Aitor Gorrotxategi EAJren udal taldearen bozeramaileak adierazi du "hirian etxebizitzekin eta industria-garapenekin gune berriak hartu aurretik, lehendik ditugun guneak biziberritu eta horiei balioa eman behar diegu". Alde horretatik, azpimarratu du Plangintza Orokorra hartu behar dela eta Soreasu auzoko etxebizitza-eremu guztia eraberritzeko lehenengo urratsak ematen hasi behar dela. "Ongi baino hobeto dakigu era horretako jardun batek zailtasun handiak dakartzala, ibaiaren eta mendiaren artean kokatua dagoen auzo batean, harrobi bat ondoan duela, lan egiten hasteko. Urteak beharko ditugu, baina Udalak ezin du jarraitu besoak gurutzatuta. Ezer ez egitea ez da konponbidea".
Horrez gain, bozeramaile jeltzaleak azpimarratu du lehentasuna duela Landetako industriagunea berriro antolatzeak. "Garapenaren urteetatik hirigintza arloan jarduerarik egin ez den eremu bat da, eta krisiaren ondoren sektore publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlan irmoa eskatzen du, Landeta berri bat egiteko. Hasi hutsik dauden pabilioiekin zer egin zehaztetik, eta aparkalekuak eta beste hainbat azpiegitura berri planteatzera artean, etorkizunean etor daitezkeen enpresen ezarpen berrien beharrei erantzuteko”. Ekimen hau aurrera eramateko Gorrotxategik planteatzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak industria arlorako dituzten sustapen ekonomikorako programak kontuan izan eta haiez baliatzea. “Baina lehenengo urratsa, irmotasun osoz, udal gobernu taldeak eman behar du".
Ildo horretatik, azpimarratu du "Azpeitiak zer izan behar duen erantzungo duen lan-tresna" direla aurrekontuak. "Krisiaren ondoren pobretuagoa dagoen udalerri batetik abiatzen gara. Gure etxebizitzek katastroaren arabera duten balioa %4 jaitsi da batez beste, eta industria-balioa, berriz, %15. Badugu aho batez onartu genuen Plangintza Estrategiko bat. Idatzia dago eta betetzen hasi behar da, eta udalaren aurrekontuen helburua industria-jarduera berreskuratzea bultzatzea izan behar du, bizitzeko eta elkarrekin bizitzeko herri bat izan dadin Azpeitia".