"Kontuak atera ditut eta taupada horiek guztiak gastatuak ditut..." (Hitza)
Ezagutzen ez dugunaren berri izateko eragiketak egiteari deitzen diogu kalkulatzea. Normalean, ezagutzen ez dugun hori zenbaki baten bidez adieraz daitekenez, zenbatzen ari garela esan genezake. Oinarri oinarrian, kalkulatzea kontatzea da, edo kontuak egitea. Erromatarrek harri txikiak (hartxintxarrak) erabiltzen zituzten kontu horiek egiteko eta latinez hartxintxarraren izena
calculus denez, hortik gure kalkulu eta kalkulatu ere.
Kontatzea baino harago joaten da, ordea, kalkulatzea. XVII. mendeko jendeek, batez ere garai hartako apaiz eta erlijio-gizonek, sekulako garrantzia ematen zioten jakiteari Jainkoak noiz sortu zuen mundua.
Kalkulu zehatzak egin ondoren, Irlandako Eliza Erreformatutako James Ussher artzapezpikuak inolako zalantzarik gabe finkatu zuen noiz izan zen munduaren (lurraren) sorrera: Kristo aurreko 4004. urtean, urriaren 22an, arratsaldeko seiak aldera. Era berean, kalkulatu zuen urte bereko azaroaren 10ean (astelehena) bidali zituztela Adan eta Eba Edeneko Lorategitik (hiru aste eskas egin zituzten gizagaixoek paradisu hartan), eta Kristo aurreko 2348. urtean geratu zela Noeren ontzia Ararat mendiaren gainean.
Biblian idatzia Jainkoaren hitz gisa bere-berean hartzen dutenek datorren larunbatean (urriaren 22a) ospa dezakete gure Lur zahar eta gaixotuaren sei mila eta hogeigarren urtebetetzea.
Ordutik hainbat urte igarota ere, gizakiak ez du kalkulatzeko grina galdu; are gehiago, lehen baino handiagoa duela esan genezake. Gaur egungo fisikoek Irlandako artzapezpikuak adinako grina dute kalkulatzeko noiz izan zen gure Unibertsoa sortu zuen Big Bang-a. Zenbakiak egin dituzte eta 13,799 ± 0,021 . 109 urte omen ditu unibertsoak, hau da, 13.820.000.000 urte eta 13.778.000.000 urte bitartean, oraingo datuen arabera, beti alda baitaitezke zertxobait zenbaki horiek, neurketa zehatzagoak direla bitarteko. Zerbait aldatu, baina ez gehiegi, diotenez.
Ez pentsa, ordea, fisikoak eta astronomoak bakarrik direla kalkulatzen aritzen direnak; zoologoek ere egiten dituzten beren kalkuluak. Esate baterako, konturatu dira metabolismo azkarra duten animaliak denbora laburrago bizi direla (punky samarrak direla, alegia, azkar bizi eta gorputz dotorea utzi hildakoan), eta askoz gehiago, aldiz, metabolismo mantsokoak.
Metabolismo azkarreko animaliak txikiagoak izan ohi dira, oro har, eta bihotz-taupada azkarragokoak. Satitsu batzuk, esaterako, ez dute 10 gramo baino gehiago pisatzen, minutuko 1.000 taupadako bihotza dute, baina urtebete baino askoz gehiago ez dira bizi. Alderantziz, metabolismo mantsokoak luze bizi ohi dira (elefantea edo balea) eta bihotz-taupada gutxi dituzte minutuko.
Kalkulatu eta kalkulatu, badirudi, bihotzak batez beste 1.000.000.000 taupada osatu bitartean bizi direla ugaztunak.
Gaur egun, gure aurrerapen eta estres guztiekin, gizakiok taupada kopurua bikoitza omen dugu erabilgarri: 2.000.000.000 taupada.
Kontuak atera ditut eta taupada horiek guztiak gastatuak ditut (nire bularreko motorraren erritmoarekin 64 bat urte egin nituenean), eta erabaki dut kasurik ez egitea kalkulu horiei. Izan, badut arrazoi sendo bat horretarako: minutuz minutuko bihotz-taupadei ez diot sekula arretarik eman ez bada behar baino gehiago azkartu eta indartu direlako zerbaitengatik (maitasun, emozio, zirrara…).
Izan ditzagun denok ere gure memorian bide egiten duten taupada berezi horietako ugari. Halabiz.