Eduardo García Serrano du izena. Kazetaria da eta ikusi berri dudan bideo batean esaten dituenak entzunda, ezin gera naiteke bere ausardiari buruz idatzi gabe. Oso ausarta behar du izan horrelakoak botatzeko. Edo oso motza. Espainiako hizkuntzen koofizialtasuna astakeria omen da. Astakeria gazteleraren maila berean jartzea adibidez euskara eta katalana. Ez du ulertzen (edo ez du ulertu gura) nola eskaini diezaiekeen irakaskuntzak hainbeste denbora hain mugatuak dauden hizkuntzei. Unamunoren hitzak azpimarratu nahi izan ditu gainera: "El vasco es una lengua aldeana. Sólo sirve para hablar a la vaca y la berza".
"Hori esan al tzun Unamunok?", galdetu dit amak nik jakingo banu bezala. Auskalo! Igoal ez, espezialistak dira kazetariak bestearen ahoan jartzen bertatik sekula atera ez direnak.
Gazteleraz bakarrik egin behar al dugu orain gure eskoletan? Ondo irudituko litzaioke Serranitori. Serranitok ez baitu sinesten elebitasunean. Ezin pareka omen dezakegu behiari eta azari hitz egiteko erabiltzen den hizkuntza bat Cervantes, Calderón eta Pablo Nerudarenarekin.
Ezjakintasuna ala gorrotoa ote da tipo honena? Bere aita nafarra omen zen, bere aitak hitz egiten omen zuen euskaraz. Harrigarria hain gertu izanda komunikazio-tresna txiki handi baten balioaz jabetu ez izana.
Eta bat-batean… TIRRIIIIINN! Tinbrea. Irina da. Errusiarra. HITZA ekartzera dator buzoira, Zumaian San Pedro jaiegun bada ere. Txikia bezain handia tresna hau, bai. Ezin kenduko dio inork duen indarra. Beti lanean dabiltzan hizkuntzak ez dira inoiz itzaltzen.
Behin idatzi nuen euskara galtzearen beldurraren inguruko mezu polemiko/probokatzaile bat. Eta nire euskalduntasuna zalantzan jarriko zuten askok, baina oraingoan garbi utzi nahi dut beldur horrek ez gaituela gehiago euskalduntzen. Lasai bizi garenok ez dugula gutxiago maite euskara. Lasai bizi gara badakigulako gu bizi garen bitartean bera ere biziko dela. Gure hizkuntza. Gure altxorra.
Badakizu zer gertatzen zaidan niri? Ez zait gustatzen estremistegia den jendea. Ez zait gustatzen beren ideiak defendatzeko edozer egin edo esateko gai direlako. Amorrua ematen dit, eta erantzuteko gogoa. Ez baitakit zer arraio duten buruan. Eta ni ere estremista jartzen naiz orduan.
Goxoa dut ama-hizkuntza. Aberatsa. Herri bat dauka atzean eta hiru kolore bihotzean. Goxoa dut oso, eta emeki laztantzen diot eskua. Baita erdaraz ari naizenean ere, biak batera zaindu baitaitezke. Banoa orain Idoia tabernara, pintxo bat jan eta Karolekin ingelesa praktikatzera. Polita da hirugarren bat ere maitatzea, garrantzitsua zurea ez den hori ere errespetatzea. Baina badira errespetatzea zer den ez dakitenak. Isilik hobeto daudenak. Tontoak ote dira denak? Baietz uste dut.
Eduardo, hain gogoko duzun Neruda bezala mintzatuko naiz gaur zuretzat: "Me gustas cuando callas porque estás como… muerto".
Telmo Irureta. Zumaia.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide