Gipuzkoako ur termalen fenomenoa: distiratik gainbeherara

Ane Olaizola 2014ko abe. 12a, 12:12

Aierbe, Larrinaga eta Cabrero, atzo, aurkezpenean
(Ane Olaizola / Urola Kostako Hitza) Carlos Larrinaga Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kideak Balnearios Guipuzcoanos, 1776-1901. Turismo de salud e inversión de capital en aguas minerales liburua aurkeztu zuen atzo arratsaldean, Zestoako bainuetxean, hura baita irekita jarraitzen duen bainuetxe bakarra. Larrinagak, bainetxeko zuzendari Ignacio Cabrerok eta Rosa Aierbe elkarteko kideak hartu zuten parte aurkezpenean. Elkartearen bidez kaleratu du liburua, honen 250. urteurrenaren harira, eta herritarrez gain, elkarteko hainbat kide ere izan ziren atzoko ekitaldian. Urte askotako lana izan da Larrinagak idatzi duen liburua. XVIII. mende amaieratik XX. mendera arte Gipuzkoan banuetxeek eta turismo osasuntsuak delakoak izan zuen eragina eta bilakaera aztertu ditu Granadako (Espainia) unibertsitateko irakasle denak. Gipuzkoako eremua aztertzeko arrazoiak azaldu ditu Larrinagak. Gipuzkoa industrializazio prozesua azkarren eman zuen herrialdea izanik, honek hirugarren sektorean zuzenean eragin zuela adierazi du: "Ezin da industrializazioaz hitz egin hirugarren sektorea kontutan hartu gabe". Bi sektoreak lotuta daude honen arabera, eta horrek bainuetxe ugari sortzea eragin zuela azpimarratu du: "Gipuzkoa da iturri mineral gehien dituena. XIX. mendean 11 bainuetxe egon ziren, eta kopurua handia da hori Gipuzkoa bezalako eremu batentzat. Horietako asko, gainera, izen handikoak izan ziren". Horrez gain, mende eta laurdeneko epea ikertu du, orduan izan zutelako osperik handiena. EAEko kide eta hainbat herritar elkartu ziren aurkezpenean
(Ane Olaizola / Urola Kostako Hitza) Jatorrian, aristokraziari lotutako turismoa izan zen bainuetxeena. Larrinagak Espainiako ikuspegitik kontatu du haien sorrera: "Moda hau berandu iritsi zen Espainiara. Borboien etorrerarekin sortu zen fenomeno termala, eta orduan hasi zen ospea hartzen osasunari eta ongizateari zegokion turismoa". XVIII. mendearen bigarren zatian izan zen hori. Idazleak azaldu duenez, ur mineralak balioan jarri ziren garai hartan, besteak beste, aurrerapen kimikoei esker. Burgesiari eta goi klaseari lotutakoa izan zen, eta beraiek izan ziren Gipuzkoan bainuetxeak zabaldu zituztenak, gero familia negoziotara ere hedatu bazen ere. Larrinagak jakinarazi duenez, termalismoaren fenomenoa XIX. mendean hedatu zen gehien, eta bainuetxe gehien zituen herrialdea bilakatu zen Gipuzkoa. "Iraultza Liberalarekin, jabetzaren zentzuak kapitalismo termal handia sortu zuen. Bainuetxetan inbertitu zuten askok, eta ekintzaileak ere izan ziren. Industrializazioari eta modernizazioari lotuta egon zen, dibertsifikazio ekonomikoarekin bat egon zen turismo mota hau". XIX. mende amaierako distira hurak tokian tokiko ekonomian eta ekoizleen artean eragin zuela ere nabarmendu du, baina horren ezaugarrietan sakontzea zaila izan zaiola aitortu du. XX. mende hasieran etorri zen bainuetxeei lotutako turismoaren gainbehera, besteak beste medikuntzak izan zituen aurrerapenen eta hondartzetako turismoaren ondorioz. "Ezin izan zuten gaineskaintza jasan". Hala, bainuetxe asko itxi egin ziren, eta horren adierazgarri, egun Zestoakoa da Gipuzkoan irekita mantentzen den bainuetxe bakarra. Elkartearen lana, "funtsezkoa" Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen 250. urteurrenaren harira kaleratu dute bainuetxeen inguruko liburua. Izan ere, elkarteak azpiegitura horiekin lotura zuzena duela nabarmendu dute. "Azkoitiko San Juango bainuetxean hasi zen elkartearen hirugarren fasea", jarri du adibidetzat Juan Bautista Mendizabal elkarteko Gipuzkoako lehendakariak. Liburuaren idazleak ere adierazi du elkartea "funtsezkoa" izan zela fenomeno honetan: "XVIII. mendea amaieran elkarteak Bergaran egin zuten mintegi batean, ur termalen lehen analisiak egin zituzten, eta Zestoako urak erabili zituzten orduan". Aierberen esanetan, berriz, liburu honetako emaitzak "ahalegin handi baten ondorio" dira, eta kultura zabaltzea izan du helburu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide