Aitor Unanue Albizuriren GUTUNA: "Azpeitian, 1936ko irailaren 19a"

Urola Kostako Hitza 2016ko ira. 15a, 10:36

"1936ko irailaren 19a zen, eta ni Azpeitiko herri polittean nengoen, Gipuzkoan, Euskal Herrian. Eguerdi aldera, Gobernuaren Gerrarako Komiteak plazaratu zuen bandoan jakitera eman zuten milizien berehalako sarrera. Bandoan bertan errepresioen beldur ziren guztiak handik ateratzeko gonbita egiten zen. Berria zabaldu ahala herriak itxura negargarria hartu zuen. Ehunka lagun ikus zitezkeen, benetako izua aurpegian nabarmen zutela, kaleak eta plazak zeharkatuz, larritasun beldurgarri batek mendean hartuta. Saminez beteriko desfile bat osatu zen berehala, tartean, pauso geldoko agureak bezala sasoiko gazteak, haurrak eta emakumeak, etsaiengandik ihesi, tren geltokira bidean. Kaletik balkoietan zituzten familia-kideei musuak eta agurrak bidaliz, aldi berean, inguruan ziren aurkarien gaizki disimulaturiko poza nabaritzen zutelarik. - Izan ona, seme!- zioen ama batek - izan zaitez ona, eta armak iristean fedearekin eta gogoarekin borrokatu, galdu duzuen lurraldea berreskuratzeko. - Agur ama! -zioen beste gazte gihartsu batek -laster itzuliko gara, ziur egon gure herriaren askatasuna lortuko dugula. Besarkada luzeak, elkarri hainbat aholku, hainbat gizon euren emazteak eta umeak musukatuz, malkoz beterik, larri eta samindurik. Arratsaldeko hiruretan atera ziren bi tren berezi nire herritik, haien hotsak txistuarenak baino negarrarenak gehiago ziruditen. Tren haietan zihoan Azpeitiko hoberena, elizetako arima zena, banan banako gazteak, elizbarrutietako bizitza osoa, sindikatuen bultzatzaileak... Herriko kaleetan zehar abiatu nintzen, triste eta bakarrik, saminez neurekiko marmarrean... Nire itzulian, ondo ezagunak ziren eskuineko hainbat lagun ere ikusi nituen, baina inoiz jazarpenik jaso ez zutenak, patroi ulergaitzak, iraganeko garaietara itzultzeko presa handia zutenak, kapitalismo gorrotagarrieneko garaietara, zibilez jantzitako militarrak, urrunera begira, Molaren tropak inguruko mendi ertzetan ikusteko desioz. Ikusi nuen ere nola apurtzen eta erretzen zituzten hainbat sugar txikitan egunkariak, orriak edo paskinak, ikur desberdinak baita Ikurrinak ere. Nire ondotik presaka pasatzen ziren hainbat autobus eta kamioi gerrako materialez beteak, eta bertatik gudariak emozioz  'laixter arte' deiadar egiten zuten. Samina eta heriotza nabari ziren haien joanean, ezjakintasun eta ezinegonezko giro hartan ... Ehunka gizon eta emakume gerturatu zen gudari haiek herrian egingo zuten azken desfilea ikustera, txaloz eta negarrez agurtu zituzten herritarrek...", horrela ikusi eta kontatzen du Iñaki Azpiazu Uniyok 27 urte zituela idatzi zuen bere erreportajeko zenbait pasartetan. 1936ko irailaren 20a, igandea, goizeko hamar eta erdiak: Molaren tropak Azpeitiko herrian barrena. 80 urte pasatu dira, eta orduko gertakarien memoria berreskuratu eta urtez urte, belaunaldiz belaunaldi, bizirik mantentzea hemen berriz horrelakorik ez gertatzeko modurik eraginkorrena izan liteke. Gogoratzeko moduko eguna dugu irailaren 19a Azpeitian. Altxamendu militar hark eta ondorengo erregimenak ukatu zigun guztia aldarrikatzeko eguna da: askatasuna, bakea, giza eskubideak, aniztasuna, parekidetasuna, laikotasuna, herrien eskubideak, emakumeen eskubideak, langileen eskubideak, haurren eskubideak, demokrazia, parte hartzea, sozialismoa, euskara, euskal kultura, abertzaletasuna, elkarbizitza...

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide