Zuei ere gertatuko zitzaizuen. Kantu bat entzun eta hortxe geratu, bueltaka, burutik kendu ezinik. Neri udara honetan gertatu zait azkenengo aldiz. Pako Ibañezen aspaldiko kanta bat entzun nien ume batzuei. Lau eta zazpi urte bitarteko hiru anai-arreba izan ziren pozik eta jolas giroan aritu zirenak kantatzen "behin batean bazela printze gaizto bat, sorgin eder bat eta pirata ondradu bat".
Baten batzuek ezagutuko duzue kanta. Amestu duen atzekoz aurrerako mundo batez ari kantaria. Ez dakit norenak diren hitzak, baina kantua Pako Ibañezek eman zuen ezagutzera, bere tristura puntuarekin eta bera ahos lehor eta sakonarekin.
Aurtengo udaran ordea, beste aire bat hartu zuen kantak txikien ahotan. Antzerki antzeko bat egin ziguten umeek helduoi, printzeak, sorginak eta piratak aipatzen dituen kantua guretzat abestuz. Eta bai prepezioz abestu ere. Helduok letrak esaten dituen aldrebeskeriez jabetu gintzezen, bereziki mantso eta indartsu ahozkatuz aritu ziren kantuan: "...un mundo aldrrrebes”, "...un mundo aldrrrebes".
Ez zuten uste guk kanta ezagutuko genuenik, eta ez ziren gure ulertzeko gaitasunaz fio. Horregatik ahoskatze ahalegin berezi hura. Umeek laster antzematen dute lekuz kanpo dagoena, ohikoa ez dena; baina helduokin berdin gertatzen denik ez zuten, nonbait, hain garbi.
Kontua da ordutik hona bueltaka dabilkidala kantu hori, eta kantuarekin batera baita atzekoz aurrerako munduaren kontua ere. Nahi baino gehiagotan gertatzen zait ez jakitea ikusten ari naizena zuzen edo atzekoz aurrera dagoen. Urrun joan gabe, Zumaian grabatzekoak diren telesail ospetsurako lan-poltsako deialdia zela eta bizi izan dut sentsazio hori. Baleikek egindako elkarrizketan, hau zioten lanerako aurkeztutako batzuk: Berdin zitzaiela zenbat ordaintzen zuten edo zeintzuk ziren lan baldintzak. Prest zeudela dietak eta antzekoak ez kobratzeko. Are gehiago, gustokoa dutela telesaila eta lanerako hartzen badituzte gustora jardungo dutela ezer kobratu gabe ere.
Lan eske doana lana egiteagatik ezer ez kobratzeko prest dagoela entzutea, printze gaiztoak edo sorgin ederrak badirela entzutea baino askoz ere aldrebesagoa egin zait niri. Baina helduen artean halako lilura sortu duen fantasiazko telesaila tartean dela, nork jakin?. Ez dakit ez ote garen iritsi errealitate gordina eta errealitate birtuala nahastera, langabeziaren larria ahaztu eta lana jolasa dela sinetsiz. Esango nuke gaur gaurkoz izua eta ikara langabeziak eta prekaritateak sortzen dutela, ez herensugeek. Edo bai? Nork jakin? Agian umeek? Galdetuko diet.