Gari Mendiola EH Bilduko kidearen IRITZIA: "Bost urte, hamaika pauso!"

Urola Kostako Hitza 2016ko uzt. 21a, 18:23

Azpeitiko EH Bilduko kideak iritzia idatzi du Sanagustin kultur kooperatibaren ibilbideaz eta aurrera begirako proiektuez. Bihar beteko ditu bost urte, eta gaur ospatuko dute.

Bost urte. Ez dira asko. Baina badira zerbait. Duela bost urte elkartu ginen plaza berri bat inauguratzeko, estrenatzeko. Baina Sangustin plaza bat baino askoz gehiago bihurtu da. Denbora labur honetan, mugimendu baten kabia, kultura egiteko modu berri baten sorgunea eta herritarren bilgunea bilakatu da.

Azken urteotan, Azpeitiko kultur mugimenduan eta kultur politikan markatutako estrategian pauso kualitatibo garrantzitsua izan zen eta da. Ibilbide horretan, Udal Gobernuko indar politikoen aldaketa eta Udalean proiektuarekin bat egiten duten haizeak jotzeak ere indartu eta sendotu du proiektua.

Kultur Mahaiaren bidez, herriko kultur eragileak eta hainbat norbanako bilduta, elkarlanean egonkortuta zeuden unean, plaza garrantzitsua irekitzea lortu zen herrian: herriak eskatutako plaza; herritarrek nahi bezalako plaza; herritarrek bete eta erabili nahi zuten plaza. Herritarrek zituzten beharretatik eta nahietatik sortuta zegoen proiektu bat gauzatzeko azpiegitura aproposa egokitu zen Sanagustin. Horixe izan da gakoa 5 urte hauetan gorako bidea egiteko.

Kultur Mahaiak duela hamarkada bat, kultur mugimendua bildu eta antolatzeko apustua egin zuen. Ezinbesteko pausoa, herriak arlo honetan izan duen garapena ulertzeko. Hurrengo pauso garrantzitsua izan zen eta da Sanagustin. Eta etorkizunean ere baditu erronka erakargarri eta interesgarriak; Soreasuko sormen guneko proiektua, kasu.

Ilusio sortu eta berriro mugimendua aktibatzeko aukera bikaina eskaini bigu, bidenabar. Soseasu bete behar dugu. Kulturaz bete, ametsez eta proiektuz gainezka egin dezan. Hori da bidea. Eta horretarako, berriro ere, urratutako bidea jarraitu da. Herritarren beharretara egokitutako proiektua garatzen ari dira Udala eta Kultur Mahaia. Ondoren, proiektu horrek Soreasuko eraikinarekin nola bat egin dezakeen zehazteko.

Proiektua. Hori baita beste gakoa. Ez espazioa, proiektua.

Soreasuri bizia emango diogu, denon artean, pausoz pauso. Ez dugu zalantzarik. Baina ezin dugu ahaztu Soreasuk dakarren zama. Askotan, iraganak berak markatzen baitu oraina.

Soreasura begira, ideiak eta hausnarketak elkartrukatzeko taldeekin egindako bileretan argi azaldu dute: azpiegiturak beharrezkoak badira ere, beraien txoko propio berria izatea ez dela lehentasuna, gehienentzat. Kulturan inbertitzeko eskatzen dute, baina ez dute azpiegitura huts bat nahi. Ez dute beharrezko ikusten. Orain arte Soreasuko proiektua plano, gela, aulki eta pasiloek osatzen zuten eta edukia taldeak ziren. Argi dago, taldeen nahi honek berak, orain 10 urte Soreasu eraikitzeko hartutako erabakia egokia izan zen ala ez zalantzan jartzeko oinarriak jarri dituela, gutxienik.

Beraz, oraingoz, taldeak ez dira Soreasun izango. Baina Soreasuk, gehiago edo gutxiago badu proiektua. Bakoitzak beretik aletxoa jarrita osatutako proiektua, eta herritarrekin garatzen joango den proiektua.

Ez du Soreasuk gainezka egingo, dena egokitzearen beharrik ez delako aurreikusi, oraingoz. Baina hori da gure hautua. Pixkanaka-pixkanaka. Hitz eginez eta beharrei erantzunez garatzea herria. Osatzea kultura.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide