Axier Bagliettoren gutuna: Uztarrian muralari buruz azaldutako iritziaren kontura

Urola Kostako Hitza 2016ko uzt. 22a, 15:25

Saninazioetako jai-egitarauan eraso sexisten inguruan herriko gazteekin Harremonak Hezkidetza programaren baitan egindako murala hizpide izan da Uztarrian [albiste honen erantzunetan], eta honen gainean nire iritzia azaldu nahi nuke, Harremonak programaren arduradun gisa eta gizon gisa. Muralean, zoritxarrez, guk nahi baino sarriago gertatzen den egoera bati egin nahi izan diogu erreferentzia: festa giroa aprobetxatuz emakumeen kontra egiten diren sexu erasoak; norbere nahiaren aurka titiak edo ipurdia ukitzea, komentario sexistak, bortxaketak, ligoteo babosoa... Urte luzez isilpean egon den egoera hau azaleratzen den heinean deseroso sentitzen gara gizonak, eta ez da harritzekoa. Hasteko, neskek jasaten dituzte salatzen diren sexu erasoen %99, eta sexu eraso horien egileak %99an gizonak dira. Horrek zer esan nahi du? Gizon guztiak erasotzaile potentzialak garela? Ez, inondik ere, baina bai pentsarazi beharko liguke gizon eta emakumeen artean harremantzeko ikasi dugun moduan badela zerbait justua ez dena, pentsarazi beharko liguke gizon izateko moduan badirela kuestionatu behar ditugun jokabide eta pentsamoldeak. Kuestionatu beharko genuke zergatik gizon horiek ontzat ematen duten indarra erabiliz emakumeak sexurako behartzea. Eta pentsatu beharko genuke, eraso horietako askok gutako askoren konplizitatea (isiltasuna, irribarre konplizea, ezikusiarena egitea, komentarioa...) jaso izan duela. Pentsatu beharko genuke zergatik pasatu behar izaten duen lotsa handiagoa erasotutako pertsonak, erasotzaileak baino. Pentsatzen jarri beharko genuke gizon izateko mundu honetan ikasi dugun ereduan dagoela indarkeria horren oinarria. Gai honetan, beste gai askotan bezala, sarritan bi muturreko ikuspegien artean galtzen gara. Mutur batean horrelako erasoei garrantzia kendu nahi izaten zaie, ukatu, neskaren jarreraren arabera justifikatu, beste norabidean berdintsu gertatzen direla argudiatu, edota burutik gaizki dauden gizonen kontua dela baieztatu. Beste muturrean, gizon guztiak erasotzaileak garela aipatzea, gizonak, gizon izateagatik, zakildun izateagagik errudunak garela pentsatzea. Bigarren diskurtso hori, ordea, oso gutxitan entzun izan dut emakumeen ahotik. Gehiagotan gu geu, gizonak, izan ohi gara argumentario biktimista hau emakumeen eta bereziki feministen ahotan jartzen dugunak; neurri batean, seguru aski, deseroso sentitzen garelako, gizon gisa kuestionatuak sentitzen garelako, gaiarekiko ardura izpiren bat badugula somatzen dugulako. Arazo larri baten aurrean gaude eta gizonok guri dagokigun ardura hartu beharrean gaude. Ezin dugu arazoa ukatu, isilik gelditu edo gurekin harremanik ez duela pentsatu. Ezin dugu onartu gutako inor, ez emakume, ez gizon, bere gogoz kontra behartua izatea. Ezin dugu ezikusiarena egin munduan oraindik indarrean den sexismoaren aurrean. Eraso matxista hauen atzetik mendeetako egiturazko injustizia bat dagoela onartzea dagokigu, oraindik ere mundu honetan emakume izateak eskubide eta askatasun gutxiago izatea suposatzen duelako, eremu batzuetan bigarren mailakotzat tratatua izatea, sexu indarkeria jasatea, soldata txikiagoak eta lan aukera murritzagoak izatea, eta abar luze bat. Kontu! Honek ez du esan nahi gizonok sufritzen ez dugunik, sexismoak guri kalterik egiten ez digunik, edo zintzoen eta gaiztoen eskema barneratu behar dugunik. Gizonak eta emakumeak, pertsona izateko oso modu antzekoak direla uste osoa dut, baina jendarte honetan oso prestaketa ezberdina jasotzen dugula eta, ondorioz, batzuk botere gehiago eskuratzen dugula eta besteak bazterrean, bigarren mailan, komodin edo florero tokian (adibideak agortezinak dira, munduko ekonomia eta politikatik hasi eta eskoletako jolastokietaraino); batzuk konkistatzaile eta besteak konkistatu beharreko eremu; batzuen sexu grina kontrolaezina, besteak bere burua defendatzeko gai ez direnak; batzuk indarkeriarako sena (hori ere kontrolaezina), eta besteak negartiak eta biktima manipulatzaileak. Sexismoa bizirik dago, legez berdinak bagara ere, eta estereotipo horiek indarrean daude gutako bakoitzaren baitan; eta kontziente ez bagara, arretatsu eta adi ez bagabiltza, gure arteko harremanetan "modu naturalean" erreproduzitzen ditugu. Zeregin garrantzitsua dugu indarkeria matxistaren aurrean gizonok. Eta lehenengo lana, emakumeei entzutea da, haiek mendeak baitaramatzate hau jasaten eta honi aurre egiten. Axier Baglietto, Harremonak Hezkidetza egitasmoko arduraduna. Azpeitia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide