J.M. Olaizola ‘Txiliku’, PUNTUKA: ‘Hurre eta urruti’

Urola Kostako Hitza 2016ko ira. 22a, 11:48

Hurre (horrela deitzen diogu Zarautzen hurbil dugun lekuari) eta urruti oso zehazten zailak diren bi kontzeptu dira. Ume txikiak ginela, jai egunetan behin baino gehiagotan Villa Mundara joan ohi ginen, gurasoekin, hango lehoiak ikustera. Orduan urruti zeuden. Orain, bilobarekin joaten naiz harrizko animaliei bisita egitera, eta hurre daude. Niretzat. Beharbada urruti txikiarentzat. Udako arratsalde luzeagoetan txangoa urrutirago egin eta igual iristen ginen Villa Deleitosako oreina ikustera. Hura urruti zegoen. Oso. Baina merezi zuen. Aitak bizkarrera igo eta lorategi dotore hartan oreinaren eskultura ikusten genuen, benetako animaliari zor genion miresmen berarekin. Merezi zuen hain urrutira joateak. Oraingo begiekin begiratuta, gu eta gure herria txikiagoak zirenean, hainbat leku berehala zeuden "urruti". Txerrikale (Herrikobarra) amaierako plazatxoa urruti zegoen. Eta trenbidea gurutzatu eta beste aldea, zer esanik ez. Nonbait han inguruan zegoen Txakurraren sala. Euskaraz, zerbait urruti dagoenean ez baitago "bosgarren pinuan", txakurraren salan, baizik. Herrikobarraren amaieran dagoen gune horrek ez du, nik dakidala, izenik gaur egun, baina behin baino gehiagotan deitu zaio Venezia, euri bizi samarrak ziren bakoitzean urez betetzen baitzen, Veneziako plaza nagusia marea bizietan bezalatsu. Eta sarri gertatzen zen hala. Adituta daukat behin (1957 euriteek eragindako uholdeetan izango zen seguru asko) txalupa bat Salbidetik Iñurritzaraino iritsi zela, bakarrik trenbideko paso-nibelean bizkarrera altxatuta eramanez. Udatiarrak alde egin ondoren, udaletxea lanetan hastekoa omen da trenbideko pasagunea egitekotan (ez naiz ausartzen eraiki esaten, jaiki beharrean jaitsi egin behar baitute bidea trenbidearen azpitik). Onerako izango al da! Lan luzea baita. Denbora luzerako izango dena. Edo ez? Denboraren laburtasuna eta luzera ere zehazten zailak baitira hurre eta urruti zehazgaitzak diren antzera. Esango nuke orain denborak lehen baino joera handiagoa duela azkar igarotzeko. Lehen, lau etxe eta bi denda nahikoa ziren auzo bat osatzeko, eta askoz gehiago gabe, trenbide ondoko plazatxo horren inguruan bizitza antolatu zen, eta, esango nuke, denbora orain baino mantsoago mugitzen zela han. Jo dezagun, esaterako, bazela zapata-konpontzaile bat (Felipe izena jarriko diogu), eta Felipe delakoari denbora luzeegia egiten zitzaionean bazuela ohitura Koloneko tabernara joan eta behatz bat ardo edatekoa. — Jar egidak behatz bat ardo baso batean, baina behatza honela, ez beste honela. Alegia, ez zuela behatzaren neurri horizontalean jartzea nahi, goitik behera nahi zuela. Eta ttanttarik ere ez galtzeko, basoaren azpian kafe-kikararen platertxoa, basotik eroritakoa han biltzeko. Lehen txurrutada luzearen ondoren, edo basoa erdiraino iristen zenean platertxoko gehigarria basora isuri eta, dena barrura! Felipek bidaia bat baino gehiago egin ohi zuen, agi danean, zapategitik tabernara eta nola beti izan ohi den besteen zoriona, poza edo alegrantzia eraman ezin duena (esate baterako, hiru eguneko festetako bertso, musika eta zarata jasanezina egiten zaiona), gure Felipe konturatu zen norbaitek egunero zelatatzen zuela. Bere zapata-konpontzaile dendatik tabernara egiten zuen bidaia bakoitzean alboko etxe bateko leihoan gortina mugitzen zen, zelatariren batek bere burua ezkutatu nahian. Halako batean Felipek, oinak sendo tinkotu lurrean eta leihora begira hatz bat altxatu, harekin berarekin ezezkoaren keinu egin bi edo hiru aldiz eta ondoren bi hatz erakutsi zizkion leihoaren atzean zegoenari. Hau da, bidaia hartan ez bat baina bai bi basokada ardo hartu zituela; kontaduria eramatekotan zuzen eraman zezala behintzat zelatari hark.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide