Kale Heziketak eta Artxamendik antolatuta, Nola hitz egin drogen inguruan seme-alabekin? tailerra emango dute Ailaket erakundeko bi kidek. Helburua hausnarketa bultzatzea da.
Ez da gai erraza nerabeekin drogen kontsumoaz hitz egitea. Gai «konplexu» hori lantzeko antolatu dute Kale Heziketa taldeak eta Artxamendi Gazte Topalekuak Ailaket elkartearekin elkarlanean honako tailerra: Nola hitz egin drogen inguruan seme-alabekin?. Saioa datorren asteartean izango da, Azkoitiko Elkargunean. Hitzaldia gurasoei edota hezitzaileei bideratuta dago batez ere, eta tabakoa, alkohola eta gainerako drogak izango dituzte hizpide.Saioa 15:30ean hasiko da, eta 17:30ean amaitzea aurreikusten dute. Izena emateko azken eguna, berriz, astelehena da. Interesa dutenek Gazte Informazio Bulegoan izena eman dezakete. Antolatzaileen nahia da hogei laguneko taldea osatzea, eta azken plazak falta dira betetzeko.
Ailaket erakundeko Miren Ugartek eta Maitane de Anituak gidatuko dute tailerra. Lehenik eta behin, substantzia horien azken urteetako kontsumo datuak jakinaraziko dituzte, hala nola, tabakoa, alkohola, kalamua eta bestelako substantzia batzuenak. Hezitzaileeentzat berebiziko garrantzia du gurasoen «kezkak» zeintzuk diren identifikatzea. «Gurasoei komunikazioa erraztu nahi diegu, izan ere, badakigu lan gogorra eta zaila izaten dela drogez hitz egitea», azaldu du Miren Ugarte taldeko koordinatzaileak.
Parte-hartzaileei informazio zuzena non aurkitu ere azalduko die hezitzaileek. Izan ere, drogen inguruko mitoak identifikatuko dituzte. Era berean, gizon eta emakumeen arteko kontsumo ohiturak errepasatuko dituzte, batzuekin nahiz besteekin izaten den jokabidea aztertuko dute.
Gakoa, komunikazioa
Tailerraren azken zatian guraso eta seme-alaben arteko komunikazioa indartzeko pautak emango dituzte. Ugarteren ustez, erabateko garrantzia du lehen komunikazio hori «noiz» hasten den: «Gure ustez komenigarria da lehenbailehen hastea etxean gaia lantzen, haurtzarotik».
Ailaket aurten hasi da tailer horiek ematen herriz herri. Halere, aitortu du goiz dela, oraindik orain, saioen ebaluazioa egiteko. Dena den, helburua argi dute: «Hitzaldiak hausnarketa bultzatu behar du, horixe lortu nahi dugu, izan ere, ez dago egia osorik».