Emozioen multzoan biltzen da zoriona, eta, emozio gehienekin gertatzen den bezala, ez da definitzen erraza.
Zerbait serioaren bila hasiz gero, bilatuko genituzke definizio serioak, jakina. Halako definizioek esan ohi dute zoriona egoera emozional bat dela, norbaitek nahi edo desio zuen helburua eskuratzen duenean gertatzen dena. Egoera hori gerta daiteke horretarako ahaleginak egin ondoren, zori on horren bila ibili ondoren, baina baita halabehar hutsez ere.
Esan ohi dute norberaren gogobetetzearekin eta poz edo alaitasunarekin lotura zuzena duela zorionak, geure gustuarekin eta atseginarekin. Dena dela, bai bat eta bai bestea, definizio bihurri samarrak dira horiek, ez dago esan beharrik, baina jakina da hainbat ertz dituela zorionak, eta ez dela erraza gauza argiak esatea zorionari buruz. Hizkuntza bakoitzak, gainera, zorionaren ertz horietako bakoitzari besteei baino garrantzi handiagoa ematen diola dirudi. Gaztelaniazko felicidad latinezko felix hitzetik dator; esan nahi baita, ugaritasuna, askoren jabe dena, eta baita emankorra dena ere adierazten duen felix hitzetik. Ingelesezko happiness-ek pozarekin eta alaitasunarekin lotura estuagoa duela dirudi, eta frantsesezko bonheur eta euskarazko zorion hitzek gehiago zorte edo zoriarekin, halabeharrarekin.
Leon Tolstoik omen zioen zoriona norberak daukana estimatzean oinarritzen dela eta ez gogo biziz ez daukaguna nahi izatean. Benjamin Franklinek, aldiz, zioen: «Zoriona ez da lortzen zoriak eskainitako behin bateko zorte onarekin, oso gutxitan gertatzen baitira halakoak, baizik eta egunero gertatzen diren gauza txiki atseginekin». Zenbat buru, hainbat aburu.
Bestalde, zorionari begirada bihurriak eman izan zaizkio behin baino gehiagotan. The Beatles musika taldeak badu Happiness is a Warm Gun izeneko abestia, zoriona iskilu beroa dela esaten duena, hau da, tiro egin berri duen arma batena. Kezkagarria ere bada hori, neurri batean.
Idazle batek zioen urrutian baina eskuragarri hodeiertzean ikusten diren mendi urdintsuen bila joatea dela zoriona, adierazi nahiz, beharbada, zailtasunarekin, baina eskuratzeko moduan dauden helburuak lortzea dela zorion hori. (Geroxeago dio gizakiok mendixka urdin horietan zer dagoen ezagutu nahiz ibiltzen garela zorionaren bila, eta haietara iritsitakoan hodeiertzean urrutiagoko beste mendixka urdin batzuk besterik ez ditugula ikusten, baina hori ahaztu egingo dugu oraingoz).
Zoriontsu izan zarela garaia pasatu eta gero konturatzen zara, maiz, eta hori bizitzaren joko zitala dela ezin uka; baina badira, hala ere, une batzuk zorionaren kontzientzia nabariagoa dena. Esan nahi dut zenbaitetan zure inguruan igarri egiten duzula zoriona. Eta halaxe sumatzen dut orain. Aitona-amona egin gaituzte, eta ez da hori une txarra zorionari atea irekitzeko.
Duela egun batzuk ikusten nituen seme-errainak umearentzat gela prestatzen: hemen arrakala bat konpondu, hor pintura harrotu bat kendu, han goian zementuz zulo bat estali, hemen behean zokaloa babestu pinturaz ez margotzeko… Porlana, karea, eskaiola, aguaplasta, pintura…
Haien eginkizuna ikusita askoz lehenago gurea izandakoa etorri zitzaidan burura, elkarrekin bizitzera joateko etxea antolatzen eta prestatzen emazteak eta biok egindako egunen oroitzapena. Eta zorionari buruz halako bat-bateko irakaspen bat izan nuen.
Ezin esan jakinarazpen iraultzailerik emango dudanik. Seguru asko zorionari buruz esanak daude esan beharreko gauza serio guztiak, eta nik ez dut berririk asmatu. Baina badakit beste inork aipatu ez duen xehetasun txiki bat: zorionak aguaplasten usaina du.