Haurrak musikaren bidez garatuz

Urola Kostako Hitza 2015ko mai. 26a, 00:00

Zarauzko Antoniano Ikastetxeak ezagutzen du musikak haurraren garapenean izan dezakeen eragin aberasgarria, eta 0-2 urte bitarteko umeentzat musikoterapia tailerra antolatu du.Haurrak lehen urteetan beren nortasuna eraikitzen hasten dira. Horregatik, h...

Zarauzko Antoniano Ikastetxeak ezagutzen du musikak haurraren garapenean izan dezakeen eragin aberasgarria, eta 0-2 urte bitarteko umeentzat musikoterapia tailerra antolatu du.

Haurrak lehen urteetan beren nortasuna eraikitzen hasten dira. Horregatik, haur hezkuntzak berebiziko garrantzia izaten du haurraren garapenean. Aldi horretan nortasuna, adimena, gorputzaren ahalmenak eta gizarteratzeko eta harremanetarako gaitasunak garatzeko lehen urratsak ematen dituzte, eta horretarako baliabideak eskaintzea oso garrantzitsua da umeen etorkizunerako.

Zarauzko Antoniano Ikastetxean, esaterako, inguruneak haurren garapenean duen garrantzia oso kontuan hartzen dute, eta haurren berezko gaitasunak ahalik eta gehien garatzeko baliabideak jartzen dituzte. «Ingurune seguru batetik abiatuz, haurra estimulatu eta berez dituen gaitasunak garatu eta indartu egiten ditugu; hau da, bizitzan garapen osoa izan dezan oinarriak finkatzen ditugu». Ildo horretatik, urtebeteko haurrentzat gela du Antoniano Ikastetxeak. Ordutegi malgua du: 07:45etik 16:30era bitartekoa, eta urtean hamaika hilabetez martxan izaten da zerbitzua, gurasoen egutegietara moldatuz.

Bestetik, haurtxoen garapenean musikak izan dezakeen eragin aberasgarriaren jakitun da Zarauzko Antoniano Ikastetxea, eta musikoterapia oinarri hartuta, Musika Estimulazio Goiztiar Tailerra antolatu dute. Musikhazi Gipuzkoako Musikoterapia Elkarteak gidatuko du tailerra, eta bi egunetakoa izango da; lehen saioa maiatzaren 30ean egingo dute, eta bigarrena ekainaren 6an; biak 11:00etatik 12:00etara bitartean.

Musika eta musikoterapia tailerra 0-2 urteko haurrei zuzendua izango da, eta bertan musika helburu terapeutikoekin landuko dute. Haurrek amarekin, aitarekin, amonarekin edo aitonarekin parte hartuko dute ikastaroan, eta besteak beste haurraren eta helduaren arteko lotura afektiboa sendotzen lagunduko die saioak parte-hartzaileei.

Tailerrean haurrek sortzen dituzten soinuak errespetatu eta sustatuko dituzte uneoro, eta horrela, komunikazio-harremana eta entzumenaren garapen egokia ahalbidetuko dute.

Horretaz gain, musikaren erritmoaren bitartez, mugimendua, koordinazioa, oreka eta joan-etorria landuko dituzte. Gainera, arreta eta kontzentrazio gaitsuna, mintzairaren garapena eta oroimen gaitasuna hobetzeko musikak eskaini ditzakeen baliabideak ezagutuko dituzte; baita inteligentzia emozionala, autokontrola eta afektibitatea garatzeko modua ere.

Musika Estimulazio Goiztiar Tailerra ikastaroak parte-hartze mugatua izango du, eta bertan izena eman nahi dutenek bihar arte zabalik izango dute horretarako aukera Antoniano Ikastetxeko idazkaritzan, 943-830286 telefono zenbakira hots eginda, edo zuzen@antoniano.com helbidera idatzita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide