Telmo Irureta PUNTUKA: 'Atzo'

Urola Kostako Hitza 2016ko uzt. 28a, 10:08

2015/05/22. Ireki dituzte ateak. Jarri dute musika. Ze ordu izango da? 19:15? "Mikel, ¿cómo se llama esta canción?". Kike Amonarrizen hitzekin dut nik gogoratzen doinu hau. Aizpea Goenaga eta izeba Elenaren ahotsekin. Beni ta Marini programarako egindako bertsioa. Euskaraz. "Anything Goes" erantzun du. "Anything Goes", hori bakarrik. Harrigarria. Mikel ezagututa, prest nengoen Wikipediak eman dezakeena baino informazio gehiago jasotzeko. Zein urtetan egin zen, zer helbururekin, nork abesten zuen (izena, abizena eta jaiotze-data), zein pelikulatan erabili zuten (izenburua, aktore bakoitzaren ideologia politikoa eta zuzendariaren odol-taldea)… Ez, berak ere badaki ordu laurdenean ez diola denbora ematen. Ordu laurdena. Gutxi gorabehera. Eta, poliki-poliki, teloia irekiko da hain bizirik sentiarazten nauen soinu horrekin. "Ñiiiiiiiiiiiiiiiiiiii…". Fotologa datorkit burura. "Hoy se acaba uno de los capítulos más felices de mi vida" idatzi nuen 2010eko ekainaren 2an eguneroko birtual-bisual hartan (zoragarriak izan ziren Magisteritzako urteak). Esaldi bera errepikatu dut gaur neure artean hamar friki hauei begira. Harribitxiak. Ene ikaskide maiteak. Bukatu da. Ez dit penarik ematen oso ondo pasatu dudan arren. Lagun onak egin ditut eta asko ikasi dut, baina irauten dutena irauten dute gauzek. Hiru urteko beste kapitulu eder baten ostean, etapa berri bat hasteko gogoz irtengo naiz antzerki eskolatik. Nire apunte eta hausnarketen koadernotxoa noizbehinka gainbegiratzeko intentzioarekin. Iaz idatzi nuen testu bat berrirakurriz lokartu nintzen atzo. 2014/12/18: Barre egiten dut. Barre. Barre zerbaitek grazia egiten didanean, barre pozik nagoenean, barre deseroso sentitzen naizenean. Barre, bai. Barre. Barre egiten dut zer esan ez dakidanean eta barre negar egin nahi ez dudanean. Barre, beti barre. Eta ez naute gai ikusten. Interpretazioa, antzerkia, arte eszenikoak. "Kapritxo bat". Esaten ez badute ere, hori pentsatzen dute. Eta kapritxoa izango da agian, baina uste dut badakidala ondo egin dezakedala. Lehen aldian ez nuen arazorik izan, nire pertsonaia gustatzen zaizkidanetakoa zen. Ironikoa eta alaia. Zirikatzailea eta umoretsua. Sinpatiko bezain bihurria. Zailagoak iruditu zitzaizkidan hurrengoak. Pantaleon eta Ramon. Amorrua atera behar nuen. Nik, inoiz haserretzen ez den honek. Nik, barre bakarrik egiten duen honek. Ez da egia, Ramonekin negar ere egin nuen. Negar egin nuen entsegu gehienetan ezin izan nuelako egon serio. Barrea irteten zitzaidan. Barrea kontzentrazio faltak eta nire izaeratik hain urrun zegoen pertsonalitatea zuen gizon baten paperean sartu beharrak eragindako tentsioarengatik. Baina bitxiena zera da: tentsio gehien dagoen momentuan, publikoa aurrean dugunean, ez dudala barrerik egiten. Eszenatokian. Hor kontzentratzen naiz. Hor, fokoen argiak laztantzen nauelarik. Hor heltzen dit erantzukizunak potroetatik. Hor mehatxatzen nau estutzearekin. Sentsazio hori da entseguetan ere behar dudana. Beldurra ez, errespetua. Beno, igual beldur pixka bat bai. Pilak jartzeko eta "lasaiegi" ez egoteko. Klasean lantzen da gero on stage egiten dena. Eta klasean ondo lantzen denak ematen ditu on stage emaitza onenak. Ariketa bakoitza aurrerapauso bat da eta nahi gabeko irriek bidea oztopatzen digute. "Will I be able? I know I will" ("izango ote naiz gai? Badakit baietz"). Nire hitz magikoak dira. Funtzionatzen dute. Baina batzuetan ez naiz ausartzen hauek ahoskatzera, beren efektua ez ikustearen ideiak kezkatzen nau. Ez al dut benetan sinesten magia horretan? Ez al dut sinesten nigan? Barrearena lotsa dela dio irakasleak. Barrean ezkutatzen naizela begirada jaisten duenaren antzera. Ez dugu aktorea ikusten begiak erakusten ez badizkigu. Ikusezin bihurtzen da. Desagertu egiten da. Eszenan hiltzea: pertsonaia akabatzea. Oso tristea. Ez hain barregarria.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide