Telmo PUNTUKA: 'Kontu hoyek'

Urola Kostako Hitza 2016ko abe. 8a, 10:38

"2005-2006. Ikasturte hartako bi argazki aurkitu ditut oroitzapenen kutxan..." Pozik kontatu nuen urrian lan berri bat nuela. Barruan daramadan pedagogoa ateratzeko aukera bikaina suertatu zitzaidala. Nire eginbeharra DBHko ikasle batzuei etxekolanekin laguntzea zela. Irakasle bat behar zuten Zumaiako institutuan eta nitaz gogoratu ziren. Ekiñeren ahoan gomendio bihurtu nintzen. Badakit ez zitzaiela denei gustatu lan horretarako niri deitzearen ideia, baina azkenean inklusioaren aldeko apustuak irabazi zuen aurreiritzien kontra. Nire %92ko minusbaliotasunak ez nau hezitzaile kaxkarragoa egiten. Minus? Plus bat dela esango nuke nik. Gelara gurpildun aulkian sartzearekin bakarrik eskolako liburuekin ikasten ez den zerbait irakasten dut. Pozik kontatu nuen azaroan lana utzi berri nuela. Pazientzia badudala, baina tontoa ez naizela. Baditudala kasurik egiten ez didaten bederatzi umemoko agoantatzea baino plan hobeak. Eta eskerrak eman nahi dizkiet Antton, Josune, Beñat eta Xabiri. Eskerrak nirekin hain ondo portatzeagatik. Lan-talde majoa osatzen dute, eta orain Liderekin hobeto joango zaie. Lidek aterako du (behar izanez gero) niri falta zaidan malaletxea. Eskerrak baita ere Ekiñeri. "Atiak ixteko erabakiya ezta errexa izaten ta zuk ttaka, hartu dezu kon dos huevines. Aupa Telmo! Ni beti zurekin" idatzi zidan banindoala jakin zuenean. Batxilergoko lehenengo mailan bakarrik izan ginen ikaskideak. Baina txikitatik eta urtetan nirekin egon diren horiekin ez dudan lotura bat daukat berarekin. Beste batzuekin bizi edo sentitutakoa galdu edo hoztu egiten den bezalaxe indartzen da hamasei genituela hasi zen hura denborarekin. 2005-2006. Ikasturte hartako bi argazki aurkitu ditut oroitzapenen kutxan. Irribarretsu gaude batean, serio bestean. Granoak eta logura ikus daitezke gure aurpegietan. Ez ziren garai onenak, baina badira ahaztuko ez ditudan momentuak. Barreak, kontuak eta kantuak (Itziarren semea eta Cruz de navajas aipagarrienak, jajaja). Txiste txar eta sekretutxoak. Ligeen gaiaren inguruko espero ez nuen galdera bat bota zidan egun batean. Eta nik, esan nahi nituenak ahoskatzeko ausardiarik gabe, mezu elektroniko batean kontatuko niola erantzun nion. Berak ere ez zuen espero posta elektronikoz aitortu nuen hura, eta oraindik gordeta daukadan mezu bat bidali zidan. "Etzitzaiten iñoiz burutik pasako hori! Ta nolatan ba mutil batekin? Arrarua ite zait! Eztakit, nike mutil batekin in nun baña nuse! Ze muzko esperientziya izantzan? Ona? Zeñek zeñi? Bueno, hori pixkat intimua da. Zu normal zeunden? Eo eranda? Nik ustet igual pasa zitzaizula kuriosidadia ze izango ote zian kontu hoyek, nei hola pasa zitzaiten behintzat! Barkau baña oso fuertia iruitze zait! Alare eztizut ezer komentauko klasen». Horixe uste dut eskatu niola, klasean ezer ez komentatzeko. Ez nengoen prest horri buruz aurrez aurre hitz egiteko. Ez dakit lotsa ematen zidan, baina deseroso sentiarazten ninduen. Orain ezberdin bizi dugu dena eta atzo sekretu zirenak anekdota dira gaur. Ea laster elkartzerik dugun, my darling. Hartuko nuke coca-cola bat zure kontura. Sekula sekretu izan ez dena: asko maite zaitudala. Lagunak izarrak bezala direla irakurri nuen behin. Izarrak bezala. Beti ikusten ez dituzun arren, badakizulako hor daudela. Polita, baina ñoñoegia iruditu zitzaidan esaldia. Guztiz ados nago hala ere, pilak gastatzen ez zaizkion dildoa da gure artekoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide