Aritz Mutiozabal idazlea (Amaia Ventas).
Indartuta eta «pilak ondo beteta» dator Aritz Mutiozabal (Zarautz, 1980), baita besapean lan berri batekin ere:
Bizikleta lapurtu didate gaztetxoentzako liburuarekin. Gizarte justuago baten aldarria da hori, idazlearen hitzetan, eta une jakin batean gertatzen ari zitzaionak izan du zerikusirik kontakizunean. Bihar izango da Durangoko Azokan Ibaizabal argitaletxearen postuan aleak sinatzen. Azken lana ontzen duela gutxi bukatu badu ere, beste hainbat hasi ditu dagoeneko: poemategi berri bat, haurrentzako beste istorio bat, helduentzako narrazio bilduma bat... «Denborak jarriko du lan bakoitza bere lekuan», dio.
Poesia liburu bat kaleratzetik, 10 urtetik gorako haurrentzat lana osatzera. Zergatik salto hori?
Ez da aurrez bilatutako zerbait izan. Poesia ez zen beste genero batzuk lantzeko gogoa nuen, batez ere prosa, baina neure burua behartu gabe. Eleberri batekin hastea itsaso handitan murgiltzea zela iruditzen zitzaidan, eta narrazio txikiak idazten hasi nintekeela pentsatu nuen. Horretan eta, era berean, ezertan ari nintzela, hainbat faktore suertatu zitzaizkidan. Alde batetik, aita izatekotan nintzen, eta bestetik, etxe azpitik bizikleta lapurtu zidaten. Bi sentimendu horiek uztartuta ekin nion liburu hau idazteari.
Gorren dantzalekua poesia liburuak barrua hustutzeko balio izan zizun. Honekin zer bilatu duzu?
Honetan ere bada halako hustutze bat, sentimendu batzuk kaleratzeko ariketa bat. Goizetik gauera bizikleta gabe geratu nintzen, eta haserrea baretzeko modu bat izan zen. Era berean, modu fiktizioan nire bizikleta non arraio egon zitekeen irudikatzen hasi nintzen. Burutapen horiek ipuin bat idazteko abiapuntu gisa har nitzakeela iruditu zitzaidan. Bestalde, bidean zetorren semeari kontatu nahi nion ipuina, beretzako idatzi nahi nuen.
Hustu ondoren, kargatzea tokatzen zitzaizula esan zenuen, zer kontatua izateko.
Bada, aitatasunak pilak ongi bete dizkit, zalantzarik gabe onerako. Haurdunaldia, semearen jaiotza eta haren lehen urteak aberasgarriak izan dira, eta bizipoz horrek askorako ematen du.
Irakurleari zerbait eragitea, zerbait sentiaraztea nahi zenuela esan zenuen aurreko lanarekin. Oraingoan publiko zorrotza aukeratu duzu.
Ez pentsa horrek beldurrik ematen ez didanik! Haurrak ez dira helduak bezain diplomatikoak, eta modu naturalean esango dizute ez dutela gogoko. Horrexegatik, ez ditut inozoak balira bezala hartu kontakizunean. Askotan uste dugu haurrak direlako ez dituztela zenbait gai ulertzen, eta hori ez da horrela. Kontua da gai horiek modu erakargarrian azaldu behar zaizkiela, eta ipuin honetan horretan ahalegindu naiz, edozein adinetako pertsonentzat bezala.
Zer sentiarazi nahi izan duzu liburu honekin?
Bizikidetza, elkartasuna, laguntasuna, kontsumismoa... Gaur egungo gizartea islatzen du liburuak, eta, zeharka bada ere, gizarte justuago baten aldarria. Neskatila bati bizikleta lapurtuko diote, eta batean eta bestean bila aritu ondoren, Gobernuz Kanpoko Erakunde baten eskuetan dagoela jabetuko da. Erakundeak, ordea, Gambiara bidali du bere bizikleta, beste bizikleta batzuekin batera, hango biztanleek aprobetxatu ditzaten. Pertsonaiak bizikleta itzultzeko eskatuko dio erakundeari gutun bidez, eta bueltan bere adin bereko neska gambiar batek erantzungo dio. Horrela, lagunarteko harreman bat mamitzen joango da bien artean.
Gorren dantzalekua idazteko umore beltza erabili zenuen; oraingoa zein aldarterekin idatzi duzu?
Egotekotan, umore zuria dago. Istorioa modu zintzoan dago kontatuta, inolako maleziarik gabe, baina badu kontzientzia eragiteko nahia. Bertako haurrek pentsa dezaten beste herrialdeetako haurrak nola bizi diren.
Biografikotik ba al du zerbait?
Istorioa idazteko abiapuntuetako bat bizikleta lapurtzearena izan zen. Etxez aldatu berriak ginen, eta handik astebetera izan zen. Handik gutxira jakin nuen Zarauzko udaltzainek urteetan jasotako eta jaberik gabeko bizikletak herrialderen batera bidaltzekoak zirela. Gainerakoan, ez dut uste biografikoa denik, nire bizikletak desagertuta jarraitzen baitu.
Eta ba al du Zarautzekin loturarik?
Lotura zuzena du, Zarautz bide gorriz marraztutako herri bat delako. Herritarrok normaltasun osoz erabiltzen dugu bizikleta batetik bestera joateko, eta hori fenomeno bakanetakoa da Euskal Herrian. Argitaletxekoek esan zidaten grazia egin ziela; nonbait haiek ere ezagutzen zuten Zarautzen eta bizikletaren arteko lotura hori. Ondoren, istorioa gorpuzteko Elkartasun Astea edo Zarauztik Mundura bezalako ekitaldiak baliatu ditut. Liburuan ez dut zehazten pertsonaia nongoa den, baina baten batek galdetu dit ea zarauztarra den.
Maite Mutuberriak egin ditu marrazkiak. Irudia-testua loturarekin gustura gelditu al zara?
Argitaletxekoek ilustratzaile batzuk proposatu zizkidaten, ipuinari ondoen egokitzen zirenak, eta horietako bat zen Maite Mutuberria. Egia esan, bere lana ezagutzen nuen, beste liburu batzuetarako egindako marrazkiengatik. Estetikoki gustu fina duela uste dut, sentimenduz beterikoa, eta nire libururako egin dituen ilustrazioak ere halakoak iruditu zaizkit. Benetan oso gustura nago emaitzarekin.
Poesia, narrazioa… Hurrengoa zer? Buruan beste proiekturik ba al duzu?
Hainbat proiektu ditut hasita: poemategi berri bat, haurrentzako beste istorio bat, helduentzako narrazio bilduma bat... Ideiak eta nahiak asko dira, baina ez dakit guztiekin ahal izango dudan, ezta argitaratzeko aukerarik izango dudan ere. Momentuz, idazten ari naiz, eta boladaren arabera, proiektu batetik bestera egiten dut jauzi. Ez dut presarik, baina ez dut bidean lo geratu nahi. Denborak jarriko du lan bakoitza bere tokian.