Gertaerek gertaerak eragiten dituzte eta ezer ez gertatzeak gauzak bere horretan jarraitzea dakar. Eta gaurkoa gertaera bat da, berrikuntza bat, mugimendu bat aspaldion apenas mugitu den xake taulan. Gaur 150.000 biztanlek bere lurraldearen subiranotasunari buruzko herri kontsultetan parte ahal izango dute. Baina emaitzen sinbolismoaz haratago, azken erreferendumaren bidean goazela prozesua bera da balio handiena duena. Elkarrizketa, adostasuna, elkarlana, aurreiritziak eta estereotipoak gainditzeko ahalegina, herrietako betiko sektarismoak eta urteotako gerra mekanismoak gainditzearen prozesua. Ilusio bat, ipar bat, desblokeatze sentipenak eta egindako lanaren emaitzak ikusteak ematen duen satisfakzioa azaleratzen hasi da herri zauritu honen epidermisean. Gure Esku Dago-k urteotan pozoindu eta koagulatutako zornean egiten ari den drenaje lanaren emaitzak ikusten hasi gara. Oraindik tamaina honetako ariketarik ikusi gabeak ginen, gure bizitzak —eta heriotzak— hainbeste baldintzatu dituen gai korapilatu honetan, subiranotasunaren gaian. Ez da Egun Handia izango, baina bai Egun Handiaren bidean egun handia. Orain ahalduntzearen kontzeptua hainbeste entzuten ari garenean, aspaldion ikusi dugun ahalduntze ariketa egituratuena eta antolatuena gertatzera doa. Egitura politiko profesionaletatik kanpo eta aske, bulego ala legebiltzarrei hamarkada gehiagoz itxaroteari utzi eta euskal biztanleriaren zati batek bere norabidearen lemazain izan nahi duela argi izanik, lemari heldu, bere burua gaitu eta ematen ez zaiona hartu du. Gure Esku Dago-k urteotan egindako (eta amaitzetik urrun dagoen) sukalde-lan, girotze eta pedagogia prozesuaren lehen kimu berri praktikoak dira kontsulta hauek. Noraino iritsi daiteken bide hau, planteamendu hau? Ikusteke gaude, beste batzuk frogatu ditugu dagoeneko. Biharamunak esango digu zenbateraino mamitua eta barneratua dauden batetik, erabakitze eskubidearen ideia eta bestetik, kultura parte hartzailea. Ausartzen naiz aurreratzera nahi baino txikiagoa izango dela emaitza. Baina kontua da, honez gero galdeketak antolatzea eta gauzatzea bera kontzientzia eta gaitasun gradu baten adierazle direla. Hemen, arazoen aurrean ezer ez egitea, blokeatzea edo besterik gabe kritikatzea izaten da errazena. Zailena aldiz pauso berritzaileak ematea, alternatibak bilatzea, zure denborari kendu eta horri ematea, antolatzea, lan egitea... Bejondeizuela beraz, ezer jakin baino lehen oker edo zuzen, arazo enkistatu hau deskorapilatzeko lanean gogo onez ari zaretenoi. Galdeketa hauen atzetik galdeketa gehiago etorriko dira. Zirkuluka ibiltzeari utzi eta aurreranzko bidean abaila hartzera goaz.Jarraitu irakurtzen Berria-ren webgunean.