IRITZIA. Bostekoa. Ainhoa Alberdi
Gabonek, gaur ezagutzen ditugun moduan, Jesusen jaiotza adierazten dute, tradizio erlijiosoaren barruan, gaurko gizartearen kontsumismoaren adierazgarri bortitzenetakoa bihurtu direlarik.
Baina festa hauek Erdi Aroan hasi ziren horrela ospatzen; garai hartako aita santuak izan ziren data abenduaren 25ean jarri zutenak, sinesdunak neguko solstizioaren inguruan egiten ziren festa paganoetatik urruntzeko eta ospakizun erlijiosoetara hurbiltzeko, eta baita lortu ere!
Neguko solstizioa urteko egunik motzena da. Hau, lurrak eguzkiarekiko inklinazio handiena duen momentua delako da, eta honen ondorioz lurrak argi gutxiago jasotzen duelako. Une hau kultura askorentzat urtearen hasiera zen, eta horregatik egiten ziren ospakizunak.
Keltar Tradizioan, esaterako, neguko solstizioak Yule izena hartzen zuen. Yulek, urteko gurpila beheko aldean dagoen unea adierazten du, prest dago berriro ere igotzen hasteko. Dantza eta festa egiten zuten. Txerri bat sakrifikatzen zuten Frey-ren ohoretan–maitasunaren eta emankortasunaren jainkoa– honek eguraldia eta euria kontrolatzen zituela sinisten zelako. Zuhaitz baten enborra erretzen zen ospakizunek irauten zuten bitartean, eguzki berriaren jaiotzaren adierazgarri. Keltiarrentzat zuhaitzak botere adierazle dira. Hortik dator Gabonetako zuhaitzaren ohitura ere.
Aintzinako Erroman, abenduan Saturnalia ospatzen zen, Saturno jainkoaren erregealdia Erromaren urrezko garaian. Garai hartan lurra oso emankorra zen Erroman, eta ez zegoen liskarrik, ezta gudarik ere.
Saturnalian festak ospatzen ziren astebetez. Aste horretan gizarte ordena aldatzen zen: nagusia esklabu bihurtzen zen, eta esklabuak nagusi bihurturik estatuko kargu garrantzitsuak betetzen zituzten. Ospakizunak iluntasunaren amaiera adierazten zuen, eta urte berri baten hasiera. Garai hartan Saturnaliaren erritoan sazerdotesak (emakumea) hitz batzuk esaten zituen: «Gaur solstizioaren gaua da, urteko gaurik luzeena. Orain ilunbea da irabazle eta hala ere argi izpi bat geratzen da. Naturaren arnasa geldirik da, dena zain dago, dena lotan dago. Iluntasuna bizi da argi bakoitzean. Gu egunsentiaren zain geratzen gara, Ama Haundiak eguzkia berriro ere erdituko duen unearen zain, udaberri berri baten etorrera adieraziko duena. Horrela da betiereko mugimendua, denbora geldiezina, dena bere baitan biltzen duen zirkulua. Gurpila biratzen dugu argiari eusteko. Eguzkiari deitzen diogu gauaren sabeletik. Izan bedi!».
Euskal Herrian ere izan ziren zalantzarik gabe horrelako ospakizunak. Eta Erroman sazerdotesak izan zirenak, hemen sorgiñak izan zirela esango nuke. Saiatu naiz informazioa topatzen honi buruz, baina dagoenak ez nau asetzen, ofizialegia da, zurbilegia eta gehienetan ahots maskulinoen bertsioa. Errezelua dut, beldurraren poderioz ederki isildu zituztela garai hartako ahots batzuk, eta horrela betirako ezkutuan geratu direla gure sustraien zati garrantzitsuak. Garai hartako gizaki emeak nolakoak ote ziren? Zer esango ote zuketen askatasunez hitz egiten utziz gero? Gustura egingo nuke jauzi denboran eta zulotxo batetik garai hartan gertatzen zena ikusi! Bitartean, asmatu egin beharko dugu...!
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide