Gauzak betirako izango balira bezala hezten gaituzte. Betirako iraungo balute bezala. Amaierarik gabeak balira. Hilezkorrak garela ere sinestera iritsi gintezke….
Oso txikia nintzela nire lehenengo ikasketa iritxi zitzaidan. Momentu horretararte ezagutzen nituen pertsonak, gauzak, erak, zaratak, usainak, jatekoak... amaitu zirenean.
Nire mundua zena amaitu egin zen, eta beste toki batetara, beste pertsona batzuengana, beste usain batzuetara egokitu behar izan nuen.
Une horretan zerbait apurtu zen nire barruan, baina gizarteak hala zehazten duelako eta bizitza azken finean horixe delako; aurrera jarraitu nuen eta ez nuen jakin izan, txikiegia nintzelako, agian, apurtu berri zitzaidan hori zaintzen. Amaitu zen mundu horri toki bat egiten. Ez nion bukaera hari begietara begiratu.
Gauzak amaitu egiten dira. Uneak. Pertsonak. Egoerak. Gauza onak zein txarrak amaitu egiten dira. Eta ziklo horretan jarraitzen dugu etenik gabe bizitzen, azken arnasa iritsi arte.
Hori horrela izanik, zein gutxi dakigun amaierari buruz, ezta?
Amaiera horren kontra borrokatzen gara, bere izaera ala dela jakin arren, ezin dugu ulertu aurreko borroka hori bezain garrantzitsua dela ondorengo zaintza. Hautsi denaren zaintza.
Leun jaso beharko genituzke izan denaren apurrak, lurretik jaso, eskuetan izan, hausnartzeko tarte bat hartu, pusketak laztandu eta, gero, behar duten hileta eman.
Posible al da irakurle, gizarte frenetiko honetan... norberaren ahultasunak besteengan ikusteak beldurra ematen digun gizarte honetan, hausnarketa horretarako tartea hartzea?
Askotan gertatu izan zait aurrean zerbait apurtu zaion pertsona bat izatea, eta une horretako bere tristurak beldurra ematea. Nire mamu guztiak dantzan jarriko balira bezala. Aurrekoa nire ispilu. Amaitu diren eta agurtu ez ditudan gauza guztiak bat-batean berpiztuko balira bezala. Zombi. Ongi lurperatu gabe jaikitzen dira eta agurtzen naute.
Hemen gaude... zure puskak.
Bizitzan gauzak apurtzen dira. Apurtzea ez da zerbait txarra. Ez da saihestu dezakezun zerbait. Heriotza bezain erreala da. Bizitza bera bezain ederra. Gauzak amaitzen dira, eta listo.
Beraz, zaindu ezazu apurtu zaizun hori, osorik zegoenean bezain garrantzitsuak izaten jarraitzen dute aurrean dituzun puskak.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide