Konfinamenduaren arinaldiaren 0. fasea hasi zen astelehenean. Igandean zehaztu zituzten denda txikiek ireki ahal izateko bete beharreko neurriak, eta, horiek beteta, lanean hasi dira Urola Kostan zerbitzua ematen duten hainbat dendari. Hitzordu bidez hasi dira martxan gehienak eta, orokorrean, arraro samarra ari da izaten astea. Aholkulariak dituzten arren, "zer egin jakin gabe" daude gehienak. "Gestoriarekin harremanetan gaude eman beharreko pausoak zuzen emateko, baina ez pentsa merkatariok informazio gehiegi dugunik honen inguruan", azaldu du Zarauzko Helmuga kirol dendako Iña Azkuek.
Irekitzekotan, arauak zorrotz-zorrotz jarraitu behar dituztela garbi dute. Lokala etengabe desinfektatu eta bezeroek eskuak ondo garbituta izatea ziurtatu beharra dute. Edukiera ere asko mugatu behar izan dute guztiek. Denda gehienetan, bezero bakarra egon daiteke aldi berean barruan. Hala gertatzen da, esaterako, Orioko Mara arropa dendan, Zarauzko Andere estetika produktu profesionalen saltokian eta Azpeitiko Agirre opari dendan nahiz Alar mertzerian. Dena den, honezkero jendea ohitu da distantziak mantentzen eta toki itxietara txandaka sartzen. Hala esan du Azpeitiko Valverde drogeriako Urko Valverdek: "Txandena dagoeneko ez dago esan ere egin beharrik; jendeak errespetatzen du".
Saltoki txikiez gain, aste honetan jarri dituzte martxan ile apaindegiak eta fisioterapia zentroak, horiek ere neurri zorrotzekin. Kasu horietan ohikoa da hitzordu bidez eskaintzea zerbitzua, baina ezinezkoa da segurtasun tartea mantentzea. Horregatik, Fisioterapeuten Elkargoak gomendatutako jarraibideak kontuan hartuz dihardu Miren Gozategi oriotarrak. Bezeroek etxetik eraman beharko dute maskara, eta zerbitzua eskaintzen den gunera sartzean nahiz handik ateratzean eskuak garbitu beharko dituzte. Saioa amaitzean, hurrengo bezeroa sartu aurretik, profesionalak erabilitako gainazal guztia garbituko du desinfektatzaileak erabilita.
Zarauzko Urbieta eta Zumaiako Tximak ile-apaindegiak ere martxan dira, lehengo ordutegi berarekin, baina, badaezpada, ohi baino profesional gutxiago dabiltza lanean. Dena den, badirudi jendea itxura eta orrazkera txukuntzeko irrikitan zegoela; izan ere, aste honetako eta datorren asteko egunak hitzorduz goraino beteta ditu Zarauzko Urbieta ile apaindegiak.
Orain arte, sareetan
Dendetako ateak itxita egon dira ia bi hilabetez. Diru sarrerarik ezak eta fakturak ordaintzen jarraitu beharrak antsietatea eta beldurra piztu ditu zenbaitengan, baina asko izan dira egoerari nolabait aurre egin nahian sareko salmentan jardun direnak, Orioko Muxutruk lore-denda kasu. Online eta telefono bidez aritu dira lanean, eta produktuak denda kanpoan ere entregatu dizkiete bezeroei. Ez dute arazorik eduki era horretara lan egiteko, baina noski, fisikoki irekita ez edukitzearekin, asko nabaritu dute diru sarrerak jaitsi zaizkiela. "Bi arazo egon dira: bat, fisikoki irekita ez egotean jendeak uste du dena itxita dagoela eta ez da etorri; bestea, eskaerak telefonoz egiteko aukera jarri dugunean, horrek lan ikaragarria sortu digu". Zergatik? "Bada, argazkiak bidali behar dituzulako, azaldu zer den eta zer ezaugarri dituen, gero etxeetara eraman...". Amaren Eguna izan zen igandean, eta egun hura "eromena" izan zela azaldu du Igor Amantegi dendariak. Zarauzko Andere estetikako produktuen dendako Aitzpea Agirrezabalaga ere produktuak etxeetara banatzen aritu da azken asteetan, eta azaldu du horrek kolpea "nolabait leuntzen" lagundu diola.
Herrian erostearen alde
Orokorrean, "gogotsu" daude merkatari txikiak salerosketa normalera itzultzeko eta lanean hasteko. Aste honetakoa "aurrerapausoa" izan da Helmuga dendako Azkuerentzat; izan ere, egoera "jasanezina" izaten ari zen, haren arabera. "Denda ireki beharra dago. Osasun egoera pixkanaka hobera doala ikusten ari gara, eta jada martxan jarri behar dugu, era batera edo bestera", eman du jakitera.
Ugari izan dira azken asteetan herriko dendetan kontsumitzera bultzatzeko kanpainak. Alar mertzeriako Lourdes Alberdik esan duenez, merkataritza txikia lehendik ere "oso kaltetuta" zegoen, Internet bidezko erosketak tarteko. Gauzak are estuago jarri zaizkie orain, eta egoerari buelta emateko, "herrian eta herrikoa kontsumitzea" eskatu die herritarrei. "Denda txikiei laguntzeaz gain, modu horretan kaleak bizirik mantenduko ditugu", dio Alberdik.
Zalantzak zalantza eta kezkak kezka, badirudi trantsizio astearen ostean jarduera normalagoa izango dela herriko dendarientzat, eta normaltasun berri horretara iristeko irrikitan daude eskualdeko saltzaile eta bestelako profesionalak.
Getariako ile apaindegiak, hilaren 11n zabalik
Idatzi bateratua plazaratu dute Getariako ile apaintzaileek, azalduz herriko ile apaindegi gehienak maiatzaren 11n, datorren astelehenean, zabalduko dituztela, "bezeroei ahalik eta arreta onena ematearren". Jakitera eman dutenez, "berandu" heldu zaizkie beren arloan jarraitu beharreko protokoloaren jarraibideak.
Datorren astelehenean neurri guztiak prest izango dituztela adierazi dute. Besteak beste, datorren astelehenetik aurrera maskarekin joan beharko dute bezeroek ile-apaindegietara, eta ez dutenei bertan emango diete bat. Bestelako neurriak ere hartuko dituzte: eskularruekin lan egitea, bezeroen arteko distantziak zaintzea eta erabilitako tresnak garbitzea, kasurako.