetetik aurrera, ez dauka adin bat eta X urte, baizik-eta X adin. Bi urteko umearen baitan daude urtebetekoa eta bi urtekoa; 55 urtekoaren baitan daude urtebetekoa, 2koa, 3koa..., 53koa, 54koa eta 55koa. Gure barruko umea ez dela sekula hiltzen esan ohi da, baina ez da hori bakarrik: ditugun adin guztiak dira gure barruan bizirik edo erdi-bizirik segitzen dutenak, eta ez dago psikologo edo psikoanalista izan beharrik hori sentipentsatzera iristeko. Gehiago: gure baitako adin horiek ez daukate pisu edo antzinatasun bera, eta horrela urtebetekoak neregan daramatza 54 urte edo ia 20.000 egun; 25 urtekoak nere barruan daramatza ia 11.000 egun, eta 55 urtekoak nerekin daramatza... 22 egun juxtu! Gauzak behar den eran erakutsi ezkero, edozein jabetzen da (eta ez psikojakintsuak bakarrik) zerk duen benetako pisua edo garrantzia pertsonaren izatean. Gertatzen dena da, urteak edo adinak ugaldu ahala, gero-eta "jende gehiago" dagoela pertsonaren barrunbean, eta adin askotako jendearen anabasa edo asanblada bilakatzen dela norberaren barrua. Eta denei egin behar zaiela kaso, eta ez dela beti gauza errexa; hobeto esanda: ez dela gauza errexa... ia behinere!
Joan den martxoaren 8az geroztik, 55 "urte dauzkat", eta ez dut sinisten. 55 urteko pertsonaje hori nigan 22 egun daramatzan etorri-berri edo turista bat besterik ez da, eta nola sinistuko dut ba hori dela bete-betean nere izatea? Eta hau ez zait orain gertatu aurrenekoz; orain garbi-garbi sentitzen dut, eta oroitzen naiz, ofizialki 8 urte neuzkanean ere ez nintzela "8 urtekoa" sentitzen besterik gabe, eta beste adin ofizial guztietan ere orobat izan dela. Eta 8 urtekoaren adibidea ekarri dut, orduko oroitzapen bat biziberritu zaidalako hau idazterakoan: aspaldiko argazkia da, ni agertzen naiz lepoa luxa-luxa eginda, eta atzean amaren eskuz idatzia dago Iñaki a los 8 años. Bo, ba oraintxe datorkit gogora eta bihotzera zeinen arrotz egin zitzaidan orduan zenbaki hura.
Adin bat edukitzearen ipuin horrekin gezur haundi bat sartu digute. Boterearen eta kontrolaren garapenak zenbaki bat itsatsi digu arimaren zolan, eta itxitura horretantxe penatzen gara.
Adin bat edukitzea adinkeria da.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide