Telmo Irureta Puntuka: 'Eragiok'

Urola Kostako Hitza 2017ko ots. 9a, 09:51

1994koa da hainbeste gustatzen zaidan Harriketarren filma (Filma Picapiedra, jajaja). Zineman ikusi nuen lehenengoz eta luzeegia iruditu zitzaidan. Aspergarria. Txikiegia nintzelako zenbait gauza ulertzeko. Garatzeke zegoelako umore prehistorikoa nigan. Orain nire pelikula gustukoenetakoa da. Gustukoena, agian. Ez dakit, hortxe-hortxe dabil, lehian aspalditik Sonrisas y lágrimasekin. Badakidana marrazkietako pertsonaiak hezur-haragizko bihurtu zituen makilatxo magikoak ezin hobeto funtzionatu zuela da. Lan bikaina egin zuen. Baina, zoritxarrez, jende askok ez du horrela ikusten. «Zoritxarrez» diot ez delako soilik beste iritzi bat. «Zoritxarrez» diot irakurri ditudan kritiketan gure mundu honen usteltasuna gelditzen baita agerian. Lodiegia omen da Rosie O’Donnell Betty Atxurdin izateko. Lodiegia. Eta horretan fijatzen gara aktore on baten interpretazio gaitasunak lotsagabeki zapaltzen ditugun bitartean. Beno, egia esan, ez dakit Rosie O’Donnell aktore ona den (ez dut pantaila handian haren beste lanik ikusi, telebistan eta aurkezle/elkarrizketatzaile moduan bakarrik dut dastatu emakume hau Harri Arotik at), baina Harriketarren fan garenoi oparitu digun Betty hori oso da benetakoa. Ba ez. Lirainegia omen da marrazkietakoa lesbiana marimatxo baten esku uzteko. Lesbiana? Ze zerikusi dauka horrek?! Txikiegia ote naiz oraindik zenbait gauza ulertzeko? Politegia omen da Hanna-Barberak sortutako pertsonaia, sexiegia. Mutil askorentzat mito erotiko izandakoa. Eta ezer ez da berdin pelikulan Super Rosie agertu zitzaigunetik. "Eskerrak gero beste film bat grabatu zuten!", esango dute batzuek. Eta ez gutxik. Ez baitira gutxi itxura fisikoari gehiegizko garrantzia ematen diotenak. Itxura fisikoan bakarrik zentratzen direnak. Los Picapiedra en Viva Rock Vegas 2000ko apirilean estreinatu zen oker ez banago, eta orduan piztuko ziren sei urte lehenago desilusioak zikindutako haien fantasiak. Jane Krakowskik beste Betty bat oparitu digu. Argalagoa. Baina txolinagoa. Indarra falta zaio nire ustez. Eta ez da hain sinesgarria. Baina "hot" dela diote, "ésta sí es follable". Ze pena! Hori da baloratzen dena. Gure kanpai-jotzeak alaituko dizkiguten aktoreak nahi ditugu. Onak direnak baino gehiago interesatzen zaizkigu onak daudenak. Baina espero al dezakegu berez ezer onik hain azalekoa den gizarte honengandik? Bihotza laztantzen digun horri baino errazago irekitzen dizkiogu ateak hankatartea puzten digunari. Eragiok ba, mutil, aurreko danbolinari. Eta utzi kritikatzeari. Oraindik buruarekin pentsatzen duenik badela pentsatu gura dut nik. Kexatu al da inor bigarren pelikula horretan Pablok duen lookarengatik? Aída telesaileko Luisma baino tontoagoa da gainera. Askoz dut nahiago Rick Moranisek egin zuen papera (1994). Pablo Atxurdin originala ez da tontoa. Eta Jane Krakowski... ona da ala ona dago? Agian ez bata eta ez bestea. Follableagoa iruditzen zait niri Dino.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide