Ez naiz erantzunik gabeko galderak egitearen zale. Badakizue, abokatu ajea izango da, horregatik galderak zuzen eta xuxen egitearen aldeko naiz. Gauzak garbi. Baina beti ezin.
Zergatik? nolatan? zertarako? Galdera asko eta erantzun gutxi. Hala ari naiz ni, hala ari gara gu, aspaldi, aspalditxo.
Josu dute gatibu, urrun, urrunegi. Zergatik, nolatan, zertarako? Baina han dute. Ziegan. Orain epaitu nahian. Sufrimendua luzatu nahian. Azpeitian sufritzen ari garelako oraindik, Josu han eta gu hemen. Azpeitian familia asko sufritzen ari delako. Tamalez. Familia askok negar egiten jarraitzen duelako. Biolentzia itsua delako. Izan delako. Zergatik, nolatan, zertarako?
Poetak ere, Sarrik, galderak egiten ditu. Armiarmari galdetzen dio. “Noiz arte?” Ez du erantzunik. Agian, ez du beharrik.
Ez dakit Josu galdezka ari ote den. Baina erantzun behar diogu: berari, bere senideei eta lagun guztiei. Lehenbailehen etxean nahi zaitugu, lanean, kalean, irribarrez eta behar izanez gero ere, galdezka. Baina etxean. Zure eta zure ingurukoen sufrimenduarekin amaitzeko. Azpeitiar guzti-guztien sufrimendua amaitzeko gu guztiok ahalegina egin behar dugulako. Justiziazkoa delako.
Nik ere armiarmari galdetu nahi diot: “Noiz arte?” Eta nahi dut erantzuna. Badut erantzuna. Zubigintza, bizikidetza. Eta lan handia egin beharra. Euskal Herri libre eta euskalduna. Horregatik
Jose Manuel, Iñaki, Gotzon, Joseba eta Josu ahalik eta azkarren etxean behar ditugu. Lan handi horri heltzeko, azpeitiar guztiekin batera desiratzen dugun Euskal Herri horretan bizitzeko. Bakean eta justizian.
Presoa zelda bazterrean,
bakarrik mintzatzen bezala.
Baina ez. Armiarma bati
galdetu dio: 'Noiz arte?'.
Armiarma, berehala,
zintzilikatu eta
haria luzatuz jaisten da.
Eta badirudi
hari luze hori dela armiarmaren
erantzuna.
Joseba Sarrionandia