Zestoako EH Bilduk bidegorriaren inguruan idatzitako gutuna

Urola Kostako Hitza 2016ko urr. 18a, 16:40

Zumaia eta Narruondo auzoaren arteko bidegorria. (altair.com) Zestoan bidegorriari buruz hitz egiterakoan denok dakigu Urolako trenaren ibilbideko bideaz ari garela. Dena dela, esan dezagun gure kasuan bidegorria baino, bideberdea deitzea zuzenagoa dela. Gaurkoan ordea ez gara deituraren zergatiaz arituko, bidearen aurrekariez baizik. Urolako trenaren ibilbidea aisialdirako prestatzeko proiektuak, nagusiki, azken hamarkadan burutu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Zatirik luzeena, Azkoitiatik Zumarragarainokoa, Nuarbe eta Brinkolako urtegiak lotzeko proiektuaren ondorioa izan zen. Azkoitia eta Azpeitiaren lotura errazagoa izanik, ordurako ibilbide gisa egokitua zegoen, eta Azpeititik Lasaora artekoa ere aurreko legealdian atondu zen. Gauzak horrela, Lasaotik Zumaiarainokoari heldu behar zitzaiola-eta, aurreko legealdian GFAk antolatu zituen Urola Erdiko aurrekontu parte hartzaileetan, diru zatirik handiena kostarainoko bidea konpontzeko erabiltzea erabaki zuten herritarrek. Horrela burutu zen Lasao eta Zestoa arteko bidea. Legealdiaren amaieran, beste aurrekontu parte hartzaileen saio batean, Zestoatik Arroabera artekoa burutzeko 250 mila euroko diru kopurua erabiltzea erabaki zen. Ondorioz, Iraetako bi tunelak ireki eta argiztatzeaz gain, trenaren ibilbidea baliatuz, Arroabea arteko bidea amaitzea hitzartu zuten Aldundiak eta Zestoako Udalak. Tuneletan jada lanean hasiak zirelarik, 2015eko maiatzean Udal eta Foru hauteskundeak burutu ziren eta Aldundiko gobernuaren aldaketarekin batera, EAJk dena bertan behera utzi zuen; aurrekontu parte hartzaileetan herritarrek erabakitako diru partidak ezabatuaz. Imanol Lasa aldundiko bozeramaile berriaren arabera, nonbait herritar gutxik hartu zuten parte bileretan, eta aurreko legealdian onartutakoa baliorik gabe uztea erabaki zuten. El diario vasco egunkariak ez du horrelakorik argitaratu eta argitaratuko, noski! Harrigarriena, aurreko legealdian EAJk oposizioan egonik, aipatutako diru partidak onartu izana da. Hori horrela, gobernu aldaketa izanda ere, proiektuak aurrera egingo zuela uste izatekoa zen. Baina, zoritxarrez, dirudienez, EAJk Gipuzkoan beste lehentasun batzuk ditu, Donostiako metroa eta errauskailua kasu, eta bide berdearen aurrekontuak indargabetuta utzi zituen, horretarako aitzakia maltzurrak erabiliaz. Zestoako herritarrak bereziki kaltetuak izan zirela ikusirik, Zestoako EH Bilduk Udal Gobernuari bidea egiteko izendatua zegoen dirua berriro aktibatzea eskatu arren, ez da ezer egin eta dena geldirik dago. Hauek dira egitateak, eta proiektua gelditu izanaren arduradun politiko nagusia zein izan den ere garbi dago. Oraindik ez da berandu, ordea, eta, borondate politikorik balego, epe labur batean bidea egiteko oztoporik ez litzateke egongo. Oztopo teknikorik nagusiena Arroabea eta Narrondo lotzea da, baina, gaur egungo ahalmenekin, askoz gauza zailagoak egin izan dira. Zestoako EH Bilduk bere esku dagoen guztia egingo du, gure ongizatearekin zerikusia duen proiektua dela uste dugulako, eta, herriko auzo ezberdinak lotzeaz gain, Urola bailara osoaren bertebraziorako baliabide aparte izango delako bideberdea. Halere, eremu politikotik haratago, herritarren ekimena ere garrantzitsua izanik, Arroabeko herritarren ekimena eta aldarria benetan zoriontzekoa delakoan gaude.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide