Telmo Irureta Puntuka: "Konpainian"

Urola Kostako Hitza 2017ko mar. 9a, 10:16

"Krax, krax, krax", entzuten da bizarra moztean. Sagarrari hozka txikiak egitean bezala, "krax, krax, krax", eta alboan irudikatzen zaitut zuhaitzetako gorrienak biltzen. Irudimenak nahi duzun tokira eraman zaitzake, Doraemonen ate magikoaren antzera. Ni lehen hodeietara joaten nintzen. Eta neuk sortutako lurraldeetara. Kolore guztietako lorez betetako zelaiak, sirenen lakuak, hamar bat zentimetroko neska hegodunak… Orain ez, orain sagarrak biltzearekin konformatzen naiz. Erlaxatzeko balio dit. Polita da. Eta izarrei begiratzea baino originalagoa. Ohikoa izarrena. Arruntegia. Izarrei begira dagoenak originala izateko, izarrei begiratzeaz gain, beste zerbait egin behar du. Polboroi-ogitartekoa jan, pailazoz jantzita dantzatu aurreskua, gona eskoziar bati ikurrina josi, idazlan bati bertan kontatutakoarekin zerikusirik ez duen izenburua jarri, CD berean grabatu Britney Spearsen abestiak eta Txomin Artolarenak, sudurrarekin jo pianoa… Konplikatu xamarra izarrei begiratzea pianoa sudurrarekin jotzen ari bazara, ezta? Pianorik ez nire belarrietan. Gitarra jotzen du MP3an preso dagoen Elvis ñimiñoak. "I’m her ideal, her heart’s desire, under that ice she’s burning like fire" (elkarrekin kantatzen ditugu gogoratzen ditudan zatitxoak). Paperean sartu naiz eta bat-batean nire begiradarik erakargarrienarekin egin dut topo denda bateko erakusleihoan. Beherapenak. Baina letrak handiegiak dira eta elkarren ondoan jarritako bi karteletan banatu dute hitza. BEHERA PENAK. Ongi esana, bai jauna! Behera penak eta gora bihotzak! "The lady loves me, but she doesn’t know it yet". Ilun dago Donostia. Hotz. Eguzkiaren argia piztu dit barruan musikak. Ezin itzal nazake eguraldiak. Euri-tantak motxilan. Euri-tantak txanoan eta txano azpitik irteten diren ileetan. Euri-tantak erlojuan. Aitonarena zen. Attitte Joxe Marirena. Beti daramat nirekin eta, noan lekura noala, attitte ere nirekin doala diote orratzek. Tik tak bakoitza attitteren keinu bat da. Begiarekin tik tak. Harro dago nitaz eta energia positiboa bidaltzen dit une oro. Tik tak tik tak tik tak… Bakoitzean egiten badu keinua, taka ez dakit, baina tika geldituko zaio. Goxoki gorde nuen gizon hura memorian. Eta hemen jarraitzen du goxo. Attitte. Ederki pasatzen genuen txisteak kontatzen. Hondartzan. Erdi etzanda, erdi eserita, etzaulkian botata (hamakan normal hitz egiten dugunontzat). Txisteei zenbakiak jartzen genizkien. Horrela gero zenbakiak esatea nahikoa zen algaraka hasteko. "Hiru!". Eta hirugarren txistea gogoratzearekin batera ateratzen zitzaigun barrea. Oso azkoitiarra zen, baina ez zuen itsasoak beldurtzen. Urrutira joaten zen igerian. Futbola gustatzen zitzaion, baina Realarekin sufritu egiten zuen. Eta telebistan baino nahiago zituen partidak irratian. Juanolen kaxa txiki gorria datorkit burura. Egongelako mahaitxo baten gainean. Lupa bat ere bazuen han. Gadget inspektorearen biloba ote naiz? Lerdokerien zerrendara azken esaldi hau. Berriro begiratu dut erlojua. Zumaiara doan trenik ez da orain. 21:00. Hogei minutuko itxaronaldia tokatzen zait. Tik tak tik tak, 21:00. Bederatzigarren txistea? Auskalo! Hogei minutu. Hogei minutu konpainia ezin hobean. Ilun dago Donostia. Hotz. Nirekin attitte, Elvis, izarrak eta zu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide