Iñaki Segurola PUNTUKA: 'Baratzea zer den'

Urola Kostako Hitza 2016ko abe. 1a, 10:14

Zibilizazioak ekarri dituen okerretako bat da edertasun eta dotorezia bat asmatzea ikustekoa dena, baina ez ukitzekoa. Gorputzekin gertatzen da, artearekin gertatzen da... eta lurrarekin berarekin gertatzen da, eta horixe astintzera gatoz gaur. Har dezagun, beraz, lurra, eta etxe-inguruko lur-puska, adibidez. Bietako bat dago: edo da apaingarri eta edergarria eta ez da ukitzen, edo ukitzen eta erabiltzen da baina orduan ez da apain-edergarritzat hartzen; azkenengo honi deitzen zaio baratzea gaur, eta besteari, berriz, jardiña esaten diogu edo, euskara txurian, lore-baratzea, lorategia eta hola. Hau hola izan al da beti?, eta batik bat: hola behar al du derrigor? Ba badirudi mundu zibilizatuan hasi garela bereizketa hori urratzen. Oraintsu erabaki du Parisko udalak hiri horretako edozein lur-puska libre dela erabiltzea edozer landatzeko: lorea bezalaxe porrua edo azenarioa. "Berdegune" kontzeptu aldrebes hori hautsi eta ama lurrak bere gorria ere erakutsi ahalko du Parisko hirian; ama horrek bere gorputza ukitzen eta komeni bezala erabiltzen utziko digu, voyeurismo edo ikusmirantetza antzuaren kartzelatik irtenda. Gauzak nola ziren hemen lehenago? Ba gauzak ziren behar bezalakoak, baina Frantziatik eta Espainiatik bueltan, asuntoa egin zen nahastu eta aldrebestu. (Honek aldarri super-abertzalea dirudi, baina ez da.) Hona nola izan zen gauza: baratze hitzak adierazten zuen berez —oso gerora arte— edozein belarki landatzen zen lur-eremua, bereizi gabe belarki horiek jatekoak ziren, apaingarri hutsak ziren edo biak batera ziren; frantsesez ere jardin gauza bera da bere soilean, jatekorik eta apaintzekorik bereizten ez duen hitza, baina gertatu zen jardin hitz hori, berez frantsesezkoa zelarik, españolak hartu zuela, eta españolaren barruan adiera apaingarri hutsarekin erabili dela. Hurrengo pausoa: jardin hitza euskarara sartu zen adiera españolarekin, eta baratze hitzari bultza egin eta, ondorioz, baratze gelditu zen gaur daukan esanahi murritzarekin: alderdi apaingarria kendu eta jateko barazki hutsen lur-puska izendatzera mugatu zen. Hitzei buruzko azalpentxo honetatik ateratzen dena da: zorrozki bereiztea zer den janaria sortzeko eremua eta zer den apaingarri hutsa, erdara baten eta erdara horrek adierazten duen mundu baten inposaketa besterik ez dela. Horrezaz gain, laguntzen digu jabetzen ez dela munduan ezer ederragorik eta earragorik eskuzabalki ikusten eta ukitzen uzten diguna baino, aldi berean apaingarri eta erabilgarri dena baino, izan dadin lur bat edo zernahi. Estetika guztien kontra, edertasun kanonikoen kontra, jendeak beti sentitu izan du zer den benetako ermosurie; eta baratzeaz ari garen ezkero, gogoratu beharko da jendeak baratzeko jeneroaren ugaritasun, kolore eta bizitasunari begira esaten duela bereziki Au ermosurie!, eta ez paisajista baten lan kreatiboari begira. Esanda bezala, Paristik dator aldaketa ona eta, gure kasuari begira, gauzak lehen ziren bezala izatera eta inposaketa eta bereizketa aldrebestik gabeko egoerara bihurtzea. Gure herrietan ere ez dugu esango ezer egin ez denik zentzu horretan, baina oso gauza apurra da: berdegunearen eta jardiñaren ideia txar horrekin eten eta modua egin beharra dago lur-eremutxo guztietan benetako ermosurie libreki lantzeko; hau da: dena baratze bihurtzeko, begiratu gabe baratze horretako jeneroa jateko modukoa den, ikusteko modukoa den edo biak batera den. Eta honela, bidenabar, egingo duguna da praktikan oroitaraztea zer zen berez euskarazko baratzea eta zen izan litekeen atzera berriz gaur bertan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide