Jon Andoni Urdangarinen GUTUNA: Zarautzen espainola ez mesedez

Urola Kostako Hitza 2016ko api. 14a, 12:17

Gazteok, bai abertzaleok, eta bai hala sentitzen ez direnek (errespetu guztia zor diet horiei ere), iraganari baino, etorkizunari begiratzeko ohitura gehiago daukagu. Baina badira zenbait une, iraganari kiku bat egiteak ez diguna kalte egiten guri ere. Badakizue, sarritan atzeak erakusten baitu aurrea… Eta, uste dut, orain azaldu behar dudan gai honek horrelako zerbait eskatzen duela. 1931ko apirilaren 14an Espainiar Errepublika aldarrikatu zen. Eta noski, espainiarrek Konstituzio berri bat osatu zuten (parentesi bat eginez, inork aztertu badu, nirekin bat etorriko da gaur egungoa baino hura askoz jakobinoagoa zela; baina tira, alde batera utziko dugu hori oraingoz). Horren baitan, euskal udal demokratikoak osatu ziren, eta horietako batean, Aian, nire birraitona Gabino, Gabino Alustiza Etxeberria, alkate izendatua izan zen. Handik gutxira, 1931ko ekainaren 14an, Lizarran bildu zen Euskal Udalen Biltzarra, lau lurraldeetako alkateez osatua, Euskal Estatuko Estatutu Orokorra onartzeko. Eta han zen, aiarrek ondo jositako ikurriñarekin, nire birraitona Gabino. Zer esanik ez, Espainiar Errepublikako agintariek agiri hura tramitera ere ez zutela onartu. Konstituzioa ez zuela errespetatzen, espainiar subirotasuna zalantzan jartzen zuela, hiritarren artean bereizketak sortzen zituela …, eta, gaur egun ere oso ezagunak egiten zaizkigun beste zenbait argudio erabiliz, bertan behera utzi zuten. Orain, agintean dauden horiek katalanekin egin dutena (Estatutua zepillatu) baino azkoz okerragoa egin zuten gure aurrekoekin,kontuan ez hartu. Gero, 1936ko Estatu Kolpea etorri zen, eta euskal agintari abertzaleak Errepublikarekin lerrokatu ziren, legediarekin, besteengandik zetorrena Euskal Herriarentzat okerragoa izango zelaren jakitun, gainera. Eta faszista haiek Aiara iritsi zirenean, "antes una España roja que rota" lelopean, nire birraitona Gabino akabatu egin zuten. Abertzalea zelako, eta kitto. Denboran aurrera eginez, Francoren garai ilunak amaitu zirenean, Imanol Muruak berriro ere ikurriña Zarauzko udaletxeko balkoian altxatu zuenean, aldarri ozen bakar bat entzuten omen zen aurreko plazan : "Espainola ez, ikurriña bai". Berriro diot: espainola ez (zuetakoren bat han egongo zen agian, eta hobeto azaldu dezake, ni ez bainintzen oraindik jaio). Hori zen, ez izan zalantzarik, orduko zarauztarren borondatea. Eta honela, gaurdaino iritsi gara. Eta zer izango mahai gainean eta, proposamen hau: gure kabuz, gaur egungo zarauztarron borondatea aldatu egin izan balitz bezala, espainiar bandera (hiru koloreduna) udaletxeko balkoian ohore handiz altxatzea. Beste zenbait euskal udaletara iritsi den proposamen bera iritsi baita gurera ere. Ba ez, ez nago ados, eta nire oniritzirik ez du. Gauza bat da, bai nire birraitona Gabinok egin behar izan zuen bezala, eta bai guk ere egin behar izan dugun bezala, halabeharrez, espainiar bandera jarri behar izatea udaletxean (3 koloreduna, edota 2 koloreduna, hurrenez hurren), Konstituzioari men egin behar izatea (ordukoari edota gaurkoari), baina halabeharrez. Eta beste gauza bat da hori guztia gure borondatez egitea. Bada ni, abertzale bezala, ez nago ados, ezin naiz ados egon. Podemosek, PPk edota PSOEek espainiar banderaren alde (3 koloreduna, edota 2 koloreduna, eurek jakingo dute) egiteak ez nau harritzen, zilegi da, eta horren aurrean ez dago ezer leporatzerik. Baina bai EAJkoek, eta bai EHBildukoek, gure burua abertzaletzat dugun heinean, ez genuke espainiar banderarekiko gorazarre hau onartu behar. Badakit EHBildukoen baitan proposamen horren aurrean zalantzak izan direla, eta ez da gutxiagorako. Pentsa, espainiar banderari gorazarre egitearen aldeko jarrera hartzeak kontraesana nabaritzea besterik ez dakar, garbi dago hori. Tartean, asko jabe zaretela badakit, eta bat baino gehiago egindakoarekin damututa dagoela ere bai. Akats historikoa dela ere entzun diot norbaiti. Baina, lasai, emaitzak emaitza, ez da hainbesterainokoa. Beste gauza askotan bezala, denborak erakutsiko dizue bidea. Bitartean, zerbaitetarako balio badizue, zuekin batera gure herriarentzat etorkizun hobe baten bila dabilen gazte honen hausnarketa ere agian gogoan izan dezakezue. Laburbilduz: 1- Zarauztarren gehiengoak ez du espainolarik nahi (bata izan edo bestea). 2- Imanol Muruaren omenez, espainola ez. 3- Nire birraitona Gabino Alustiza Etxeberria akabatuaren izenean, arren eta mesedez … 4- Espainola hau ere ez mesedez. Jon Andoni Urdangarin Urrutia. Zarautz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide