Gabonetako azken mohikanoak

Jabi Gonzalez 2021ko abe. 30a, 10:45

Garai batean ohikoa izaten zen Gabonetako postalak bidaltzea beste herri batean bizi ziren senitartekoei eta lagunei, baita bueltan jasotzea ere. Ohiturak asko aldatu dira, ordea. Jose Manuel Castillo postari zumaiarrak bere oroitzapenak kontatu ditu UKTk argitaratu duen Gabon gehigarrian.

Familiarekin eta lagunekin elkartzeko garaia izan ohi da urte amaiera; mahai beraren bueltan, aiton-amonak, gurasoak, osaba-izebak, anai-arrebak, lehengusuak... biltzekoa. Falta direnak ere beti daude, zendu direlako edo urrun bizi direlako. Bigarrengoen kasuan, telefonoa hartu eta hurbilago sentitzen ditugu deituta edo sakelakotik mezuak trukatuta, zeren postalak apenas bidaltzen diren gaur egun.

Eguberri eguna iristear denean bidali ohi zaizkie Gabon postal horiek urrutiko lagun eta senitartekoei. Postal horietan, familia osoa agurtu eta jai zoriontsuak eta urte berri on bat opa izan ohi da. Urteen poderioz, eta batez ere sakelako telefonoaren hedatzearekin, ordea, galtzen ari den ohitura da Gabon postalak bidaltzearena.

Jose Manuel Castillok lehen eskutik igarri du gainbehera. Hogei urtetik gora daramatza postari lanetan, eta Zumaiako kaleetan barna egin ohi duen ibilbidean, urtean 30 Gabon postal inguru banatu ditu azken bizpahiru urteetan. Duela hamabost bat urte, berriz, 120 izaten ziren urteko, gutxi gorabehera.

Haren esanetan, beherakada dagoeneko egonkortu da, eta azken urteetan banatutako postal kopuruan gorabehera handirik ez da egon. Gabonetan elkar zoriontzeko Whatsappa erabiltzen dugula dio Castillok ere, baina gaineratu du badirela postalak bidaltzearen ohiturari eusten diotenak; tartean bera. “Urtero hamarren bat postal bidaltzen dizkiet Santanderren eta Extremaduran ditudan senitartekoei, baina ez dut lortu ohitura semeei transmititzerik”, aitortu du.

Postariaren hitzetan, 50 urtetik gorako herritarrak dira ohiturari leial jarraitzen diotenak; atzerrian bizi direnak dira, batez ere. Hala, postal gehien Ipar Ameriketatik jasotzen dute, Estatu Batuetatik eta Kanadatik. Gutun-azalarengatik identifikatzen ditu; bereziak direla dio, oso apainduak. Nostalgia etortzen zaio Castillori aurreneko Gabon postalak banatu zituen garaiak oroitzean: “Gaztea nintzenean jendea oso esker onekoa izaten zen postalak eramaten genizkienean. Lana biderkatzen zitzaigun Gabonetan, baina saria ere bazuen. Izan ere, postariok olerki bat zuen postal bana uzten genuen gure ibilbideko buzoi bakoitzean gutun-azal hori batean sartuta, eta gutun azala 5 edo 10 pezetako propinarekin itzultzen ziguten gero. Propina guztiak batuta bote bat osatzen genuen, eta hura izaten zen gure gabonsaria. Postalak banatzean, gainera, agerikoa zen jendearen ilusioa. Batek baino gehiagok sutondoraino eraman ninduen etxean jasotako postal guztiak erakusteko. Jaiotzaren edo Eguberrietako zuhaitzaren alboan jartzen zituzten”.

Eskoletan, oraindik, umeei postalak margotzea eskatzen zaie, baina ez da lortu ohitura belaunaldi berrietan errotzerik, eta, joera aldatu ezean, hamarkada gutxi batzuen buruan zeharo gal daiteke Gabon ohitura hori.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide