Selektibitatea heltzeko zain

Urola Kostako Hitza 2020ko api. 15a, 09:56

EHUren Donostiako campusa.

Hezkuntza zentroak ixtea izan zen koronabirusak sortutako osasun krisialdiaren aurrean agintariek hartutako lehen neurrietako bat. Ordutik, internet bidez ari dira klaseak jasotzen milaka ikasle, eta hala bukatu beharko dute 2019/2020 ikasturtea. Batxilergoko bigarren mailako ikasleek ahalegin berezia egin behar izan dute egoerara moldatzeko, unibertsitatera sartzeko hautaprobara aurkeztuko baitira gehienak.

Isabel Zelaa Espainiako Hezkuntza ministroak erkidegoetako ordezkariei selektibitatea atzeratzeko eskaera egin zien bideokonferentzia bidez. Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak iragarri zituen hautaprobaren data berriak: Euskal Herriko Unibertsitateak uztailaren 6tik 8ra egingo du selektibitatearen ohiko deialdia, eta uztailaren 20tik 22ra, ezohikoa.

Egoera berezi horretan ikasketa prozesua eta selektibitaterako prestaketa nola daramaten kontatu diete eskualdeko sei ikaslek urola kostako hitza-ri.

Ekai Amuskibar - Zarautz

"Sare sozialen bidez iritsi zitzaigun eskolak ixteko aginduaren berri. Gero jakin genuen selektibitatea atzeratu zutela. Arraroa izango da, normalean uztailean bigarren aukera izaten delako eta, aurtengoan, lehenengoa izango da. Ez da nire kasua, baina ikaskide askok prest zuten ikasturte amaierako bidaia, eta zapuztu egin zaie guztia. Daukagun beste zalantza bat da ea azterketan sartzen diren gaiak berdin mantenduko dituzten, uste dut oraingoz ez dutela aldaketa askorik egin. Ez dute gure ikuspuntua kontuan hartzen, klaseak normal jasotzea edo horrela egotea ez delako gauza bera. Erakundeei eskatuko niekeena da ez egitea selektibitaterik; uste dut momentu hau egokia dela horretarako. Ikasleoi presio handia sortzen digun hitzordua da, eta ordu jakin batzuetan jokatzen dugu guztia. Bestalde, itunpeko ikastetxeetan askotan puztu egiten da emaitza; horrek klase bereizketa sortzen du".

Malen Genova - Orio

"Lehenengo gauza pentsatu nuena izan zen zer gertatuko ote zen gure ikasturtearekin. Berez ez zaigu komeni egun bakar bat galtzea, imajinatu hilabete bat edo bi… Selektibitatea egiteko asmorik ez duten ikaskideak ere baditut, eta haiek ere ez dira eskolak ixteaz poztu. Hasiera batean lanak bidaltzen genituen classroom erabilita, baina orain irakasle guztiak ikasgai guztietan hasi dira bideo-deiak egiten, ikasleok galderak egiteko erraztasun gehiago izateko. Ikasketen aldetik begiratuta albiste ona da hautaproba atzeratzearena. Ni zientzien batxilergoa ikasten ari naiz, eta biologia eta kimika egiten ditut. Kimikako eta matematikako ariketak egiteko zailtasunak ditugu. Alde pertsonala kontuan hartuta, ordea, albiste txarra da, uztailera atzeratzeak uda erdia kentzea esan nahi duelako. Gainera, batzuk ikasbidaia ere bazuten ekainean, eta Orioko festak ere oso gertu daude".

Nahia Cadierno - Errezil

"Normala den moduan, Internet bidez klaseak jasotzean haria eten egiten da. Burua ez duzu eskolan bezala izaten, eta iniziatiba pertsonal handia eskatzen du etxetik lan egiteak. Hala ere, lan karga altua dugunez, gutxi gorabehera klaseen haria jarraitzen dugula esango nuke. Ez dut uste selektibitaterako inoiz guztiz prestatuta egongo garenik. Dugun presioa jasanezina da, eta ez dakigu egun horretan bertan dena nola aterako zaigun. Alarma egoera dela-eta ikasteko dugun modu berri honek beldurra areagotu besterik ez digu egin. Dena den, prestakuntza teorikoari dagokionez, nahikoa informazio ari zaigu heltzen, eta ez zait iruditzen guzti honek sekulako eragina izango duenik gugan selektibitatea prestatzerakoan. Gizarte Hezkuntzako gradua egin nahiko nuke, eta atera behar dudan nota ez da horren altua. Hala ere, badut beldur puntu bat behar dudan notara ez ote naizen helduko".

Molly Bux - Zumaia

"Esperientziak alderdi negatibo eta positiboak ditu. Alde batetik, lan egiteko metodo berriak erabiltzen ari gara eta horrek etorkizunean lagundu dezake. Horrez gain, egiten ari garen lan gehienak norberak egitekoak direnez, materia hobeto ulertzen ari garela iruditzen zait. Baina, egia esan, egoera gehienbat negatiboa da. Guztiontzat egoera berria denez ohitu beharra dago, eta momentuan guztiok oso estuturik gaude gehiegizko lana dela eta. Berez, uztailean berreskurapenak egiten dira, eta hori mantendu nahi dute, bi azterketak hilabete berean jarriz. Gehiegizkoa iruditzen zait, errekuperatu edo nota igo nahi duen norbaitek denbora nahikoa ez duelako, baina ez dago beste aukerarik. Aukeraketa egokiena iruditzen zait uztaila hasieran jartzearena, guztia ikasteko denbora behar dugulako, baina uda hasieran ikasten egoteak ez nau liluratzen".

Maddi Balerdi -  Azpeitia

"Ikasgelako ordutegi bera izaten jarraitzen dugu: 08:30ean hasten dira lanak bidaltzen, eta ordu bakoitzean, tokatzen den ikasgaiko lana bidaltzen digute. Gero, epe bat izaten dugu lan horiek entregatzeko. Lanak Classroom plataformaren bidez bidaltzen dizkiogu irakasleari. Gure egoera, beste urteetakoenarekin alderatuta, oso ezberdina da. Hirugarren ebaluaketa gure kasa egin behar dugu etxean; irakasleek lanak bidaltzen dizkigute eta guk epe jakin baterako entregatu behar ditugu. Ez dugu ordutegi jakin bat ikastolan bezala, lanak nahi ditugunean egin ditzakegu, eta alde horretatik, arduratsua izan behar da dena ordurako entregatzeko. Ez dakigu ikasturtea noiz eta nola bukatuko den. Unibertsitateko ikasketak noiz hasiko ditugun ere ezin dugu jakin. Oraindik ez dakit zer ikasiko dudan ziur; bi gradu ditut buruan, eta ez dakit horietatik zein aukeratuko dudan".

Carla Cagigal - Beizama

"Bideo-deiak eta ariketak berezko orduetanegiten ditugu. Hala ere, nahiago dut klasera joatea, inoiz ez dut izan hainbesteko gogorik. Etxetik, ikasi behar duzunaren azalpena zuk atera behar duzu, zu bakarrik jarri behar zara ikasten, eskolan ez bezala, ez daukazu-eta inor. Zalantzak galdetzeko badugu posta elektronikora jotzerik, baina ez da berdina ahoz edo korreoz azaltzea. Epe laburrean, ikasgaiak eta azterketak atzeratzea da kezketako bat. Egoera honengatik pilatu egingo dira, eta ikasteko denbora ez izateak kezkatzen nau.Ez dut uste hautaprobara ondo prestatuta iritsiko naizenik, orain klaseak ez direnez aurrez aurrekoak, zailagoa da behar den bezela ikasten jartzea. Nota altua ateratzea komeni zait, baina presiorik gabe hartzen saiatzen ari naiz. Atentzioa gehien deitzen didana Psikologiako gradua da. Bestela, goi mailako ziklo bat egingo nuke: Gizarteratzea".

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide