Caritas desados, diru sarrerak bermatzeko laguntza kentzearekin

Julene Frantzesena 2016ko mai. 27a, 00:00

Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako Caritaseko kideek esan dutenez, DSBL kentzeko argudioak «ez dira onargarriak».Gipuzkoako Foru Aldundiak diru sarrerak bermatzeko laguntza (DSBL) pixkanaka kentzeko hartutako erabakiarekin «desados» agertu dira Azpe...

Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako Caritaseko kideek esan dutenez, DSBL kentzeko argudioak «ez dira onargarriak».

Gipuzkoako Foru Aldundiak diru sarrerak bermatzeko laguntza (DSBL) pixkanaka kentzeko hartutako erabakiarekin «desados» agertu dira Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako Caritaseko kideak.

Donostiako Elizbarrutiko Caritasek gaiarekiko duen jarrerarekin bat egin dute herri horietako ordezkariek, eta «adostasun zabalagorik ez dagoen bitartean» DSBL ez kentzea galdegin dute. Aitzitik, aldaketak egitekotan, «dituen gabeziak osatzeko bitartekoak jartzea» eskatu dute: «Jar ditzatela enplegu planak, etxebizitzen alokairurako diru laguntzak eta abar».

Elizaren erakundeko kideen ustez, DSBL kentzeko erabili dituzten argudioak «ez dira onargarriak», eta neurri horren «ondorioak jasango dituztenen ondoan» izango direla esan dute.

Denek eskubide berak

Caritaseko kideek esan dutenez, «egungo krisi humanitarioak» ez du horrelako aurrekaririk izan, eta jakitun dira «konponbideak oso zailak» direla. «Hala eta guztiz, ez zaigu ondo iruditzen DSBL kentzea», diote.

Boluntarioek azaldu dute ez dagoela «eskubiderik gabeko» norbanakorik: «Giza eskubideen aberria den Europan etorkinak ere eskubidedun subjektuak dira. Jakitun gara Europako ongizate maila, gurea, bizitza hobe bat nahi dutenentzat deia izan daitekeela, baina migrazio mugimenduak ez dira artifizialak. Sufrimenduari ihes egin nahi izateak sortzen ditu, eta, sarritan, bizitza hartzen dute ordainetan». Caritaseko kideek adierazi dutenez, etorkinak «errefuxiatuak» dira, eta «Europako erakundeen hondoratze etiko eta morala» herritarrei eragiten ari zaien galdetu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide