Feminismoa bertsotan

Urola Kostako Hitza 2016ko api. 28a, 10:58

IRITZIA. Puntuka. Iñaki Segurola

Ez da erraza ismo bateko ista izatea. Ismoak sentipentsaeraren kartzelak dira, eta denak lizuntzen eta gaiztotzen dira azkenerako. Zeozergatik dira ismoak gaitz edo oker askoren izenak: erreumatismoa, astigmatismoa, mongolismoa eta abar. Har dezagun feminismoa, eta ikus dezagun zer bide egin duen azkenengo urteetan… non? eta bertsotan. Bai: bertsoek zeozertarako balio beharko digute guri ere, eta Argia/Emakundek 2014an ateratako Bidea urratu duten bertsoak izeneko liburuxka hartuko dugu erakusgarritzat. Feminismoa esan dut, baina hobeto egongo da, zabalagotik harturik, emakume kontzientziadunen jarduna esatea, zeren oraintsuko kontua baita feminismoaren orokortzea; hau da: emakume kontzientziadunak ia erabat feminista deklaratzea eta itxitura horretan beren buruak errenditzea. Hasiko gara, beraz, 1988an. Galdetzen diote A. Loidiri emakume eta bertsolari izateaz, eta hark erantzun: "problema ez da sexu kontua, / baizik ona izatea". Hauxe da abiapuntua; gero, ikusiko dugunez, gauzak alderantziz izateraino gaiztotuko dira. Hurrengo bertsoak 1993koak dira. Bertsolarien Egunean hiru emakume jarri dituzte bertsotan saioaren azkenean. Eta M. Lujanbiok dio: "gizonezkoen tarta honetan / krema ez dugu izan nahi». Ezin batzuen berri ematen du biziro egoki I. Ibarrak: «nahiz ta gizonek krixtonak esan / beren grazi eta guzi, / deputamadre gelditzen zaie / ta guri berriz itsusi". Saio hari errematea E. Arozenak eman zion, erremate gogoangarria inondik ere: "ni ziur nago egunen baten / erakutsiko dugula / bertsolaritzak barrabilekin / zerikusirik ez dula". 2002ko A. Sarasolaren ale hau ere bide beretik doa: "tornero gisa hurbildu nintzen / ni taller txiki batera… / gizonen lana omen da baina / ez zait bizarrik atera". Bide eder bat egin zuten emakume askok bertsotan eta bertsotatik kanpora: ukatu egin zuten gizartearen egitura baztertzailea; ukatu egin zuten gizartearen gizon-arte izaera. Oraindaino aitatutako bertso-puska ia guztiak ezezkako esaldiak dira, eta horrek erakusten du ederkienik ukatze bat dagoela hor eta benetako bide-urratze bat. Baina gero baiezkako fasea etorri ohi da maiz holakoetan, eta ideia bat gizentzea eta mamitzea, eta dotrina edo ismo bat sortzea. Jeneralean fase hau aurrera daramatenek aurrekoen lan ona "gainditu" egin nahi izaten dute, eta eskuarki ez dute lan on hura gaiztotu eta usteldu besterik egiten. Fase edo joera horren erakusgarri, 2012ko U. Alberdiren bertso batzuk daude eskuartean darabilgun liburuxkan. Hauxe da bere bertso guztien bukaera: "konplize ditut eta / maite ditut denak"; esan nahi baitu: emakume denak. Berdin dio zer diren edo zer egiten duten emakumeek; maite ditu, besteak beste, "zuzenak" eta "okerrak"; "ale desegokiak" eta "andre txit gorenak"; "ama onak ta txarrak"; "tuntunak, mediokreak" eta "klaseko lehenak"; "markesaren alabak" eta "neskame gizenak"; "printzesak" eta "sorginak"; "lehen munduko emeak / kapitalistenak" eta "lur usaia daukaten  / andre indigenak". Edozeinek daki ezin litekeen gauza dela hori: denak maite dituenak ez du inor maite zinez. Hor benetan maite dena ideia gizen bat da, eta ideia horren egitez, baztertuak izatetik aingerutuak izatera igarotzen dira emakumeak; gizartean baztertuak izatetik gizaki helduaren statusetik eraitsiak izatera, zeren emakume izate hutsagatik maiteak eta onetsiak baldin badira, orduan ardura eta erantzukizunik gabeko izaki umetuak bilakatzen baitira, eta hori, bistan denez, markatuak eta baztertuak izateko beste era bat baizik ez da. Eta, bestalde, zer esango dugu andre txit gorenak, ama txarrak (umeen alderdia dut gogoan), klaseko lehenak, markeskumeak edo eme kapitalistenak maitagarri bihurtzen dizkigun ideia honetaz? Holakoak al dira justizia feminista ahaldunduaren oinarriak? Dakidana da A. Loidik 1988an kantatutako bertso haren kontrakoa dagoela ideia horren azpian; hau da: "problema ez da ona izatea, baizik sexu kontua", sexu jakin batekoa izateak edozer ontzen eta maitagarritzen duenez gero. Hona nola feminismo hau sexismo txarrenaren pareko bihurtzen den. Dena ez da feminismo kirtena. Gure liburuxkako bertso berrienak M. Amurizarenak dira, 2013koak. Honela bukatzen dira: "egin jauzi oholtzara, / amona, ama, alaba! / zure sorgina askatzen / animatuko al zara?" Anima bitez, bada, sorgin askeak izatera, eta ez ideia aluen gazteluan giltzatutako printzesa feministak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide