Azpeitiarrok 1988tik ari gara inoiz existitu behar ez zuen zabortegi bat jasaten. Hogei urterako ireki zen zabortegiak hogeita hamar urte bete ditu jada (San Markoseko zabortegiak beste 30 urtez jaso zezakeen zaborra, baina berehala itxi zuten, Donostia inguruan baitzegoen). Herriko eta inguruko herrietatik ekarri duten zaborraren ondorioz, azpeitiarrok oro har baina inguruan bizi diren baserritarrak eta biztanleak bereziki, zabortegiko kiratsa jasan ditugu urteetan. Ingurumena kaltetu du zabortegiak eta lur azpian utzi diguten ondarea beldurtzekoa da. Honek izen bat du: Kutsadura.
Igaro berri den otsailaren 3an izan zen Lapatx zabortegia ixteko azken agindua, baina GHK-k beste urtebetez luzatzeko eskatu dio Urola Erdiko Mankomunitateari. Horrek, berriz, hiru hilabetez luzatzeko baimena eman dio (inorekin kontsultatu gabe). Bada garaia, azpeitiarroi galdetzeko, Lapatxekin zer egin nahi dugun.
Gure ustez, kezkagarria da Lapatxekin gertatzen ari dena eta ez gara fidatzen; itxiera data jarri duten laugarren aldia da, eta ez da inoiz errespetatu. Ez dugu inolako luzamendurik onartzen eta Lapatxen berehalako itxiera eskatzen dugu. Horretarako, data zehatz bat eskatzen diogu mankomunitateari eta agintariak ez badira gai epe hori errespetatzeko, egun horretan bertan, herritarrei mobilizatzeko deia egingo diegu, Lapatxen zaborra sartzea galarazteko.
Bestalde, Azpeitiko Zero Zabor taldea kezkatuta dago gure herrian ematen den birziklatze tasa baxuarekin: Gipuzkoako herri askotan birziklatze tasa %70ekoa den bitartean, Azpeitian % 35ekoa da; lotsagarria. Azpeitiko Udalari eskatzen diogu, epe laburrean, %70eko birziklatze tasa lortzeko neurriak har ditzala.
Ez dugu inon nahi, ez zabortegirik, ez erraustegirik. Ahalik eta zabor gutxien sortu eta birziklatzea da bidea.