Zer parteka dezakete hotel batek, eskola batek, saltoki batek, kirol elkarte batek eta merkatarai elkarte batek? Bada, besteak beste, hizkuntza, eta hizkuntza horrekiko konpromisoa. Euskaraldian parte hartzea eta ariguneak sortzea erabaki dute, izan ere, ehunka entitatek Urola Kostan. Ondorengo hauen iritziak bildu ditu UKTk: Saiaz hotela (Getaria), Andere ilerako produktu profesionalen saltokia (Azpeitia eta Zarautz), Aizarnako eskola (Zestoa), Pulpo eskubaloi kluba (Zumaia), Arkupe elkartea (Orio), Iraurgi Saskibaloia (Azkoitia eta Azpeitia) eta Arrospide oinetako denda (Azkoitia eta Azpeitia).
Andere ilerako produktu profesionalak (Azpeitia eta Zarautz)
Euskara gure parte sentitzen dugu, egunero erabiltzen dugu, eta ahal dela, bezero guztiekin. Horregatik erabaki dugu Euskaraldian parte hartzea eta arigune izatea. Andere saltokietan euskarak garrantzia handia du, lehen hitza beti euskaraz egiten dugu, baita bigarren hitza ere. Argitalpen eta iragarki guztiak ere euskaraz egiten ditugu.
Bezeroekin euskaraz hasten gara hizketan, eta, ondoren, beraiek erabakitzen dute nola jarraitu. Gure komertzial ia denak, aldiz, erdaldunak dira, eta, ondorioz, gaztelaniaz hitz egiten dugu haiekin. Dena den, horiei hitz solteak erakusten aritu gara: eskerrik asko, kaixo edota agur. Ikasitakoa erabili egiten dute gurekin, eta eskertzekoa da.
Duela bi urteko Euskaraldian ere parte hartu genuen, baina modu pertsonalean.
Oraingoan, entitate gisa ere parte hartuko dugu. Hiru langile gara, eta hirurok gara euskaldunak. Beraz, barne-arigunea erraz egin ahal izango dugu. Kanpo-ariguneari dagokionez, bezeroak euskaraz gehiago hitz egitera animatu nahiko genituzke. Izan ere, nahiz eta euskaraz jakin, askotan gaztelaniara jotzeko ohitura dugu edota gaztelaniazko hitzak sartzen ditugu esaldietan. Hori aldatzea nahiko genuke. Horrenbestez, hitz eta elkarrizketa guztiak euskaraz esango eta egingo ditugu; hori da hartu dugun neurri nagusia. Horrez gain, Euskaraldiak iraungo duen egunetan erakusleihoak apainduko ditugu.
Saiaz Getaria hotela (Getaria)
Saiaz Getaria hotela ireki genuenetik, gure helburuetako bat izan da euskaraz lan egitea eta zerbitzua euskaraz eskaintzea, baita bezeroei nahiz hornitzaileei euskara lan hizkuntza dela erakustea ere. Bezeroekin harremana dugun langileok euskaldunak gara –salbuespenen bat izan badugu ere–, gure artean partekatzen ditugun lan dokumentuak euskaraz idatzita daude, eta euskara lehenesten dugu bezeroei eskaintzen zaien informazioan.
Bezeroa iristen denean, lehen hitza euskaraz egiten diogu, eta, gero, haren hizkuntzara egokitzen gara. Hotel batean zailtasunak izaten ditugu euskaraz aritzeko, baina oztopo horiek txikiak dira. Bezeroek, orokorrean, oso gustura hartzen dute euskarazko jarduna. Dena den, zoritxarrez, hornitzaileekin nahiz administrazio langileekin hitz egitean, gaztelaniara pasatzen gara sarritan.
Duela bi urte ahobizi eta belarriprest rolak hartu genituen, eta oraingoan, arigune gisa arituko gara. Hotela itxita egongo da pandemiagatik, baina Euskaraldiaren presentzia adieraziko duten kartelak eta seinaleak jarriko ditugu. Hori egingo dugu euskara guretzat oso garrantzitsua delako, bizitzeko aukera izateaz gain, eguneroko harremanetarako zein lanerako baliagarria dela erakutsi nahi baitiegu bezeroei.
Aizarnako eskola (Zestoa)
Euskaraz bizitzea euskaraz hitz egitea baino gehiago dela esango genuke. Zestoa, eta bereziki Aizarna, euskararen arnasguneak dira, eta hori izan zen Euskaraldian arigune gisa izena emateko arrazoi nagusia. Herriarekin bat, euskaraz bizi gara, eta eskola herrian entitate garrantzitsua dela deritzogu.
Euskara gure hizkuntza izanik, eta euskaraz bizi garen pertsonak izanda, duela bi urte modu pertsonalean parte hartu genuen Euskaraldian, ahobizi gisa. Oraingoan, ordea, arigune ere izango gara; baina arigune bakarra izatea erabaki dugu. Izan ere, talde txikia gara Aizarnako eskolan; 33 ikasle, bederatzi irakasle, hezitzailea, jangelako langilea, garbitzailea eta hogei familia, guztira.
Denok betetzen ditugu arigune izateko baldintzak, eta adostasun zabala dago eskolako irakasleen eta irakasle ez direnen aldetik. Eta garrantzitsuena: euskaraz bizi gara uneoro, urte osoan.
Inguru hurbilean ez dugu euskaraz aritzeko arazorik, baina Hezkuntzako administrazioarekin izaten ditugun harremanetan, zoritxarrez, oraindik ere zailtasun batzuk aurki ditzakegu: adibidez, ezin dugunean euskaraz komunikatu edo argibideak gaztelaniaz ematen dituztenean.
Arrospide oinetakoak (Azkoitia eta Azpeitia)
Azkoitia eta Azpeitia bezalako herrietan euskaraz bizitzeko eta hitz egiteko arazorik ez dugu, baina euskararen alde egin dezakegun guztia egiten saiatzen gara Arrospiden. Lehenbiziko Euskaraldian ahobizi rola hartu genuen, eta oraingoan, entitate gisa ere ariko gara.
Saltoki txikiak izanik, ez gara modu berezian antolatu Euskaraldirako. Barne-arigunea bagara dagoeneko, euskaraz egiten dugulako lan guztia. Kanpo-ariguneari dagokionez, bezeroei ere euskaraz egingo diegu, beti egin izan dugun bezala. Hori bai, euskaldunak ez direnekin beste hizkuntza batean hitz egin beharko dugu.
Betidanik lehenetsi izan dugu euskara, gure ama hizkuntza delako. Gainera, txikitatik euskaraz bizi izan gara, eta euskaraz bizitzen jarraitu nahi dugu. Horregatik da garrantzitsua horrelako egitasmoetan parte hartzea.
Arkupe merkatari eta ostalari elkartea (Orio)
Duela bi urte ez genuen aukerarik izan Euskaraldian entitate gisa parte hartzeko, eta elkarteko bazkide bakoitzaren erabakia izan zen parte hartzea. Aurten, ordea, arigune gisa ere eman dugu izena. Orio herri euskalduna da, eta bertako merkataritzako eta ostalaritzako eragileok horren eredu izan behar dugula uste dugu.
Arkupe elkarteko ia kide guztiok euskaraz hitz egiten dakigu, eta, beraz, gure jarduna ere euskaraz egiten dugu. Hala ere, badira euskaraz hitz egiterik izaten ez dugun une batzuk; bezeroak euskaldunak ez direnean, adibidez. Era berean, hornitzaileak Espainiakoak edo atzerrikoak badira, ezin izaten dugu euskaraz hitz egin, baina, orokorrean, euskaraz lan egiten saiatzen gara.
Arkupe elkartetik Euskaraldian parte hartzeko deia egin nahi diegu oriotarrei. Baina ez soilik hamabost egun horietan, urte guztian zehar baizik. Herriko merkatariei eta ostalariei lehen hitza euskaraz egin diezaietela eskatzen diegu, guk ere hala egingo dugu.
Maite duzuna zaindu behar izaten da, eta, euskara gurea da eta maite dugu, beraz, zaindu dezagun.
Iraurgi Saskibaloia (Azkoitia eta Azpeitia)
Euskararen erabilera gizarteko alor guztietara zabaldu behar dela sinesten dugu ISBn, eta, kirol mailan behintzat, herriko entitate handienetakoa izanik, garrantzitsua iruditzen zaigu gu Euskaraldian egotea.
Euskaraz bizi gara, euskara da gure hizkuntza, eta duela bi urte ere proposatu zizkiguten egitasmo guztietan parte hartu genuen. Azpeitia eta Azkoitia herri euskaldunak dira, eta saiatzen gara esparru guztietan euskara lehenesten.
Euskal Herrian ez dugu arazorik eduki euskaraz funtzionatzeko. Noski, batzuek gaztelaniaz funtzionatzen dute, baina guk ahal dugun neurrian euskarari eusten diogu. Espainiako txapelketetan ere parte hartzen dugu, eta halakoetan ez dago gaztelaniaz funtzionatu beste erremediorik.
Aurtengo Euskaraldira begira, barne-funtzionamendurako ditugun taldeak identifikatu genituen eta denok agertu ginen parte hartzearen alde; horrenbestez, talde horiek arigune izendatu ditugu. Herritarrekin harremanetarako ditugun bideekin ere gauza bera egin dugu. Nesken zein mutilen goi mailako taldeetan, baina, ezinezkoa da ariguneak sortzea, jokalarietako batzuk atzerritarrak baitira. Dena den, gainerako taldeetan ez dugu neurririk hartu beharrik izan, erabat euskaraz bizi baitira horiek.
Pulpo eskubaloi kluba (Zumaia)
Pulpo eskubaloi klubeko kide gehienok euskaraz hitz egiten dugu, eta ulertu, berriz, denok. Horrela, arigune asko ditugu. Euskaraldi honetarako bost arigune sortu ditugu: bat zuzendaritzan, eta gainontzekoak eskubaloi talde desberdinetan –bi mutilen taldeetan, eta beste bi, neskenetan–.
Guk ez daukagu kanpo-arigunerik, dauzkagun guztiak barne-ariguneak dira, baina denetan Euskaraldiak eskatzen dituen betebeharrak gauzatzeko konpromisoa hartu dugu.
Zumaia herri euskalduna da, eta oso garrantzitsua da euskara lehenestea, bai herri bezala, bai Pulpo bezala. Horregatik, klub gisa zabaltzen ditugun mezu guztiak beti euskaraz izaten dira. Jakina, txapelketetan harremanak ditugu beste klubekin, eta horietako askotako kideek ez dakite euskaraz. Horregatik, ezin izaten dugu euskaraz hitz egin horiekin, baina, orokorrean, ez dugu arazorik izaten.
Euskararekiko konpromiso hori badugu, ordea, eta Euskaraldi hau aukera ona da klubak euskararekiko duen konpromisoa erakusteko eta euskaraz hitz egitea zabaltzen laguntzeko. Guretzat oso garrantzitsua da. Horregatik, Euskaraldiko egunetan zehar banderatxoak jarriko ditugu. Gainera, partidak streaming bidez ematen ditugunean Euskaraldiaren bideoak erakusteko asmoa genuen, baina proposamen hori airean gelditu da, partida guztiak bertan behera geldituko direlako.