Facebooka ireki eta aita baten eskuetan bere seme hila ikusi dut nire etxeko sofa zurian etzanda nengoela. Jendea ikusi dut zikin, etxerik gabe, suntsitutako hiri batean galduta. Beraien mezuak entzun ditut eta urrutira bonben hotsak.
Nola ulertu gertatzen ari dena?
Gogoratzen dut behin nire lagun alemaniar batekin hizketan ari nintzela kontzentrazio esparruen inguruan galdetu nion eguna. Ulertezina egiten zitzaidala esan nion. Nola zen posible hori etxe ondoan gertatu eta inork ezer ez egitea? Jendeak ez zekien ezer gertatzen ari zen hari buruz?
Nik badakit bai zer gertatzen ari den Sirian, nire telefono mugikorrean ikus dezaket. Ikus ditzaket Afrikako haurren aurpegiak gosez hiltzen. Oporretara joaten naizen hondartzetako uretan itotzen diren pertsonen bideoak esku-eskura ditut.
Eta orduan… nola ulertu gertatzen ari dena?
Batzutan pentsatzen dut lokartzen gaituen zerbait sartu digutela barruan. Geldi-geldirik gure etxeetan behin eta berriz hori guztia ikusten dugun bitartean, lasai mantentzen gaituen zerbait.
Baina hori beste norbaiti errua botatzea litzateke eta ez da kasua. Ni naiz geldirik dagoena, hori guztia gertatzen ari den bitartean.
Facebooka ireki eta aita baten eskuetan bere seme hila ikusi dut nire etxeko sofa zurian etzanda nengoela. Jendea ikusi dut zikin, etxerik gabe apurtutako hiri batean galduta. Beraien mezuak entzun ditut eta urrutira bonben hotsak. Bitartean Gabon gaueko afarian pentsatzen dut, eta ea aurten zerbait eramateko denbora izango dudan galdetzen diot nire buruari. Lagun ezkutuko oparia erosi gabe dudala pentsatzen dut eta horrek urduri jartzen nau.
Ze gertatzen zait?
Zeinen sinestezina den gure burua, izakiaren burua. Zer gaitasun dugun aurrera jarraitzeko. Gurea dena defenditzeko eta listo. Herri honetan asko borrokatu dugu, badakigu zer den zerbaitegatik borrokatzea, eta hala ere gurea denean bakarrik mugitzen gara. Gurea denean bakarrik haserretzen.
Zer da egin dezakedana? Ez dakit ondo irakurle. Galdurik nago, noraezean. Ez dakit benetan zer den egin dezakedana. Ez dakit nola jarrai dezakedan normal bizitzen hau guztia jakinda. Normala da gertatzen zaidana irakurle? Normala da axolagabekeria hau? Horrelakoa da gizakia?
Lagun alemaniarrari deitu diot. Nire gogoeta eta gero, egun hartan hitz egin genuenaren inguruan mintzatu natzaio. Esan diot behin ere ez nuela ulertu alemaniarrek jenozidio hori aurrean izanda hartutako paper pasiboa, gaur arte.
Nire sofa zurian lo hartu dut.
Alemania nazian nengoela amestu dut. Nire bizilagunak entzun ditut hormaren ondoan, garrasika. Gabon gaua da. Afari goxoz betea dut mahaia. Momentu batean ixilik geratzen gara ondokoen mina entzuten dugun bitartean. Paralizatuta. Anestesiatuta.
Ondoko gelan ez da dagoeneko ezer entzuten. Eta guk afari oparoa gure ahoetara eramaten dugu. Ardo goxoa eztarritik behera gorputza berotzen sentitzen dugu.
Gurearekin jarraitzen dugu. Aurrera.
Telefonoak jo du, esnatu naiz. A da. Ea aurten zerbait prestatzeko denborarik izango ote dudan.
"Kaka zaharra, oraindik lagun ezkutuaren oparia egin gabe daukat". Hori pentsatu dut eta horrek urduri jarri
nau.
Din dan don gabonak gabon.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide