Amancay Gaztañaga puntuka: 'Doan'

Urola Kostako Hitza 2016ko urr. 27a, 10:59

"Zoriontsua naiz egiten dudanarekin. Maite dut nire lana..." (Hitza) Egiten dudan lana gustuko dut. Aktorea naiz, baita musikaria ere, eta egiten dudan lana maite dut. Gustura joaten naiz lanera. Eszenatoki baten gainera igotzen naizenean edo aktore bezala grabaketetan nabilenean gozatu egiten dut. Zoriontsua naiz egiten dudanarekin. Maite dut nire lana. Zer lan egin nahiko nukeen galdetuko bazenidake, egiten dudan hauxe egin nahiko nukeela erantzungo nizuke. Jakin behar duzuna da irakurle, nik egiten dudan lanean batzuetan ez dela kobratzen... edo hori da Aisgek argitaratu duen txostenean azaltzen dena. Aktore, musikari, dantzari izatea oso dibertigarria omen da, eta, gure lana maite dugunez, ez omen da beharrezkoa trukean dirurik jasotzea. Hau da, nik nire lana doan egin behar dudala. Beharbada, zuri nire lana ez zaizu serioa iruditzen, eta, noski, nire lana maite dudanez eta lanera gustura joaten naizenez, beharbada bidezkoa irudituko zaizu nik lana egiteagatik ez kobratzea edota oso gutxi kobratzea, ia ezer ere ez. Kulturak bizi duen egoera tamalgarriaz hitz egiten ari naiz azkenaldian... eta, barkatu irakurle behin eta berriz berdinaz ari naizela iruditzen bazaizu. Baina kulturaren eta kultura egiten dugunon egoera tamalgarria da. Batzuetan egiten dudan lanak zentzurik ba ote duen galdetzen diot nire buruari... Zentzurik ba ote du futbolari profesional batek dirutza hori irabaztea? Eta dantzari profesional batek ez? Euskal aktore eta dantzari profesional asko ez omen dira urtean 3.000 euro irabaztera iristen. Hori da Aisgeren txostenean agertzen den datuetako bat. Eta hala ere aktoreek eta dantzariek lanean jarraitzen dugu/dute. Ez dakit zuri zure lanean gertatu zaizun inoiz, baina nirean askotan gertatu izan zaidan gauza bat da honako hau: "Amancay, etorriko zinateke grabaketa bat egitera bihar? Ez dugu dirurik, baina, gaia oso interesgarria da, ekipo ona izango dugu, eta, beharbada, gero horrek beste zerbait handiago batetara eraman ahal izango gaitu. Lan orduak hamar edo hamabi izango dira. Bai, badakit, bihar eguraldi txarra dago, baina justu hori da behar duguna. Bai, zu soineko batekin agertuko zara, bai, laku izoztu batean bai. Barruan. Bai, badakit bihar elurra eman dutela, bai. Perfektua izango da. Soinekoa zuk ekarri, bai? Oso ondo orduan, bihar arte!". Batzuetan egiten dudan lanak zentzurik ba ote duen galdetzen diot nire buruari... Baina orduan bihotzak erantzuten dit, gorputzak erantzuten dit... BAI. Eta BAI horrek ematen dit jarraitzeko indarra. Bizitza bitxi eta batzuetan absurdo honetan aukeratu dudan bide hau zeharkatzeko indarra. Laster hasiko dira Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak eta bertara gerturatuko zarete zuetariko asko. Obra ezberdinez gozatu ahal izango duzue. Artista ezberdinak pasatuko dira eszenatokitik. Jakin horietako askok, ia gehienak, ez direla urtean 10.000 euro irabaztera iritsiko. Askok lan hori doan egingo dutela, "por amor al arte" esan ohi dena. Maitasuna edo gorrotoa, ez dakit zer maitatzen dugulako jarraitzen dugun/dudan lan gogor eta zoragarri honetan, baina datuak datu hortxe bizirik irauten dugu artistok. Aurreko urtean, Azpeitiko Antzerki Topaketetan telefono mugikorra itzali ez zuen emakumeari oda bat idatzi nion tarte honetan.... Aurten zuen telefonoak itzalita izan ditzazuen eskatu nahi dizuet... Kobratzen ez dugun arren, behintzat gure LANA errespetatua izan dadin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide