Hementxe bertan idatzia nago eskerrak ematen dizkiodala Inixio Loiolakoaren itzalari konpainia multinazional eder bat fundatu eta armatu zuelako, zeren holakorik izan ez balitz, fabrikaz eta zikinez betetako paraje itsusi bat izango baitzen Azpeititik Azkoitirainoko eremu osoa.
Eta, hala eta guztiz ere, ezin jasan dezaket Inixio Santuaren estatua Xoxote gainean. Eta ezin jasan dezaket gure mendi-gailurretan gurutzeak ikustea. Zer egiten du goi horietan sekta jakin baten sinboloak? Zer egiten du han torturatzeko eta hiltzeko erabiltzen zen gauza batek?
Badakit askozaz txarragoa litzatekeela oraingo eliza edo sekta nagusiaren sinboloz beteta egotea gure gailur horiek; hau da, antena eta eolikoez gainera, dolarra, kokakola, mikrosofta edo rokanroleko ikurrez josita egotea gure mendiak. Bai: horien aldean oso gauza arina da lehengo sektako gurutzeak egotea (gurutze bakar bat egotea, esan nahi nuke, eta ez Ernioko gurutze-festa adibidez), baina hala ere ez zait iruditzen inolako arrazoirik dagoenik gailurretan gurutzeak jasaten segi dezagun. Beraz, gurutze horiek jarri zituenak ken ditzala behin eta betiko, eta utzi ditzala gure mendiak garbi eta sinbolo hiltzailerik gabe.
Bidenabar esanda, gai honetaz eztabaidatuta nago jende ezkertiar edo ateo modukoarekin, eta bat baino gehiago azaldu zait gurutzeak kentzearen kontra, zergatik? eta «beti hor egon direlako». Ez dakit, beraz, ze atarramentu aterako lukeen nere proposamen edo eskari honek herritar zintzoen artean: zintzo-eskubiko eta zintzo-ezkerrekoen artean, alegia.
Inixio Santuarengana nator atzera eta, zehazkiago esanda, haren izeneko eta omeneko basilikaren atzealdeko lekura, Isilgune izena jarri dioten eremu publikora. Paxirako eta lasai egoteko leku ederra da zinez, edo leku ederra zen, zeren orain kendu egin baitiote mendi-aldera zeukan puska guztia; itxi egin dute hori dena, eta arrazoia omen da jendea zirriak egitera eta txortara joaten zela. Bai gauza zoragarria, ezta? Ez ba! Loiolara hiltzera ekartzen dituzten jesuita xaharrek ezin jasan dezakete nonbait holako festa ederrik eta, era lotsagarri batean, leku horren jabe den diputazioak arrazoia eman eta itxita gelditu da jendearentzat, esan dugun bezala. Denok dakigu, eta baita hiltzeko zain dauden jesuita xaharrek ere, munduan den gauzarik onena dela txorta-asunto hori, baina tortura eta heriotza sinbolotzat dauzkan sekta batek, biziaren eta biziko gauza ederrenen zapalkuntza neurosigarrian oinarritutako sekta batek, jakina, ezin egin dezake gauza hoberik. Harrigarriena da «gure» diputazioak heriotzaren adoratzaile horiei laguntzea; edo beharbada ez da harrigarria, baizik-eta argigarria, botere haundi guztien funtsezko berdintasuna agertzen baitu, nere iritzirako. Nere gaurko bigarren proposamen edo eskaria hauxe da: ireki dezala diputazioak isilgune hori berriro oso-osorik eta hor okupa moduan dagoen kristau sekta horrek (Loiolan sobran dauden okupa bakarrak jesuitak berak eta haien lagunak dira, bidenabar esanda), ba sekta horrek historian egindako kalte guztia pixkaren bat erremediatze aldera, bihur dadila eremu hori txorta-libreko leku publiko eta agerikoa, edo, hitz txoroekin esanda, kruisiña (cruising) eta dogiña (dogging) egiteko eremua.
Eliza edo sekta honekiko kontu praktikoekin bukatzeko, azkenengo eskaria: laster huts-hutsik geldituko diren komentuak ez bihurtzea Interpretazio Zentro edo beste holako gauza historiko-kultural edo alferrikakoak eta jendearentzat ezertarako balio ez dutenak (tranpa hori oso berea eta maitea baitu botereak), baizik-eta bizitzeko edo zerbait egiteko lekuak. Hau, nik uste, jende gehiagok ere proposatu izan du, eta ez du merezi esplikazio luzea ematerik.
Eta orain, kristau maiteok, zoazte zeuen Jaun horren bakean.