Goiko bizilagunen haurrak entzuten ditut txirula jotzen. Eskolan, musikako klasean, emandako ariketa errepikatzen dute behin eta berriz. Zeinen kuriosoak diren haurrei erakusteko ditugun metodoak. Ni neu musikaria izanik, ez dakit zer ekarpen egin dezakeen txikitan txirula hori ikasteak, ezta abesti horiek errepikatzeak ere.
Ostiral batzuetan eskolako haurrekin egiten dut topo Kultur Etxean. Antzerkiko klaseak ematera etortzen dira eskolatik. Ikusten dut nola inguratzen zaien antzerki mundua, eta, ni aktore izanik, nire buruari galdetzen diot zer ekarpen egin dezakeen interpretazioaren tratamendu horrek haurren bizitzetan.
Gauza bat oso-oso argi utzi nahi dut idatzi honetan. Hau ez da irakasleei egiten diedan kritika. Ezagutzen ditut eta badakit maitasunez eta ahal duten bezala erakusten dituztela ikasgai horiek. Nire familiako ia emakume guztiak irakasleak dira; ama ere irakaslea dut, eta barren-barrenetik errespetatzen dut lanbide zail eta ahaztu hori. Ez, hau ez da beraiei zuzenduriko kritika.
Hau gure gizarteak—eta, gure esaten dudanean, Euskal Herriari eta Estatu Espainiarrari buruz ari naiz—, kultura jorratzen duten ikasgaiei ematen dien garrantzia kritikatzeko idatzia da.
Musika eta interpretazioaz hitz egin dut, baina ez dut gorputz espresioa edo dantza ahaztu nahi. Kirola lantzen dugu gure eskoletan... baina zer gertatzen da gorputz adierazpenarekin? Dantzarekin?
Guztiok gaude matematikaren misterioak ezagutzera behartuak... eta txirula ez den instrumentu bat jotzera zergatik ez? Edo olerki bat askatasunez esan ahal izatera? Edo dantza egitera?
Nik esango dizut irakurle. Azken gauza horiek ez direlako garrantzitsuak zure garapen pertsonalerako. Ez dizutela gero zure bizitzan ezertarako balioko...
Ze pena.
Kulturara, artera, ohikoak ez diren beste lan mota batzuetara inguratzea gizarte honetan, pribilegio bat da. Gutxi batzuek egin dezaketen gauza bat. Normalean, eskolako orduez kanpo egin beharrekoa.
Zuk ordaindu behar duzu ikasketa pribatu hori. Espezializatu hori. Zuk ireki bidea horren lan tresna ona den mundu bati.
Haur baten burmuina, instrumentu bat jotzen ikasten jartzen denean bi bider garatzen dela badakizu irakurle? Interpretazioa lantzen den eskoletan —Estatu Espainiarretik kanpoko beste guztietan—, haurrek beraien buruaren ezagutza handiagoa dutela? Gorputz adierazpena jorratzen dutenen artean elkarrenganako errespetua areagotzen dela?
Arrazoi duzu, buru azkar bat izatea, zure buruarekiko konfiantza eta besteenganako errespetua ez dira bizitzan gero behar izango dituzun lan tresnak.
Pribilegiatu bat naiz, nire gurasoek guzti horri garrantzia eman ziotelako eta ordaindu ahal izan zituztelako nik eskolatik kanpo egiten nituen ikasketak. Baina ez da justua beste batzuek hori ezin egin ahal izatea.
Niri arteak beste begi batzuk eman zizkidan, ilunpetan ikusi ahal duten begiak, barruko begiak. Pentsamendu kritikoa eman zidan. Askatasuna eman zidan. Nire burua ulertzeko era bat izan zen. Ahotsa eman zidan.
Ni zein naizen jakiten laguntzen dit egunero.
Honek ez luke pribilegio bat izan behar, honek eskubide bat izan beharko
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide