Turing-en makina

Urola Kostako Hitza 2016ko api. 21a, 11:48

IRITZIA. Puntuka. Amancay Gaztañaga

Hemendik hogeitamar urtetara makinek gainditu egingo gaituzte. Hori da zientzialariek eta robotikan adituak diren ikertzaileek baieztatzen dutena. Robotek memoria kapazitatean eta arrazonamenduan gure gainetik egoteaz gain, gure emozioak ere sentitzeko gai izango omen dira, eta ez hori bakarrik... emozio horiek gu baino hobeto ulertzeko gai izango dira, eta gu baino hobeto espresatu ahal izango dituzte. Zientzia fikzioa maite dut, txiki-txikitatik oso identifikatua sentitu naiz etorkizun ilun eta robotikoez hitz egiten zuten liburu eta filmekin. Esan daiteke, Blade Runnerek nire "etorkizuneko begirada" aldatu zuela ikusi nuenetik. Bertan, protagonistak test bat egin behar zien pertsona konkretu batzuei. Test horren bidez "errepikatzaileak" ziren jakin ahal izango zuen, makina perfektuak, gu baino askoz garatuagoak, baina ez gizakiak. Ideia horrek erabat beldurtzen ninduen... Eta egunen batean gizakiak ez diren izakiak aurrez aurre izaten baditugu? Eta ni neu jakin gabe robot/errepikatzaile horietako bat izango banintz? Badakit gaur egungo mundu zoro honetan: non Siriako errefuxiatuak hiltzen uzten ditugun zelai batean; non Afrikan gosez hiltzen diren guk hemen gehiegizko etxebizitza dugun bitartean; non bankuek pertsona xeheak etxetik botatzen dituzten, ordaindu ezin dutelako, eta bitartean, beste batzuek gure aurpegira lapurtzen duten... Badakit mundu ero honetan gaur hemen idazten ari naizen honek guztiak hori ematen duela, zientzia fikzio soila. Baina... Pentsatu momentu batez hori horrela izango balitz. Eta egiten dizkiguten inplante txiki horiek geroz eta gehiago eta garrantzitsuagoak izango balira. Eta erabiltzen ditugun aparatu guztiak gure gorputzean geroz eta integratuagoa baleude. Benetan uste duzu irakurle, errealitate robotiko hau urruti geratzen zaigula? Behar bada jada hasi da gure deshumanizazioa. Behar bada aurreko guzti hori gertatzen utzi dugu eta uste dugu deshumanizaturik gaudelako dela. Behar bada gero etorriko diren roboten ulermenean ez litzateke basakeria guzti hori kabituko... Turing-en makina izendatu dut gaurko hau. Alan Turing izan baitzen informatika modernoaren aita. Naziek bidaltzen zituzten kodeak deszifratzen lagundu zuen makina bat sortu zuen. Eta baita ere aurretik aipatu dizuedan test moduko bat. Test hori galderak erantzuten ari zena makina edo gizakia zen erantzuteko gai zen. Turingek zioen makinen arrazonamendua mugarik gabe hedatzen zela. Haren sinpletasuna medio... pentsamendu sinple horrek mugarik gabe aurrera, ikastera, eramaten dituela. Eta adi egon beharra zegoela. Horretarako bere testa. Turing 1952an homosexuala izateagatik epaitua izan zen. Kastrazio kimikora kondenatua. Bi urte geroago bere buruaz beste egin zuen, 41 urterekin. Sagar bat pozoitu eta hortzaka egin zion, hori izan zen bere agur esateko era. Gaur goizean artikulu hau idazten hasi naizenean, eta nire ordenagailuaren tapa ireki dudanean, hortxe ikusi dut Turing-ek hozkaturiko sagarra pizten ordenagailuaren azalean, eta burutazio guzti hauek etorri zaizkit. Gu ote gara bihotzik gabeko makinak? Behar bada gu gara "errepikatzaileak", gu sentimendurik gabeko munstro kabledunak. Adimen artifizialean kabituko ote litzateke hoztasun hau guztia? Bihozgabekeria hau?

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide