EH Bilduren gutuna: "Garraio publiko integrala"

Urola Kostako Hitza 2016ko mai. 9a, 16:47

Tren zerbitzua 2014 urtean Gipuzkoako Foru Aldundiak, Lurraldebus zerbitzuarekin elkarlanean egindako prozesu parte-hartzaile baten ondotik, autobus zerbitzuaren eskaintza nabarmen hobetzea lortu zuen, besteak beste, gauekoa. Herritarrek beren nahi eta beharrak adierazteko aukera izan zuten, eta horren arabera garraio publikoaren zerbitzuari moldaketak egin zitzaizkion. Garraio publikoaren beharrak bere orokortasunean aztertu behar dira, operadore desberdinek garraio sistemari eskaintzen dioten zerbitzua egokia den aztertuz. Horregatik beharrezkoa da, neurri puntualak hartu beharrean, ikuspuntu orokor batetik dauden beharrak identifikatu eta horien arabera behar diren neurriak hartu, lehentasunetatik hasiz. Gasteizko legebiltzarrean, Euskal Sozialistak Legebiltzar Taldeak, Euskotrenen Donostiaren eta Urola Kosta–Debabarrenaren artean gaueko zerbitzuak zabaltzeko mozioa aurkeztu berri du eta EH Bildutik osoko zuzenketa aurkeztu diogu, batez ere gure zalantzak ditugulako eskatzen dena benetan herritarrek eskatzen duten zerbitzua den eta zehazki zein beharrei erantzuten dien. Aurkeztutako eskaeraren argudioak konpartitu genitzake, baina beti ere benetan eskaera badago eta helburu konkretu batzuei erantzuten badie. Beldur gara, izan ere, betikoan eror gaitezkeela, asmoa bat izatea, baina azkenean aurkakoa lortzea. Hau da, gure inguruko turismoa bultzatu eta ostalaritza lagundu asmoz martxan jartzea baina aurkakoa gertatzea, guztiek hiriburura hanka egitea eta herrietako bizitza galtzea. EH Bilduren eskaera garbia da: Eusko Jaurlaritzak aztertu ditzala Donostiaren eta Urola Kosta–Debabarrenaren arteko korridorean dauden herritarren mugikortasunerako beharrak eta proposatu ditzala hauei erantzuteko neurririk egokienak. Eta azterketa hori ez litzateke mugatu beharko aste bukaeretarko gaueko tren zerbitzu edo kirol-ekitaldi eta ekitaldi soziokulturaletarako balizko eskaera bati erantzutera, baizik eta, lehentasun osoz, egunerokotasunari erantzuteko. Baina azterketa hori ez da soilik errentagarritasun ekonomiko terminotan egin behar. Errentagarritasun soziala eta, nola ez, ingurumen-errentagarritasuna ere kontutan izan beharko lirateke. Hipotesiez betetako azterketa bat ez da nahikoa. Kostu-sarrera-eskaera estimazio batzuen ondoriozko azterketa ez da nahikoa. Horrelako zerbitzu bat ezarri aurretik herritarren eskaerak eta beharrak zeintzuk diren ondo aztertu behar dela irizten dugu. Eta ez hori bakarrik, garraioaren antolaketa egokiena zein den aztertu behar da herritarrekin, ze garraio
eredu bultzatu nahi dugun erabaki. Eta EH Bilduren apustua horretan garbia da, mugikortasun jasangarri baten aldeko apustu irmoa egiten dugu, eta hori bermatzeko ahal den bitarteko guztiak jarri behar dira. Euskal Sozialistak legebiltzar taldeak egiten duen Gautren zerbitzuaren eskaera baino lehentasun handiagokoa dela iruditzen zaigu egun dagoen tren zerbitzuaren hobekuntzak planteatzea, batez ere, Deba-Zumaia arteko zerbitzuaren maiztasuna handiagotuz, hau ahalbidetzeko bikoizketa bat eginez Itziar pare horretan, adibidez. Edo, egunerokotasunean, bai lanera joateko, ikastera joateko, edo dena delakorako, herritarrek garraiobide publikoaren aldeko apustua egitea errazteko, adibidez, Debako tren geltokia indartu genezake intermodal bihurtuz, ETSk Deban duen lurzoruan parking disuasorio bat ezarriz... Gutuna sinatzen dugun korridoreko udaletako ordezkariok bat gatoz azterketa sakon bat egin beharrarekin eta Eusko Jaurlaritzara mugatu beharrean azterketa hori egitearen erantzunkizuna, elkarlanean aritzea Gipuzkoako Foru Aldundia eta Gipuzkoako Garraio Agintaritzarekin. Maider Otamendi Tolosa (EH Bilduko legebiltzarkidea) Nika Lertxundi Ibarguren (Getariako alkatea) Alex Oliden Antia (Zumaiako EH Bilduko zinegotzia) Emeterio Iribar Sorazu (Orioko EH Bilduko zinegotzia) Aitor Arregi Eizagirre (Aiako EH Bilduko zinegotzia) Mikel Goenaga Gubia (Zarauzko EH Bilduko zinegotzia)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide