[caption id="attachment_122536" align="aligncenter" width="300"]

Ainhoa Baglietto aske gelditu berritan (Gari Berasaluze)[/caption]
Fiskalak 50.000 euroko bermea eskatu du gaur Eloy Velasco epailearen aurretik pasatu diren Ainhoa Baglietto eta gainontzeko sei abokatuentzat. Epaileak, ordea, horiek aske uztea erabaki du, bermerik gabe. Bagliettoren gertuko batek jakinarazi dionez Hitzari, abokatuak esan du
deklarazioa "ongi" joan dela.
Gaur goizean deklaratu dute sei abokatuek, eta 15:00etatik aurrera
Herrira-ko hiru kide igaroko dira epailearen aurretik. Atzo arratsaldean Amaia Izko, Haizea Ziluaga, Eukene Jauregi, Arantxa Aparicio eta Onintza Ostolaza abokatuak eta Nagore San Martin Herrira-ko kideak–haurrak dituzten emakumeak hartu zituen aurrena– deklaratu zuten eta
seiak libre utzi ditu Velascok, karguekin. Pasaportea kendu diete eta Espainiako Estatutik ateratzea debekatu. Hilero sinatu beharko dute epaitegian. Zarauzko Udaleko ordezkari batzuk Madrilera bidean dira, Bagliettori eta haren senideei babesa agertzeko.
Halaber, Gipuzkoako Ogasuneko egoitzan izan ziren atzo guardia zibilak 28 lagunen datu fiskalak biltzeko.
Astelehen goizean hamasei lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak, ETA babestea eta dirua zuritzea leporatuta. Espetxeetako frontea osatzea eta presoak adoktrinatzea egotzi diete, eta 2012. eta 2013. urteen artean Ogasunean 1,3 milioi ez aitortzea. Lekukoen arabera, 07:15ak aldera atzeman zuten Baglietto Zarauzko malekoian. Ondoren Hernanira eraman zuten, haren abokatu taldearen bulegora. Egoitza bederatzi bat orduz miatu, eta ondoren Madrilera eraman zuten.
Hernaniko egoitzaz gain, beste hainbat bulego ere miatu zituen Guardia Zibilak, Bilbokoa kasu, eta baita hiriburu horretako LABeko egoitza eta beste zenbait herriko ere. Gipuzkoan, Bizkaian, Nafarroan zein Madrilen izan ziren atxiloketak, guziak astelehenean. Bagliettoz gain, beste hamabost lagun hartu zituzten atxilo. Abokatuak dira gehienak: Amaia Izko, Kepa Manzisidor, Onintza Ostolaza, Aiert Larrarte, Haizea Ziluaga, Arantxa Aparicio, Alfonso Zenon, Atxarte Salvador, Jaione Karrera, Kepa Manzisidor eta Ane Ituño.
Herrira mugimenduko lau kide ere atzeman zituzten: Jon Mintegiaga Minde, Nagore San Martin, Javier Carbadillo eta Fran Balda. Iñigo Goioaga ere auzipetu zuten, baina ez zuten atxilotu, senataria denez, aforatua delako.
Madrilen ziren Izko, Jauregi eta Ziluaga, herenegun Auzitegi Nazionalean ezker abertzaleko 35 kideren aurka—tartean,
Antton Gomez Zestoako bizilaguna— hastekoa zen epaiketako defentsa abokatuak baitira. Bertan behera utzi zuten epaiketa hori 35 auzipetuetatik 19 abokatu gabe geratu zirelako Mate deitu dioten operazioaren ondorioz. Horietako inor ez da Gomezen abokatua. Atxilotuen egoera argitu arte ez dute epaiketa noiz izango den jakingo. «Zenbait kide abokatu gabe geratu dira, eta une honetan ez dakigu zer gertatuko den horiekin. Ez dakigu kalera joango diren ala kartzelara», nabarmendu du Zestoako bizilagunak. «Sumarioa monstruosoa da, oso handia. Auzipeturen batek beste abokaturen bat hartu behar izanez gero, defentsa prestatzeko denbora dezente beharko du, ez baita epaiketa erraz bat. Indefentsioa izugarria da».
«Euskal Herrian, beti pentsatzen dugu Estatuaren errepresioak ezin duela harago joan. Eta ikusten dugu etengabe hazten ari dela errepresioa», salatu du Gomezek. Ondorio politikoa «garbia» dela dio: «Hemen ez dago normalizazio politikorik, ezta bake prozesurik ere, estatuak ez duelako nahi. Hori agerikoa da». ETAren adierazpenetik hiru urte pasatu direnean, Estatuak makroepaiketak antolatzen jarraitzen duela salatu du: «Hainbat komunikabidek esan zuten azkenengoa izango zela geurea. Makroepaiketa horren egunean, ordea, ikusi dugu beste makroepaiketa bat antolatzen ari direla».
Salbuespen egoerak ez duela etenik esan du, «ilegalizazioen denbora» ez dela amaitu eta alderdien legeak indarrean jarraitzen duela.
Larunbatean manifestazioa
Hori guztia salatu zuten atzo goizean Bilbon eta Donostian ere. Giza eskubideak, bakea eta konponbidea lelopean, larunbaterako manifestaziora deitu zuten hamaika gizarte eragile zein politikok—besteak beste, ELA eta LAB sindikatuek, Sortu, EA, Aralar, Alternatiba, Lokarri eta Bilgune Feministak—. Donostian izango da martxa bateratua, Antiguako tuneletik hasita, 17:00etan. Espainia bake prozesua oztopatzen ari dela salatuko dute bertan.
Donostian, Etxerat elkarteko ordezkariek atzo goizean salatu zuten Espainiak «abokatuak bahitu» dituela, «Europan eskubideen urratzeagatik kondena berriak ekiditeko». Asteleheneko operazioa «lege eta zuzenbideari nahi beste tranpa egiteko beste urrats bat besterik ez» dela adierazi zuten, eta mobilizazioekin bat egitera deitu zituzten herritarrak.
Zarautzen ere egingo dituzte mobilizazioak. Gaur kazerolada izango da 19:00etan Musika Plazatik abiatuta, eta etzi manifestazioa, 20:00etan udaletxe paretik.