Gipuzkoako gazteluei buruzko liburua argitaratu berri duzu. Zer ezaugarri hartzen dira kontuan eraikuntza bati gaztelu deitzeko?
Hor daukagu Euskaltzaindiaren definizioa: harresiz, murru gotorrez, dorrez eta kidekoez babestu eta sendotutako eraikina edo eraikin multzoa da. Beraz, hasieran behintzat, zerbaiti gaztelu deitzeko babesteko balio zuen eraikin multzo bat izan behar zen, barruti bat sortzen zuena, eta horretaz gain, guretzat bederen, Erdi Arokoa izan behar da, eta baldintza hauek bete gutxienez: guneak bizitzeko aukera eman behar du, su-tokia izan, lo egiteko leku egokia, biltegiak...; babestua, eta multzoak esparru itxi bat osatu.
Iturriak eta dokumentuak garrantzitsuak izaten dira halako lanetan. Gazteluei buruz datu asko dago jasota? Ala orain ari zarete egiten lan hori?
Goi Erdi Aroko agiririk ez dago Gipuzkoarako, eta oso gutxi dira Behe Erdi Aroko lehendabiziko mendeetakoak. Hala ere, XIV. mendetik hasi dira ugariagoak izaten dokumentuak, eta aurkitzen ari garen gazteluen aipurik ezak bultzatzen gaitu mende horretarako gehienak baztertuak zeudela pentsatzera. Ildo horretatik, gotorleku ezagunen artean arkeologoek erabileraren etendurak antzeman dituzte, baina berrien artean, ziurrenik ez zuten bat bera ere XV. mendean berriro erabili, bestela dokumentuetan islatuko lirateke, edozein motatakoa izanda ere, ez bakarrik aipu toponimikoak. Hala ere, beste gai batzuetako dokumentuak erabiltzen ari gara iragana ezagutzeko. Adibidez, herrietako gastuen ordainketa agiri batetik tiraka ari gara aztarna batzuk jarraitzen.
Urola Kostara etorrita, batez ere Izarraitz mendi-multzoan eta kostaldean gazteluak egon zirela uste duzue. Zergatik?
Harrigarria bada ere, eskualdean ez dugu oraingoz gaztelurik topatu, baina ugariak dira aukerak, gehienbat abeltzaintzari eta neguko belardiei lotutakoak, baita artaldeen joan-etorriei ere. Aukerak eskualde osoan barreiaturik badaude ere, ikaragarri politak dira Izarraitz mendi-multzoaren aukerak, goiko larretarako sarbideetan kokatuak. Hirutan aztarna arkitektonikoak antzeman ditugu, baina teknika arkeologikorik erabili gabe, ezin ditugu lotu gazteluekin, izenetik haratago. Bestalde, eskualdean handiki boteretsuak zeuden, Balda, Loiola eta Oinaz lekukoak, eta haien egoitzak beharbada gaztelu mailakoak ziren. Tamalez, indusketa arkeologikoak eraikinen barrualdera mugatzen dira askotan, inguruko itxiturak eta lubanarroak bilatu gabe.
Eta itsasertzeko usteei dagokienez?
Itsasertzean, Hondarribian, Pasaian eta Donostian gazteluak baldin bazeuden, zergatik ez gainontzeko portuetan, Getarian eta Zumaian? Etorkizunean, nire ustez, gaztelu gehiago aurkituko dira Gipuzkoaren erdialdean eta iparraldean, hegoaldean baino.
Uste horiek frogatzeko zer pauso eman behar dira eta zer erremintarekin?
Aukeren bilketa egina dago, eta orain profesionalen txanda da, bereziki arkeologia-teknikak erabiltzen dituztenak. Batzuetan geruza arkeologikoa oso mehea da, haitzetako gaztelu gehienetan bezala, baina Lasturgo Gaztelu mendian edo Getarian gauza politak ager daitezke. Nire ustez, indusketak ezin dira orubera mugatu, haitzen behealdeak ere miatu behar dira, han baitaude mendetan zehar gaztelutik erori edo bota dituzten harriak eta gauzakiak. Ziurrenik, aukeren zerrenda ikusita, hamar bat aztarna arkitektonikoekin gainera, datozen urteetan zaleek eta arkeologoek beste 10-15 gaztelu identifikatuko dituzte.