Demokrazia ordezkatzaileetan, alderdi politikoak hautesleen borondatea politikoki kanalizatzeaz arduratzen diren entitateak dira. Entitate horiek prozesu historiko baten emaitza dira, eta gizarteko
cleavage edo gatazka-ardatz nagusien inguruko mundu ikuskera jakin bat izateak ezaugarritzen ditu. Ildo horretatik, honako hau da datozen hauteskunde hauetan hautesle euskaltzalearengan sortzen den galdera: Zein alderdik ordezkatzen ditu ongien sektore euskaltzalearen interesak?
EAEko alderdi sistema egungo Europa mendebaldeko gizarte demokratikoen sorrera ahalbidetu duten iraultza nazional eta industrialek eragindako gatazka-ardatzen logikan ulertu behar da. Alde horretatik, egungo EAEko alderdi sistemak bi gatazka-ardatz ditu oinarri: bata, ezker-eskuin ardatza, eta bestea, zentro-periferia ardatza. Alderdi nagusiei dagokienez, lau familia nagusi bereiz daitezke: zentro-ezkerreko euskal alderdiak (EH Bildu), zentro-eskuineko euskal alderdiak (EAJ), Espainian ardaztutako zentro-ezkerreko alderdiak (PSOE, Podemos) eta Espainian ardaztutako zentro-eskuineko alderdiak (PP eta C´s). Bosgarren multzo bat ere bada, Bigarren Mundu Gerraren ostean gertatu zen iraultza postindustrialak eragindako gatazka-ardatz
postmaterialistak (feminismoa, ekologismoa eta abar) oinarri dituzten alderdiena. Gatazka-ardatz horiek, gaur egun, bigarren mailako ardatz estrukturatzaileak dira.
Euskal alderdi sistema egituratzen duten bi gatazka-ardatzei dagokienez, honako hau argitu behar da: ezkerraren eta eskuinaren arteko gatazka-ardatzaren oinarria klase ezberdinen arteko botere-erlazioa da, eta zentroaren eta periferiaren arteko gatazkarena, berriz, zentroak eta periferiak ahamen politikoa lortzeko duten lehia.
Jarraitu iritzia irakurtzen,
Berria.eus-en.