Ni sinistuta nago "adimena" deitzen den hori, funtsean, ez dela usaimena besterik. Gauzei tankera hartzen dien usaimen bat, ez sudur-zulokoa bakarrik, baizik-eta arima-zuloetaraino iristen dena, baina usaimena azken finean eta aurren finean. Usaimen ona munduko ideia eta printzipio guztien oso gainetik dago, nere iritzirako. Galtzeimerraren aurren-aurreneko seinalea usaimena galtzen hastea omen da, eta horrek berorrek nahikoa izan beharko luke adimenaren eta usaimenaren arteko senidetasun estua erakusteko. Bai: iruditzen zait esan daitekeela askozaz arrazoi gehiago dagoela gure sudur-zuloan gure arrazoian baino.
Galtzeimerrarekin edo gabe, usaimena galtzeak dakarrena da edozer gauza irenstea, jasatea eta onartzea. Beste piztiak gu baino gehiago dira horretan: haiek aurrenik usain egiten diote edozeri eta horrela ikusten eta sentitzen dute gauza bat berentzako modukoa den edo ez den; komeni zaien edo ez zaien. Piztia sano bat ez dago edozer moduz engainatzerik, baina gu bai: gu erraz engainatzen gaituzte eta errazago engainatzen dugu oraino geure burua. Guk zuzenean ikusi edo sentitzearen gainetik jarri genuen jakitea, eta jakiteak eta jakintzak tontotu gaituzte zeharo, eta jakin-uste horrexek jarri gaitu edozer irentsi, jasan eta onartzera.
Zertara dator esplikazio lehor hau dena? Ba, Azpeitiko herri txit leial, txintxo eta otxanean goiz-iluntzeetan egoten den kirats jasangaitz eta nazkagarri horrek jarri nau esplikazio-botaka. Eta jasangaitza dela eta nazkagarria dela esan dut, baina nik oraintxe duda egiten dut Azpeitiko herritar leial-txintxo-otxanarentzat benetan jasangaitza eta benetan nazkagarria den kirats hori, eta ez ote duen galtzeimer kolektibo batek harrapatu, eta ez ote den jarri edozer gauza irenstera, jasatera eta onartzera. Batere dudarik ez dagoena da asko dakigula jakitez, eta badakigula ekonomiako numeroen berri eta ederki dakigula zein diren errealitatearen eskakizun errealak, eta jakite edo jakin-uste horrexek eragozten digula nazka garbi bat sentitzea, amorru osasungarri bat sentitzea, eta nazka eta amorru eder horiek era kolektibo eta sendo batean lehertzen uztea.
Ulertzekoa da agintariak eta diru haundiaren zerbitzariak galtzeimer sozialak eta galtzeimer antienpatiko batek jota egotea: horiek holakoxeak behar dute izan dauden tokian egoteko, baina galtzeimer horrek zeharo jo ez duenak, piztia sanoaren tankeran, ederki senti-ikusten du gauza jasangaitz bat ez dagoela jasaterik, eta ezin egon
daitekeela jasateko eta jasanarazteko arrazoirik. Piztia sanoak ez ezik, bi urteko umeak ere badaki hori, zentzuz eta bihotzez.
Azpeitiko kiratsa, jakina, kirats bat da, gauza txarra eta ustela, beraz, baina gure adi-usaimen edo usain-adimenak gehiago esatera eraman behar gaitu: hau sortzen duen zera (deitu sistema, mundua, herria, gizabanakoak edo nahi dena) gauza txarra eta ustela da; otxana, tontoa eta trixtea da. Eta bai, jaun-andre herritar maiteok: ibili-ibili egin, eta herri otxan-tonto-trixte bat izaten bukatu dugu. Tokitan gelditu da garai bateko azpeitiarrismoaren ustea eta harrokeria! Gaur emanber lotsatu egiten garela kalera irteten ere, eta agintari eta diru-zerbitzari jende hori, berriz, Mirakontxan eta kiratsik gabeko holakoxe lekuetan bihurtzen da etorkin. Ez dakidana da kiratsak egin gaituen herri trixte bat, edo herri trixte bat ginelako jarri garen kiratsa eta edozer gauza irenstera. Azpeitikoa, bestalde, ez da izango kasu ikaragarri berezia ere, baizik-eta, seguru asko, Askotasuna deitzen diodan sistema honek berekin duen tontotze eta trixtetze orokortuaren adibide soil bat.
Herriko erdialdean egiten ari diren etxe berrien propagandan irakurri dut ustekabean: "Izarraitz mendiaren oinean bizitzeak ematen duen lasaitasunarekin". Nere iritzirako, nere usaimenerako, ematen duen nazkarekin jarri beharko luke.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide