“Ingurumena eta natur baliabideak ezagutzeko eta bizitzeko garaia da”. Hau adierazi zuen Orioko Bilduk udal hauteskundeetarako egindako udal programan. Motondoko eremua da Orion guretzat ingurumen balioen erreferente garbia. Eta baditugu arrazoiak hau esateko, guretzat ez ezik herri administrazioetatik kanpo eremu honek dituen ingurumen balioak babestuak izan behar dutela erabakita dagoelako, Motondok etorkizunean izan dezakeen izaera bakarra eremu babestua dela erabaki dutelako. Europako Komunitateak Natura 2000 sarean sartzea lehenik, garrantzi komunitarioko leku (GKL edo LIC) izendatzea ondoren eta iaz Eusko Jaurlaritzak Babes bereziko eremu (BBE edo ZEC) kategoria ematea izan dira behin-betiko erabakiak. Eusko Jaurlaritzak 2010ean eta 2012an emandako diru laguntzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak proiektuari eman dion babes instituzional, tekniko eta ekonomikoak instituzio ezberdinek proiektuari adierazi dioten atxikimenduaren adibide dira.
Aurtengo neguan herrian dugun altxor hau ezagutzeko aukera izan dugu Aranzadi Zientzia Elkartearen eskutik bertara egindako bisita gidatuetan. Elkarte honetako adituek azaldu digute Motondoko hezeguneak duen aberastasun ekologikoa berreskuratu eta mantentzeko gauzatu beharreko proiektuaren faseak nola egin daitezkeen. Mahai inguruan ikusi ditugu Motondori buruz eztabaidatzen Eneko Iriarte Geologoa, Eusko Jaurlaritzako ingurumen sailburu izandako German Alonso eta Doñanako (Huelva, Espainia) Estazio Biologikoaren zuzendari izandako Fernando Hiraldo bera. Proiektuaren aldeko apustua egiteaz gain, natur balioen berreskurapenean Orioko herriak eman nahi zuen pausua mirestu zuten denek.
Orioko Bilduk Motondo hezegune izatea nahi du, Oriok merezi duela uste dugulako. Motondo berreskuratzeak herriari onura ekarriko diola konbentzituta gaude, ingurumen aldetik ez ezik turismoa izango baita indartuta aterako den sektorea. Hondartzaz gain beste interesgunea da gure herrian errioa. Inguruko herrietatik bereizten gaituena da errioa, errioa da herri egin gaituena, herriaren sorreraren arrazoia, Orioren historiari guztiz lotua dago errioa (nortasunari, kirolari, aktibitate ekonomikoari, etab).
Motondoko berreskurapen proiektua Udalaz gaindiko administrazio batek kudeatu beharko duela ulertzen badugu ere, ez dugu beste inolako oztoporik ikusten hau garatzeko.
Administrazio horietako tekniko eta politikoak hau garatzeko nahia dute. Egungo egoera ekonomikon dirulaguntzak lortu dira. Eta ez nolanahikoak. Natur baliabideak bizitzekogaraia dute herritarrek, eta horregatik proiektu honen inguruko erabateko aldeko apostua egiteko prest gaude Bildun.
Orioko alkate Beñat Solaberrieta Orioko Bilduren izenean