Denbora sekulako abiadan joaten da. Badakit Fernandoren egiak esatea bezain inozoa izan daitekeela hori aipatzea, baina halaxe da, abiadan doa denbora.
Duela hainbat urte idatzi nuen abiadurari buruz herriko aldizkarian; joan naiz begiratzera noizkoa zen idazkitxo hori, eta ia hamaika urte joan direla konturatu naiz. Hori da denboraren abiada!
Eta oroimenarena. Oroimenetik ere abiadan joaten zaizkigu kontuak. Aldizkariaren izena Txaparro zen. Noizbait desagertu eta gehiago berpiztu ez den Txaparro gurea. Oroimenak abiadan joaten dira, jakina, baina komeni zaigu zenbait gauza gogoratzea. Galdu dugun gurea ez ahaztea!
Baina goazen harira. Kontua da gure garai honetan dena azkar dabilela, denak duela abiadura handia, ez bakarrik denborak: azkar dabiltza gure autoak, azkar dabiltza gure autoen aldameneko kamioiak eta azkar dabiltza trenak. Hala nahi dute, behintzat: abiadura handiko trena jarri nahi digute, guk haren beharra sentitu ala ez; nahiz eta abiaduraren istorio honek kako bihurri bat izan.
Esan nahi dut, geure burua engainatzen dugula nahita edo nahi gabe. Adituko duzue norbaitek diola: Zarautzen bizi naiz, Donostiatik zortzi minutura dago, autobidez.
Tira, ez da gezurra. Zarauztik abiatu eta «autobidean» sartzen zarenetik Donostiarako bidean «autobidetik» irteten zaren artean joan zintezke autoan zortzi-hamar minututan. Egia da hori. Baina non zeneukan aparkatua autoa? Zenbat denbora behar izan duzu hara joateko? Zenbat herria gurutzatu eta autobidean sartzeko? Eta Donostiara iritsitakoan, nora joan behar zenuen? Zenbat denbora behar izan duzu autobidetik irten eta «hirira» sartu zaren unetik iritsi behar zenuen lekura iritsi artean?
Azkar, txistu batean, egiten da Zarauztik Donostiarako bidea autobidetik. Gero datoz kontuak, hirira sartutakoan, eta bidean irabazitako denbora kale bazterretan aparkatu ezinik edo semaforoetan itxaronez gastatzen dituzunean, amorrazioz beteta…
Esan ziguten azkar, txistu batean, ekarriko gintuela Paristik edo Madrildik abiadura handiko trenak, eta Donostia-San Sebastian izeneko geltoki batean utziko gintuela, trajeari ukitu bat eman eta jaun prestu baten itxuran gure eginkizunak egin ondoren itsasertzeko barandila atzetik itsasoari begirada bat eman eta berriro munduko edozein bazterrera txistu batean itzultzeko.
Orain badakigu gure euskal Y trenbide-letra hori bateko urrea baino bakartiagoa geratuko dela Euskal Vascongadasen erdian, loturarik gabe, ez Paris eta Londres, ez Madril eta ez Bartzelona.
Agian noizbait amaituko da etxe barrurako geratu zaigun abiadura handi eta distantzia laburreko trentxo hori, eta Bilbotik Donostiara abiadura «handian» ibiliz «aurreztu» dugun denbora erabili beharko dugu, gero, Astigarraga aldeko geltokitik (edo Donostiako Atotxakotik, hala ote?) etxerako bidea egiten.
Norbaitek aipatu berri du ez ote liratekeen errentagarriagoak helikopteroan egindako bidaiak AHT santuaren kasketaldiarekin xahutzen ari diren dirutzak xahutzen jarraitzea baino. Horra gure abiadura beharrak nora garamatzan!
Badakit alferrikako leloarekin ari naizela, trenbideak egiteko baimenak emanak daudela, diruak gastatuak eta dagoeneko alferrik dela errota honi bira gehiago ematea, garirik ez dagoen lekuan ez baita egiten irinik, baina emadazue baimena abiadura kontuak utzi eta patxadaz ibiltzeko, eta haserretu nahi dudanarekin haserretzen jarraitzeko.