Garbiñe Biurrun (Tolosa, 1960) epailea, irakaslea, Demokraziarako Epaileak elkarteko kidea eta EITBko iritzi emailea da, eta Elan-Euskadi Gobernuz Kanpoko erakundeak biharko Getarian antolatu duen hitzaldian hartuko du parte.
Zergatik uste duzu izan dutela hainbesteko oihartzuna Jabier Maroto Gasteizko alkatearen hitzek?
Zaila da jakitea adierazpen batzuei hedabideetan zergatik ematen zaien horrenbesteko oihartzuna. Nire iritziz, topiko batzuetatik abiatzen delako gertatzen da hori: besteak beste, atzerritar batzuek legeari iruzurra egiten diotela eta ez dutela lanik egin nahi. Ordea, erakundeek datuak ematen dituztenean, konturatzen gara gauzak ez direla horrela; hala ere, ordurako ideia horiek kalean zabalduta daude, eta egiatzat hartzen dituzte herritarrek. Gainera, diru publikoa eskasian dagoen une honetan, badirudi herritarrok elkarren aurka jarri nahi gaituztela, ikaragarrizko tranpa eginez.
Gizartean jende askok pentsatzen zuena esan al du Marotok?
Ez dakit zenbat herritarrek pentsatzen duten horrela. Uste dut horrelako adierazpenen aurrean, ardura duten erakundeek erantzun azkarra eta zehatza eman behar dutela, benetako datuak plazaratuz. Datu horiek ezagutu eta gero gure pentsaerari buelta bat eman beharko genioke, argi baitago gure irudipena eta errealitatea, ez datozela bat. Ildo horretatik, Marotok esandakoa herritarren iritzia dela esateak maltzurkeria puntu bat ere badu.
Zergatik?
Oso erraz esaten delako, baina ezin delako frogatu; horregatik, ideia hori ere pixkanaka-pixkanaka finkatuz doa. Bestalde, uste dut giza eskubideen defentsa ez zaiola gehiengoari lotu behar: giza eskubideak ez dira erosten, ezta saltzen ere. Horren harira, oso ondo iruditu zait Eusko Jaurlaritzako sailburu Juan Mari Aburtok eman duen erantzuna; esan du herri honen duintasuna dagoela jokoan. Eta horrela da; giza eskubideak gizartearen ardura dira.
Orain arte politikariek ez dituzte modu horretako iritziak argitara eman izan. Kasualitatea al da orain iristea marokoarren eta aljeriarren aurkako iritziak?
Ez da kasualitatea, ez. Horri Europan zehar populismoa esaten zaio. Hau da, herritarren beharrak ezagututa, datuak manipulatu eta ideiak zabaltzea herritarrak nahasteko. Ezin dugu joko horretan erori. Denok herritarrak gara, besteon eskubideak eta duintasuna errespetatu behar ditugu eta ezin dugu geure ongizatea besteen ongizatearen gainean eraiki.
Marotoren adierazpen horien atzean islamofobia zantzurik antzematen al duzu?
Ez dakit islamofobia dagoen hitz horien atzean. Baina fobiaren bat badagoela, seguru nago. Berdintasunfobia, esango nuke nik: hau da, denok giza eskubide berak ditugula ezin jasan izatea. Nik uste dut hor dagoela gakoa; herritarren arteko desberdintasunak mantendu nahi ditzute, horri etekin politiko bat atera nahi diotelako.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide