Mondragon Unibertsitatean klaseak ematen hasia zela zioen Ihintzak mezu elektroniko hartan. Eta laster aniztasun afektibo-sexualaren gaia landu behar zuela Magisteritzako LHko lehen mailako ikasleekin. Pedagogiako ikasgai baterako egin genuen lanaz gogoratu zen, eta horren inguruko nire esatekoak botatzera gonbidatu nahi ninduen gelara. Etorkizuneko irakasle horientzat lagungarri izan zitezkeelakoan. Baietz esan nion, gustura joango nintzela. Eta gustura joan banintzen ere, gusturago egin nuen buelta. Etxera. Nire esatekoek interesa pizteaz gain irribarreak ere piztu zituztela jakinda.
SEX MODUZ? izeneko dokumental antzeko bat zen Pedagogiako lan hura. Premia bereziak ditugunon sexualitatea izan genuen aztergai, eta irudiaren kalitate eskasak ez zigun eragotzi ikusgarritasuna ematea oraindik tabu den errealitate honi. Ordutik, Castillos de carton eta El juego del ahorcado pelikuletako eszena beroenak Coca-Colaren iragarki baten audioarekin datozkit burura. Halaxe muntatu baikenituen bideoan. Lodientzat, argalentzat, altuentzat, baxuentzat, barre egiten dutenentzat, baikorrak direnentzat eta baita ezkorrentzat ere, denontzat omen da Coca-Cola. Sexua ere hala dela azpimarratzeko erabili genuen guk zerrenda bera. Idazle, irakurle, astronauta, pailazo, mago eta errege-erreginena, denona delako larrua jotzeko eskubidea.
Sexualitatea lantzen jarraitu gura dugu Ihintzak eta nik adin ezberdinetako gazteekin. Sexu hezkuntza. Baina ez eskoletan orain arte egin izan den bezala, ez, beste zapore bat emango dion osagai bat gehituko diogu: ezgaitasuna. Ez hain orokorki eta esperientzia pertsonal batetik abiatuta arituko gara. Nire esperientziatik. Gurpil-aulki bati lotuta bizitzeak ze puntutaraino baldintza zaitzakeen azaltzeko, gurpil-aulki bati lotuta bizi den norbaiten bizipenak direlako benetan balio dutenak.
Ezgaitasunek ez gaituzte guztiz ezgaitzen. Hori da, motzean esanda, helaraziko dugun mezua. Pertsonaia bat sortu dugu horretarako. Lía du izena, Lía Carasusan (Facebooken aurki dezakezue). Garun-paralisia duen trabesti bat da eta urritasun fisikoekin ere besteak bezain "normala" izan zaitezkeela erakutsiko digu bakarrizketa batean hamaika anekdota jasota. Aurreiritzien eta ezjakintasunaren aurkako borroka baketsua izango da gurea. Umoretsua eta probokatzailea. Gogotsu gaude, motibatuta, badakigulako funtzionatuko duela.
Askotan tokatu zait niri buruz hitz egitea eta arazorik gabe kontatzen ditut kontatu beharrekoak, baina nire gauzak ez dira nireak bakarrik, nire familiarenak ere badira. Edo nire lagunenak, edo nire ligeenak… Ezin biluztu naiteke guztiz ingurukoei arroparik kendu gabe. Eta oroitzapenekin nahi dut jolastu. Emozio eta sentimenduekin. Ilusioekin. Desilusioekin. Desioekin, pasioekin eta xaboi-burbuilak bezala lehertzen diren ametsekin. Orgasmo bakoitzarekin zerua ukitzeko aukerarekin. Edozer esateko askatasunarekin. Líaren azalean errazagoa izango da, erosoagoa. Bera beti bera den arren, ni ez naizelako ni une oro.
Pertsonaiak nola pentsatzen eta sentitzen duen islatuko da nire hitzetan. Edo alderantziz agian, pertsonaiaren hitzetan islatuko da nik nola pentsatzen eta sentitzen dudan. Ez nau kezkatzen. Garrantzitsuena jendeak hausnarketa-ariketa bat egitea da. Eta elbarritasunari besarkatuta murgiltzea sexu-kontuetan. Ikas dezagun behingoz ez garela hain ezberdinak.