Martxel Aizpuruaren GUTUNA: Biotopoarekin bateraezina da golfa

Urola Kostako Hitza 2016ko api. 5a, 15:14

Hasiak dira festa eta su artifizialak Zarauzko golfak ehunurteurrena ospatzen duelako aurten. Hitzak bi orrialde eskaini zizkion aurreko aste batean. Egin duten liburuaren egileak errepikatzen zuen azken aldian hainbeste bider entzun duguna, alegia, golfa izan ezean eremu hori dena etxez betea egongo zela gaur egun. Baliteke hala izatea, ez dut nik hori ukatuko, baina azpitik esan nahi zaiguna da zenbat egin duen golfak biotoporengatik, alegia, zenbat saiatu den ehun urte hauetan inguru horretako ondasun naturala zaintzen. Zer egin du, bada, golfak biotopoaren alde? Gauza nabarmenak egin ditu: azaleraren erdia baino gehiagoko bertako landareak erautsi eta rye-grassa landatu; golferako erabilgarria ez ziren tokietako landareak ipurditik atera edo segatu; zuhaiska exotikoak landatu; etengabe herbizidak eta pestizidak erabili; dunak dekapitatu eta itsaso aldetik hondar berria sartzen ez utzi. Hitz batean, ez dute ezer egin ondasun naturala babesteko eta golfaren jardunerako ona zen guztia egin dute. Bakoitzari berea. Golfa kokaturik dagoen paraje zoragarriari aipamenak egiten ari dira han eta hemen. Egia da, biotopoak asko edertzen du golfa, baina golfak ez dio inongo hobekuntzarik egiten biotopoari. Aitzitik, nire iritzirako, batera ezina da biotopoaren esentzia eta bertako golfaren jarduna. Laster batean Aldundiak egin behar du golfaren jardunaren kudeaketa-plana. Espero dut neurri eta arau gogor eta zorrotzak ezartzea eta bete araztea ondorengo urteetan, ziur bainago Aldundiko planean agertuko dela gaur egun biotopoak duen arazorik larriena golfeko jarduera dela. Martxel Aizpurua. Zarautz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide