Sorkuntza Bekara proiektuak aurkezteko epea zabaldu du Azpeitiko Udalak

Urola Kostako Hitza 2018ko api. 6a, 18:49

Sortzaileek edozein kultur arlotako proiektuak aurkez ditzakete: musika, pintura, eskultura, literatura, antzerkia, komikia, soinu konposizioa, ikus-entzunekoa eta dantza, esaterako. Diru-laguntzak banatzerako orduan kontuan izango dituzte proiektuen interesa, kalitatea, originaltasuna, diziplina ezberdinak nahastea eta proiektuak Azpeitiko kulturari egin diezaioketen ekarpena. Maiatzaren 3an itxiko da lanak aurkezteko epea.

Aurreneko Sorkuntza Beka jaso zuen 'Erraiak' proiektuko kideak, sortzen. Zabalik dago Sorkuntza Bekara lanak aurkezteko epea. Joan zen martxoaren 23an egin zen publiko 2018ko deialdia, eta dagoeneko eskuragarri daude aurtengo beka eskatzeko oinarriak eta eskaera orria Udalaren webgunean. 16 urtetik gorako edonork eska dezake Sorkuntza Beka, azpeitiarra izan edo ez. Sortzaileek edozein kultur arlotako proiektuak aurkez ditzakete (musika, pintura, eskultura, literatura, antzerkia, komikia, soinu konposizioa, ikus-entzunekoa, dantza...), baina laguntzak banatzerako orduan kontuan izango dituzte, besteak beste, proiektuen interesa, kalitatea, originaltasuna, diziplina ezberdinak nahastea eta Azpeitiko kulturari egin diezaioketen ekarpena. Eskatzaile bakoitzak nahi adina proiektu aurkez ditzake bekara, baina sortzaileko gehienez bi proiektu lagunduko dituzte diruz. Proiektuak aurkezteko epea maiatzaren 3an itxiko dute. Bekara aurkezteko oinarrizko baldintza batzuk dira honako hauek:
  • 16 urtetik gorako edozeinek aurkeztu ahal izango ditu proiektuak.
  • Edozein kultur arlotako proiektuak lagunduko dira diruz.
  • Eskatzaile bakoitzak nahi adina proiektu aurkez ditzake, baina gehienez bi proiektu lagunduko dira diruz.
  • Kontuan hartuko dira proiektuen interesa, kalitatea, originaltasuna, diziplina ezberdinak nahastea, Azpeitiko kulturari egin diezaioketen ekarpena, eta genero ikuspegia eta bazterketa soziala jasateko arriskuan daudenak ere kontuan hartzea.
  • Proiektuak aztertzeko sei laguneko taldea eratuko dute Udalak eta Kultur Mahaiak hiruna kiderekin.
  • Azpeitian bi urtez erroldatuta egotea baloratuko da; baina Azpeititik kanpoko sortzaileek ere izango dute beka jasotzeko aukera.
2016an jarri zuten martxan Sorkuntza Beka Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak kultur sorkuntza bultzatzeko eta sortzaileei beraien obra sortzeko laguntza ekonomikoa emateko xedearekin. Orduan hamar proiektu aurkeztu zituzten, eta horietatik bost lagundu zituzten diruz. Aurreneko urtean 6.000 euro bideratu zituzten sortzaile gazteen proiektuak diruz laguntzera, eta iaz diru partida hori bikoiztu zuten. Hala, 2017. urtean 12.000 euro bideratu zituzten Sorkuntza Bekara, eta diru-laguntzak zortzi proiekturen artean banatu zituzten. Aurten, iazko diru partida bera jarri dute bekarako. Ideiei gorputza emateko aukera Sorkuntza Beka argitara atera zenetik, sormena xede duen egitasmoari forma ematen aritu dira haren sustatzaileak. Aurten ere bekaren garrantzia azpimarratu nahi izan dute Kultur Mahaiko zein Udaleko ordezkariek. Kultur arloa bizirik dago Azpeitian, baina etorkizunean ere bizirik egon dadin, sortzaile berriak lagundu behar direla esan du Josu Labaka Kultur zinegotziak: "Kultura bizia dugu, anbizio handiko proiektuak ditugu, hor dugu kultur arloan datorren hamarkada markatuko duen Soreasuko sormen gunea". Baina azpiegiturez gain, "etorkizun oparoa" izateko kultur mugimendua eta sortzaileak "beharrezkoak" direla azpimarratu du Labakak. Olatz Prat Kultur Mahaiko lehendakari berriak esan du gaur egungo kultur mugimenduaren "gakoa" elkarlanean dagoela: "Hausnartu, pentsatu, proposatu eta adostu ditugu herriko kultur mugimenduaren pausoak, pauso garrantzitsuak, eta Udalak norabide horretan jartzen ditu baliabideak. Denok norabide berean egiten ditugu urratsak, eta beka hau ere Kultur Mahaiak lantzeko zehaztuta duen ildo baten baitan doa". Kultur Mahaiko kide Xabier Gantzarainek, bere aldetik, herriko sortzaileak buruan dituzten ideiak gorpuztera animatu ditu: " Sorkuntza Beka aukera paregabea da bururatutako ideia bat gauzatu ahal izateko. Proiektu txikiak, handiagoak, diziplina batekoak zein bestekoak...".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide